Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren aurka «fronte bateratua» osatzeko proposatu diote Euskadiko CCOOk eta UGT-Euskadik ELAri eta LABi. Sindikatu abertzaleen erantzunari ez diote itxarongo, ordea: igande honetan hiriburu guztietan manifestatzera deitu dute CCOOk eta UGTk.
Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eta Damaso Casado UGT-Euskadiko buruak oso hitz gogorrak izan zituzten lan erreformaren aurka, atzo Bilbon egindako agerraldian. Azken hamarkadetan onartutako erreforma «bortitzena» da, lan zuzenbidearen aurkako «luku-bonba», langileen eskubide guztiak «banan-bana» bortxatzen dituena.
Sordoren hitzetan, enpresaburu «atzerakoienen» aldeko «jarrera ideologikoa» hartu du Espainiako Gobernuak. Erreformaren bidez, «enpresaburuak esaten duena egingo da, egin nahi duen moduan, esaten duen unean eta esaten duenera arte». Horrek enpleguaren suntsiketa «bizkortuko» duela uste du, gatazka handiak sortuko ditu enpresetan eta lan karga handituko du auzitegietan, langileek haietara joko baitute enpresek beraien adostasunik gabe kaleratzen badituzte. Gainera, CCOOko idazkari nagusiak ziurtatu du erreforma«atzerriko boteren aginduetara» egindakoa dela, eta horren ondorioz Espainiak «ia-ia esku-hartutako herrialde baten itxura» ematen duela.
Ildo beretik mintzatu da Casado ere. «Erreforma ez da bidezkoa langileentzako, ez da eraginkorra ekonomiarentzako eta ezgauza da enplegua sortzeko». Horregatik kalera ateratzeko deitu die langileei, langabeei, ikasleei eta erretiratuei, eta mobilizazio «gogorragoak» agindu ditu erreformak aurrera egiten badu. «Oker dabil gobernua igandean milioika lagun kalera ateratzen badira eta ez badu ezer egiten», gaineratu du Sordok. Bide horretan ELAren eta LABen laguntza eskatu du Casadok, «sindikatuen bereizketak langileei egiten dielako kalte».
Raxoiren erantzuna kritikei
Sindikatuen kritiken aurrean, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak lan erreforma defendatu du. «Egia da patronalek eta sindikatuek botere asko galduko dutela, baina guk jendearentzat gobernatu behar dugu, langileentzat», esan du Kongresuan. PSOEren gobernuak egindako azken erreformak «ezertarako ez» zuela balio izan ziurtatu du, baina aldi berean onartu du bere gobernuak erabakitakoek ez dutela «epe motzean ondoriorik izango».
Erreformaren aurka batera aritzea eskaini diote CCOOk eta UGTk ELAri eta LABi
Mariano Raxoik aitortu du «langileentzat» egindako aldaketek ondoriorik ez dutela izango epe laburrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu