Erregulazio berriak apirilean ere jaitsi egin dira

3.021 langileri eragin diete erregulazioek; 2008ko urriaz geroztik kopururik txikiena da, iazko iraila kenduta

Donostia
2010eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Azkenaldiko daturik onenak utzi ditu apirilak, enpleguari dagokionez. Langabeziak azken bi urteetako jaitsierarik handiena izan du Hego Euskal Herrian, 5.206 langabe gutxiago zenbatu baititu Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Eta baimendutako enplegu erregulazioen eta haiek eragindako langileen kopurua ere azken urte eta erdiko txikiena izan da, iazko iraileko datuak albo batera utzita -udan mugimendu txikiagoa egoten da-. Hain zuzen, 167 erregulazio onartu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta 3.021 langileri eragin diete neurri horiek.

Atzo eman zituen apirileko datuak Eusko Jaurlaritzak. 154 enpresak aurkeztu dituzte dosierrak. Horietatik 149 baimendu ditu, bat ukatu eta beste lau kasutan espedientea aurkeztu ostean atzera egin du enpresak. Baimendutako erregulazioen erdiak, 75 zehazki, berritzeak edo bigarren espedienteak izan dira, eta 1,449 langileri eragin diete. Beste 74 dosierrak, berriz, berriak izan dira, eta 1.182 laguni eragin diete. 2.606 langileri aldi baterako eten diete kontratua, 95i behin betiko eta 30i lanaldia murriztu diete.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan enplegua erregulatzeko 1.396 dosier daude indarrean, eta 29.873 langileri eragiten diete. Horietatik 625 bigarren espedienteak dira, eta 15.604 langile daude haien eraginpean. Eusko Jaurlaritzak ontzat eman ditu apirileko datuak, urte hasieran sumatutako beheranzko joera berresten dutelako. Haren esanetan, iazko urtarrilaren lehenaz geroztik, 1.098 enpresak utzi diote erregulazioan egoteari, eta 33.327 langile euren lanpostuetara itzuli dira, espedienteak gaindituta.

Nafarroan ere joera bera

Nafarroan, berriz, hogei enpresak aukeztu dituzte dosierrak. Horietatik hemezortzi baimendu ditu Lan Departamentuak, bat ukatu eta beste batean enpresak berak egin du atzera. Onartutako lau espedientetatik hiru kontratuak aldi baterako etetekoak izan dira, eta 225 langileri eragin diete. Beste 65 langile, ostera, kalean geratu dira kontratuak behin betiko eteteko hiru dosier tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.