Asko jota, bi aste barru izango du prest Espainiako Gobernuak lan merkatuaren erreforma. Gizarte eragileen akordioarekin edo hura gabe onartuko duela esan du Jose Luis Rodriguez Zapaterok, baina berdin-berdin esan zezakeen sindikatuen oniritzirik gabe onartuko duela. CEOEk ere ez du ezer sinatzeko behar handirik; erreformak mesede egingo diola badaki, eta horregatik ari zaio xaxatzen Madrilgo gobernuari erabakiak har dezan.
Inor gutxik espero du akordioa izatea, zaila baitirudi CCOOk eta UGTk beren sinadura jartzea kaleratze merkeagoa ekarriko duen kontratu bati, haien onespenik gabe ere aurrera egingo duela jakinda. Hortaz, hilabetea amaitu aurretik greba orokorrera deitzeak ez du inor harrituko.
Lan merkatuaren erreformak zale asko ditu, batez ere haren ondorioak pairatu behar ez dituztenen artean. Espainiako lan merkatua aldatu egin behar dela mantra bat balitz bezala errepikatzen ari dira azken urteotan Europako Batzordea, EBZ, nazioarteko erakundeak eta atzerriko prentsa. Ahobatekotasun horrek zer pentsatua ematen du. Interes ekonomiko jakin batzuen defentsa ala kanpotik gauzei begiratzeak ematen duen perspektiba egokia? Erantzuna edozein izanda ere, langabe kopuruari begiratzea nahikoa da ohartzeko zer konpondu egon badagoela: azken 30 urteotan bi urtez soilik egon da %10etik behera, eta eraikuntzaren boomagatik izan zen.
Erreformarekin langabezia gutxituko dela sinetsarazi nahi dute. Hala balitz, gaitz erdi; baina orain arteko esperientziak ez du baikor izateko aukera handirik ematen. Izan ere, Espainiako Gobernuak 1984ko erreformarekin lan merkatuaren malgutasunari atea ireki zionetik langabezia tasa ez da jaitsi: %21eko langabeziarekin bukatu zuen Espainiak 1984a... eta %20,5ekin hasi du 2010a. Datuak hobeak dira Hego Euskal Herrian: %20,3tik %10,9ra jaitsi da (INE), eta orduan baino 400.000 lagun gehiago daude lan merkatuan, baina 1984a industria birmoldaketaren garairik okerrena izan zen.
1984ko erreformak kontratazioaren behin-behinekotasuna handitu zuen, nabarmen, eta 1994, 1997, 2001 eta 2006koek ez dute ekarpenik egin arazo hori konpontzeko.
Erreformak, mantrak eta datu egoskorrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu