Erreferenduma irabazita, bankuen zorra negoziatu nahi du Dublingo gobernuak

Hamar irlandarretik seik baiezkoa eman diote Europako Zerga Itunari, eta parte hartzea txikia izan da

Iker Aranburu.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Balizko arazo bat gutxiago Europako Batasunarentzat. Ezetz esateak izan zitzakeen ondorio ekonomikoekin beldurtuta, Irlandako herritarrek baiezkoa eman diote Europako Zerga Itunari. Alde handiz, gainera: %60,3k aldeko botoa eman dute, eta %39,7k aurkakoa. Erreferendumaren garaipena baliatu nahi du orain Enda Kenny lehen ministroak Alemaniari presio egin eta Irlandako bankuen erreskatea estatuaren zorretatik atera ahal izateko.

Sinismen handirik gabeko baiezkoa izan da irlandarrena. Parte hartzea txikia izan da—%50,3 baizik ez—, eta aldeko botoa ematen duten askok aitortu dute ezezkoa ematearen beldurrak bultzatu dituela baiezkoa ematera. «Hortzak estututa emandako baietza izan da», adierazi du Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak, ezezkoaren kanpainaren liderretako batek. SFrentzat erreferendum gazi-gozoa izan da: gazia, ezetzak galdu egin duelako, eta gozoa, berriz, bere alderdia neurritasunarekin haserre dauden askoren erreferentzia bilakatu delako. Inkesta baten arabera, SFk botoen %24 eskuratuko lituzke orain —duela urte eta erdi baino 14 puntu gehiago—, eta oposizioko alderdi nagusia bilakatuko litzateke. Alde ederra duela gutxira arte Irlandako Errepublikan oso bazterrekoa zen talde errepublikanoarentzat.

Alderdi Laboristaren kaltetan doa goraka, eta haren indarguneetan bereziki. Horrela, oso nabarmena izan da ezezkoak Dublingo eta Corkeko langile auzoetan eskuratu dituela emaitzarik onenak. Hor, eta SF indartsuen dagoen konderrian, Donegal ipar-mendebaldeko konderrian. Langile klaseak bere burua kaltetuta ikusten du, bera ari delako Dublingo gobernuaren murrizketak gehien pairatzen, zer eta etxegintzarekin erotu ziren bankuak salbatzeko.

ESMren aukera

Irlandak sekulako zorra hartu du bere bankuak zulotik ateratzeko, eta 2010aren amaieran 85.000 milioi euroko erreskatea jaso zuen. Dirua utzi ziotenek —Europako Batasuna eta Nazioarteko Diru Funtsa— eskatutakoa zintzo-zintzo betetzen ari dira Dublingo agintariak, eta beren asmoa da datorren urterako beren burua berriro nazioarteko merkatuetan finantzatzen hastea. Hori egiteko gai ez badira, ordea, ESM Europako Egonkortasun Funtsera jo beharko lukete. ESMren dirua jasotzeko baldintzetako bat, ordea, Zerga Ituna onartuta izatea da. Hori izan da, hain zuzen ere, baiezkoaren aldekoek gehien nabarmendu duten gaia.

Emaitzen berri jakitean, Enda Kenny taoiseach edo lehen ministroa pozik azaldu da: «Bere zailtasun ekonomikoak gainditzeko kemena duela erakutsi dio Irlandakmunduari». Kennyk espero du baiezkoak Alemaniaren bihotza bigunduko duela eta erreskatearen dirua itzultzeko baldintzak hobetuko dizkiola. Badu beste itxaropen bat ere: bankuen zuloa estaltzeko gastatu duen dirua estatuaren zorretatik atera ahal izatea. Hori gerta liteke, baldin eta Bankiaren arazoa dela-eta ESM aldatu eta zuzen-zuzenean bankuak berkapitalizatzeko baimena ematen badiote funts horri. Hori ari da eskatzen Espainia, eta jada Europako Batzordearen eta Europako Banku Zentralaren sostengua du. Kennyk aurreratu duenez, «bankuen zorraren kontuaz» hitz egin zuen atzo bertan, telefonoz, Angela Merkelekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.