Erregulazioa hitzartu dute Mercedeseko gehiengo sindikalak eta enpresak

Volkswagenek bost eguneko enplegu erregulaziorako dosierra aurkeztu du Landabenen

IVAN SANTAMARIA / JOXERRA SENAR
2009ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Arabako enpresa handiak krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari dira oraindik ere. Atzo, Mercedeseko zuzendaritzakakordiorako oinarri bat lortu zuen, Langile Batzordean gehiengoa duten sindikatuekin (CCOO, UGT, LSB eta Ekintza).

Mercedesek 70 egunerako erregulazioa proposatu zuen Gasteizko lantegirako. Atzo laugarren bilera izan zuten enpresako ordezkariek Batzordea osatzen duten sindikatuekin. Bilera horretan akordiorako oinarri bat lortu zuen zuzendaritzak gehiengoa duten lau sindikatuekin.

Oinarri horren arabera, lan itunak onartutako malgutasuna handituko da, hamazortzi egunetik 25era. Era berean, oporraldiak egokitu beharko dituzte langileek. Aste bat izango dute SanJoseeta San Prudentzio jaietako zubien harira, eta beste aste bat Gasteizko jaiekin batera (abuztuan, 4tik 9ra). Halaber, bi aste jarraian izango dituzte ekaina eta iraila bitartean.

Erregulazioa ez zaie ezarriko 53 urte baino gehiago dituzten langileei. Hori dela eta, Mercedesen ari diren 500 bat lagun ez dituzte etxera bidaliko, eta 2.800 langileri kontratua behin-behinean etengo diete.

Ituna babesten duten sindikatuen aburuz, erregulazioa atzeratzea lortu dute, eta, beharrezkoa balitz, opor garaien aurretik edo ondoren egiteko konpromisoa hartu du autogileak. Erregulazioa ezartzen den egunetan, gainera, langileen soldata gordinaren %80 bermatuko luke enpresak, ordain garbiaren %91.

ELAk eta LABek itunaren edukia kritikatu dute. ELAk salatu du langileei ez zaiela hitza eman proposamenari buruz erabakitzeko. Akordioa babestu ez badu ere behin betiko jarrera afiliatuekin, hitzartuko du hilaren 21ean. LABen irudiko, akordio horren atzetik enpresaren «xantaia» dago. «Malgutasuna handitzea lortu du osagarri ziztrin batzuen truke».

Urtea hasi zenetik eskura dituen malgutasun neurri guztiak ezartzen ari da Mercedeseko zuzendaritzak. Langileak urtarrilaren 20an itzuliko dira Gabonetako etenalditik, baina otsailean produkzioa berriro ere gelditu egingo da, eta orduan soilik zortzi egunez lan egin beharko dute.

7.800 auto gutxiago

Orain arte, Landabengo VW salbuespena izan da, eta autogile handiek ez bezala, ez du enplegu erregulaziorik aurkeztu. Hala ere, atzo, zuzendaritzak langileen batzordeari jakinarazi zion bost eguneko dosierra aurkeztuko duela. Helburua da uneotan duen gainprodukzioa murriztea.

«Orain arte VWk ez digu inolako informaziorik igorri. Haren politika izan da ez dela ezer gertatzen». Benito Uterga batzordeko LABeko ordezkariak adierazi du oraindik ez dakitela zenbat langileri eragingo dien, baina guztiei eragingo diela susmatzen du. Gaur informazio bilera izango dute zuzendaritzarekin eta xehetasun gehiago jakingo dituzte. Dena den, kexu azaldu da VWrekin, eta gainprodukzioa doitzeko kostua «behingoz» bere gain hartu beharko lukeela uste du.

Izan ere, Polo auto eredu berria ekoizten hasi aurretik 7.800 auto gutxiago egitera behartua dago multinazionala,salmenten beherakadaren ondorioz. Hori egiteko,lan hitzarmenean langileek zazpi eguneko itxiera hitzartua dute, eta dosierra onartuko balitz, horrek esan nahiko luke hamabi egunez itxita egongo litzatekeela Landabengo fabrika. Utergak azaldu du,gainera, langileek soberan dituzten atseden egunak «nahierara» kokatu dituela enpresak, baita opor egunak ere.

Gainontzean, Utergak uste du dosierra onartzen bada langileei ez diela inork ziurtatuko antzeko neurria hartuko ez dituenik enpresak. Langileen batzordea atzo dosierraren aurka azaldu zen, eta «ordezko neurriak» eskatu dizkio VWri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.