Erreforma azkarrak agindu dizkie Zapaterok enpresei

Espainiak ez duela erreskaterik beharko ziurtatu die gobernuak Moncloan bildu diren enpresaburuei

Erredakzioa
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Krisiari aurre egiteko ekimena bere esku dagoela islatzeko argazkia lortu nahi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak. Eta badu: Hego Euskal Herriko eta Espainiako 37 enpresa handienetako buruzagiak mahai batera bildu zituen atzo Moncloan, gobernuaren hurrengo pausoak zeintzuk diren azaldu, eta haien eskutik ekarpenak jasotzeko asmoz.

Garrantzitsuena irudia zela argi geratu zen Zapaterok bileraren ondoren egin zuen agerraldian. «Konfiantza indartu dugu», ziurtatu zuen presidenteak, Espainiako ekonomiarentzat gogorra izan den aste baten ondotik. Irlanda erreskatatzeko ekimenek ez dituzte inbertitzaileak lasaitu, eta Espainiarenganako mesfidantza areagotu da azken egunotan. Merkatuei mezu bat adierazi nahi zieten, besteak beste, Moncloako bileraren bidez.

Mezuari dagokionez, azken egunetako estrategiari eutsi zion. Espainiako Gobernuak esku artean dituen erreformak azkartzeko borondatea duela berretsi zien Zapaterok enpresaburuei. Horietako bi nabarmendu zituen. Alde batetik, aurrezki kutxak bateratzeko prozesuak abenduaren 24a baino lehen amaituko dira. Bestetik, pentsioen erreforma 2011. urteko lehen hiruhilekoan Kongresura eramango duela ziurtatu zuen, eta, horretarako, asteon egoerari buruzko txostena eskatuko dio Toledoko Itunari.

Europak duen krisiaren inguruan, Espainiak ez duela inolako erreskaterik beharko azaldu zien Zapaterok enpresetako ordezkariei. Horren haritik, gobernuak gastu publikoa jaisteko eta defizita mugatzeko hartu dituen neurriak bururaino eramateko konpromisoa azaldu zien. Presidentearekin batera, bileran izan ziren Alfredo Perez Rubalcaba eta Elena Salgado presidenteordeak.

Bilerak lau ordu iraun zuen, eta «oso erabilgarria» izan zela ziurtatu zuen Zapaterok bukatu eta gero. Ordezkaturik zeuden enpresek Espainiako BPGaren %40 inguru dutela nabarmendu zuen presidenteak. Inbertsioa errazteko eta bultzatzeko neurriak ere iragarri zituen gobernuak.

Bi enpresa ez ziren agertu

Zapateroren ezohiko deialdiak ikusmin handia piztu du aste osoan. Azkenean, 39 enpresatako ordezkariak deitu zituen Moncloara, eta bik baino ez zuten kale egin, Cepsak eta Mercadonak. Taldean Hego Euskal Herriko lau enpresa garrantzitsuenetako buruzagiak egon ziren. Francisco Gonzalez BBVAko presidentea, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolakoa, Jose Maria Aldekoa Mondragon taldekoa eta Jorge Calvet Gamesakoa. Ia enpresa guztiek presidentea bidali zuten, eta sektore ekonomiko nagusienak ordezkaturik zeuden: finantzak, banaketa, turismoa, eraikuntza eta energia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.