Lau egun behar izan dituzte Greziako alderdi nagusiek lehen egunetik gehien aipatzen zuten gobernuburu berriaren inguruan ados jartzeko. Lukas Papademos izango da Greziako lehen ministro berria. Otsaileko hauteskundeen aurretik erreformen bidea sakontzeko lana izango du Papademosek, EB Europako Batasunaren eta NF Nazioarteko Diru Funtsaren 130.000 milioi euroko bigarren erreskateari atea irekitzeko.
Gobernua gaur eguerdian osatuko dute. Ikusteko dago zein neurritaraino izango den Papademosek nahi zuen gobernu teknokratikoa, Greziako bi alderdi nagusiek —Pasok sozialdemokrata eta Demokrazia Berria kontserbadorea— kideak izango dituztelako eta, otsaileko bozak buruan, hartuko dituen neurri gogorrekiko distantzia hartzeko tentazioa izango dutelako.
KKE alderdi komunistak eta Siriza ezkerreko koalizioak, berriz, ez dute parte hartuko, ez daudelako ados Europak behartutako neurri murriztaileekin, eta greziarren haserrearen botoak biltzea espero dutelako.
Gobernu berriak ez du tarte handirik izango. Batetik, EBko, EBZ Europako Banku Zentraleko eta NDFko adituak gain-gainean izango dituelako gastu publikoa gutxitzeko, zergak handitzeko eta pribatizatzeko asmoak bete egiten direla ziurtatzeko. Eta, bestetik, Papademosek eta alderdi nagusiek hitzeman dutelako neurri horiek indarrean jarriko dituztela. Lehen lana izango da neurri horietako batzuk parlamentura eramatea, horiek gabe EBk eta NDFk ez baitizkiote utziko abenduan porrot ez egiteko behar dituen 8.000 milioi.
Papademosek Europako agintarien sostengua dauka, EBZko lehendakariorde izan baitzen 2002tik 2010era. Greziako banku zentraleko buru gisa, drakmatik eurora arteko trantsizioa egin zuenetako bat izan zen, eta orain bere lana izango da ziurtatzea ez duela kontrako bidea egiten. Atzo, kargua hartu ondoren egindako lehen hitzaldian, euroari eusteko deia egin zuen: «Ziur nago gure herrialdea euroan egoteak finantza egonkortasuna bermatzen diola gure herrialdeari, eta oparotasun ekonomikoari laguntzen diola».
Baina azken bi urteotan egonkortasun eta oparotasun horren arrasto gutxi somatu dute Greziako herritar gehienek, eta errua Europari ere egozten diotenez, askok ez dute begi onez ikusiko EBri hain estuki lotutako agintaria gobernuburutzan egotea.
Azken asteotan, Georgios Papandreuren gobernuaren inguruan krisi politikoa sakontzen zen bitartean, kaleko presioa zertxobait arindu da. Baina Papademosek neurriak bultzatu ahala, litekeena da manifestazioak eta grebak berriro piztea. Giro txar horretan lagunduko du ekonomiaren okertzeak ere. Atzo zabaldu zutenez, abuztuan langabezia tasa ofiziala %18,4ra igo ze, uztaileko %16,5tik. Milaka langile publikoen kaleratzeak bultzatu du langabezia. Ekonomiak atzeraldian jarraitzen du: %5,5 uzkurtuko da aurten, EBk uste duenez.
Zorraren krisia
Erreformak egiteko konpromisoarekin hartu du kargua Lukas Papademosek
Greziako lehen ministro berriak Europaren sostengua du, eta euroari eutsi nahi diola ziurtatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu