Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak behartuta, EBko agintariek erabaki zaila zuten hartzeko azken bi egunotan Bruselan egin duten goi bileran. Greziaren moduan laguntza behar duten herrialdeak salbatzeko behin-behineko mekanismoa iraungitzen utzi -2013ko ekainaren 30ean amaituko da-, ala behin betiko egin, hori egiteak Lisboako Ituna aldatzea dakarrela jakinda ere. Azken horren alde egin zuten, euroaren egonkortasunak behar duela argudiatuta.
Beste arrazoi bat ere badago: Karlsruheko epaileen betoa eragotzi nahi dute. Hiri horretan du egoitza Alemaniako Auzitegi Konstituzional zorrotzak. Udaberrian ozta-ozta onartu zuen Grezia salbatzeko plana, baina iradoki du ez duela halakorik egingo behin-behinekoa dena iraunkor egin nahi bada. Beste estatukide batzuetan ere auzitegiek eragozpenak jar ditzaketela onartu dute agintariek.
Prozesu nahasia
Lisboako Ituna erreformatzeko erabakia logikoa bezain zaila da. Izan ere, oso prozesu luze eta nahasia da EBko 27 kideek hitzarmen bat aldatzea, eta ustekabeak gertatzen dira beti. Horien artean daude, esaterako, Herbehereek eta Frantziak erreferendum bitartez Europako Konstituzioari ezetza ematea -Lisboako Itunaren jatorrizko forma zen hura-, eta Irlandak ituna bera errefusatu izana. Azkenean, hamar urteko prozesuaren ostean, iazko abenduan sartu zen indarrean .
Buruko minak eragotzi nahian, Lisboako Itunari «aldaketa mugatua» egitea hitzartu zuten EBko agintariek, ostiral goizaldeko lehen orduetan amaitutako bileran. Herman Van Rompuy EBko presidenteak landu beharko du zuzenketa, eta abenduko goi bileran aurkeztuko die gobernuburuei. Europako Batzordeak salbamendu mekanismo iraunkorra nolakoa izan daitekeen proposatu beharko du.
Itunean asko jota «pare bat esaldi» aldatzeko eskatu dute EBko kide gehienek, hartara onespen prozesu luzeak saihestuko dituztelakoan. «Ez gabiltza hitz egiten Lisboako Ituna osorik irekitzeari buruz. Legezko argudioak eta arrazoi politikoak daude hala ez egiteko», laburbildu du Van Rompuyk.
Ituna aldatzeko prozedura laburtua bultzatzeko asmoa du Van Rompuyk. Horrek esan nahi du behin gobernuek aldatu beharreko esaldiak hitzartu ondoren, Europako Parlamentuak ezingo duela eztabaidatu: onartzeko ala atzera botatzeko aukera soilik izango du. Europako Batzordearen onespena ere beharko du, baina hori ez da oztopo izango. Benetako arazoa helduko da estatukideek aldaketa onartu behar dutenean, zer gertatuko den jakitea zaila baita. Agintari gehienek nahiago lukete prozesua oharkabean pasatuko balitz, eta parlamentuen oniritzia nahikoa izatea. Baina ez da baztertu behar, auzitegien erabakien edo iritzi publikoaren presioen ondorioz, herrialde batzuetan erreferendumak egin behar izatea.
Botoa kentzea, zaila
Abenduko goi bilerari begira beste lan bat ere eman diote Van Rompuyri, berriro ere Merkelen enkarguz. Alemaniako gobernuburuak eskatu zuen defizitaren mugak betetzen ez zituzten estatukideei boto eskubidea kentzeko. Proposamenak ezezko biziak eragin ditu, horien artean Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariarena: «Onartezina da, eta, gainera, ez da errealista».
Azkenean, ziur asko inora eramango ez duen konpromisoa hitzartu zuten EBko agintariek: Van Rompuyk «kontsultak» hasi beharko ditu estatukideekin proposamen horren inguruan, etaabenduko bileran eman beharko du haien berri.
Data
2013
Salbamendu funtsa. 2013ko ekainaren 30ean indargabetuko da finantza zailtasunak dituzten herrialdeak laguntzeko EBko kideek erabakitako 440.000 milioi euroko funtsa.Onartutakoak
EPEAKSeihileko europarra. Ahal dela, herrialdeetako kontuetangerta daitezkeen desorekak garaiz antzeman nahi ditu EBk. Horretarako, aurrekontu proiektuak urtearen lehen erdian igorriko dituzte Bruselara, Batzordeak eta beste estatukideek begirada bat eman diezaieten.
ZIGOR PROZEDURAK
Desoreka guztiak kontrolpean. Defizit publikoaren bilakaera ez ezik, beste desoreka makroekonomikoak ere zainduko ditu Europako Batasunak: lehiakortasun galerak, etxebizitza edo finantza burbuilak... Bruselak arazo horiek zuzentzeko aholkuak emango ditu, eta zigorrak eskatuko ditu estatukide batek betetzen ez baditu. Isunei buruzko erabakiak estatukideek hartu beharko dituzte.
Zorrarekin, adi. Egonkortasun eta Hazkunde Itunak esan arren estatukide batek ezin duela bere barne produktu gordinaren %60tik gorako zorra izan, errealitatean irizpide hori alde batera utzi da orain arte. Herrialde batzuek ez dute inoiz bete -Italiak eta Belgikak-, edo ia inoiz beste batzuek-Frantziak-. Aurrerantzean, zorraren bilakaerarekin ere adi izango dira, eta zigorrak ekar ditzake.
ISUNAK
Badaezpadako isunak. Behin krisia igarota, defizitaren muga berriro BPGaren %3an izango da, eta zorrarena %60an. Baina muga horietara iritsi gabe ere, herrialde batek gastuaren «desbideraketa» handia erakusten badu, zenbait zigor ezarri ahal izango zaizkio.
Zigor automatikoagoak. Mugak gainditzen dituzten estatukideei automatikoki isunak ezartzea nahi zuten Alemaniak, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak. Baina Frantziaren sostenguaren truke, Berlinek amore eman du. Batzordeak isunak proposatuko ditu, eta aurrera egingo du estatukideen gehiengo batek blokeatzen ez badu.
SALBAMENDUA
Mekanismo iraunkorra. Lisboako Ituna aldatuko dute, estatukide batek zorrak pagatzerik ez badu hari laguntzeko prozedura finkoa izan dadin.