asolinaren prezio igoerak direla eta, kontsumitzaileek kezkatuta daudela onartu dute.
Agustin Hondartxiki hernaniarrak, esaterako, urte hasieran bere kotxearen depositua 45 eurorekin betetzen zuen eta orain, berriz, 56 euro behar ditu. Ohituta egon arren umore txarrez hartzen du gasolinaren prezioa igotzea. «Kotxea beharrezkoa da eguneroko gauzetarako, beraz, ordaindu eta kito. Zer egingo dugu bestela, deposituari su eman?» galdetzen du hernaniarrak.Joxe Mari Ugalde eta Asier Tapia, Irurain eta Larramendi gasolindegietako langileak bat datoz Hondartxikirekin. «Jendea aspertuta dago jada hainbeste igoerarekin, etsipenez hartu, ordaindu eta alde egiten dute», adierazi dute bi langileek. «Beste bezero batzuk gusturago ordainduko lukete igoera hori bertako langileen soldatan ere nabamenduko balitz» dio Larramendiko Tapiak. Alde handirik ez dagoen arren, gasolindegi guztietan erregaiaren prezioa ez da bera, gutxiengo eta gehiengo baten tartean daudela onartu du Ugaldek. «Hilabete hasieran depositua goraino betetzen dute, baina hilabete erditik aurrera hori aldatu egiten da. Inorentzat ez da bera izaten hilabete hasiera eta bukaera», azaldu du. «Prezio igoera horiek kontsumoa murriztuz gero, ingurumenaren mesederako izango da», gaineratu du.«Espainiako Gobernuak hainbeste igoerarekin lortuko duen gauza bakarra erregaiaren kontsumoa jaistea izango da, eta energia berriztagarriekin dabiltzan autoak erosten hasiko gara», gaineratu du Iruraingo langileak. Hala ere, salmentek berdin jarraitzen dutela ziurtatu dute Ugaldek eta Tapiak. «Orain abuztuan gaudenez, jende asko oporretara joan da eta lan gutxiagorekin gabiltza. Hori da nabaritu dugun jaitsiera bakarra» argitu du Tapiak. Bezero eta langileen ustez, errudun bakarrak «agintariak» dira. Urtero, garai berean, gasolinaren prezioarekin espekulatu egiten dutela salatu dute. «Abuztuan kontsumoa handitu egiten da, oporrak direlako eta alde batetik bestera gabiltzalako. Beraz, gastuek ere gora egiten dute. Orduan igotzen dute gasolinaren prezioa eta irailean berriz ere igoko dutela ziur nago» dio Hondartxikik. Hernaniarrak galdetu du ea «zenbateko irabazia izango duen agintaritzak gasolinaren zerga berezia 8 zentimotan igoz gero».
ERREGAIA. Ordaindu, aukerarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu