Erregulazio espedienteek eragindako langileen kopurua erdira murriztu da

Jaurlaritzako Lan Sailak 30 langile kaleratzeko baimena eman dio TS Fundicionesi; hark 75 bidali nahi zituen

TS Fundicioneseko langileek kaleratzeen aurka egindako protesta bat. BERRIA.
Miren Garate.
Donostia
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Krisiak ohiko bihurtu duen hitzen bat baldin badago, espediente da hori. 2009an hitzetik hortzera ibili zen langileen artean. Eta 2010an ere hala izan zen, maila apalagoan, dena den. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek aurkeztutako 1.993 erregulazio espediente onartu zituen iaz Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak; 35.426 langileri eraginzieten haiek. 2009an, 2.565 izan ziren onartutako dosierrak, eta 68.772 pertsona egon ziren erregulazioan, Urtebetean, %48 jaitsi da kopurua, beraz.

Abendu amaieran, 939 espedientek jarraitzen zuten indarrean, eta 16.995 langile zeuden erregulazioan. Horietatik gehienak,15.604 hain zuzen, aurrez ere egonda zeuden egoera horretan. Izan ere, 939 espedienteetatik 579 aurreko baten segida ziren. Urte amaiera ez da ona izan lan merkatuan. Otsailaren atzetik, abenduan baimendu zituen Lan Sailak espediente gehien: 249. Horietatik 220 epe baterako kontratua eteteko ziren, zortzi kontratua amaitzeko eta 21 lanaldia murrizteko. Aipagarria da lan erreformaren ostean igo egin direla lanaldia jaistea eskatzen zuten dosierrak.

Sektoreka, industriakoak dira erregulazioan dauden langile gehienak, %61hain zuzen; zerbitzuetakoak %24, eraikuntzakoak %11 eta lehen sektorekoak %4. 2009an, %72 ziren industriakoak.

Jaurlaritzak emandako datuen artean dauden Zestoako (Gipuzkoa) TS Fundicioneseko langileak.2009koetan ere agertzen ziren, eta aurten ere agertuko dira. Lan Sailak atzo jakinarazi zuen 30 langile kaleratzeko baimena eman diola enpresari. Lanean jarraituko dutenek zein baldintza izango dituzten ez dakite langile batzordekoek, eta «edozer» gerta daitekeela diote.

Berez, 75 pertsona bidaltzeko eskatu zuen zuzendaritzak, eta 125 pertsonako lan taldearekin geratzea. Lan Sailak haren egoera aztertu ostean, onartu du enpresaren lan karga eta diru sarrerak asko murriztu direla. Hala ere, langile bakoitzak 115,33 kiloko ekoizpenari eutsi ahal izateko, 125 langile gutxitxo direla iritzi dio.

TS Fundicionesen egora nabarmen aldatu da azken hiru urteetan. 2007an, haize errotetarako osagaietan munduko ekoizlerik handienetakoa zen, merkatu kuotaren %15 baitzuen. Ordura arte zuten lantegian kabitu ezin, eta berri bat eraiki zuten herriko beste industriagune batean, 36 milioi euro inbertituta. Urte hartan, 150 langiletik 300era handitu zuten taldea, 55 milioi euro fakturatu zituzten, eta Gipuzkoako enpresaburu onenaren saria eman zioten Aingeru Aizpuru presidenteari.

Gainbehera azkarra

Iazko apirilean enplegua erregulatzeko neurriak hartzen hasi zen enpresa. Lehendabiziko dosier hark langile guztiei eragin zien, sei hilabetez. Hura bukatzerako enpresak prest zuen bigarrena. Aldi baterako langileak kaleratu zituen aurrena; eta «kausa objetiboak» arrazoituta 25 langile finko hurrena.

Bigarrena amaitu baino lehen iragarri zuen zuzendaritzak hirugarren bat indarrean jartzeko asmoa, tartean 75 kaleratzerekin. Langileek hainbat protesta egin dituzte egoera salatzeko.Kaleratzeak saihesteko, soldatak%7 murrizteko ere prest agertu ziren. Espediente kopuruari buruzko datuak ematean, Jaurlaritzak nabarmendu du baimendu dituenen %89 langile batzordearen oniritziarekin izan direla. Ez da hori TS Fundicionesen kasua. Ez zuten akordiorik lortu bi aldeek, eta langile batzordearen sinadurarik gabe aurkeztu zuen espedientea zuzendaritzak.

Kaleratuak izanagatik, langabezia saririk ez dute jasoko hainbat langilek, haibeste denboran erregulazioan egoteagatik, zegokien guztia dagoeneko xahutu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.