Gizarte politika

Errenta bermatua, aurrera

Foru legea onartu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; UPNk, PSNk eta PPk, aldiz, kontra egin dute. 

Gaur goizean egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ
joxerra senar
2016ko azaroaren 3a
08:50
Entzun

"Lege on bat da: egun posible den legerik onena da", nabarmendu du Geroa Baiko Isabel Aranburuk. EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako eledunek ere nabarmendu dute gaur onartutako legearekin egungo eredua irauli eta urrats bat aurrera egin dutela. "Orain arte ezarritako norabidearen aurka jarri ditugu esku artean ditugun baliabideak", azpimarratu du Ezkerrako Jose Miguel Nuinek.

Martxoaren hasieran iragarri zuen akordioa laukoak. Zortzi hilabeteren ostean, gizarte eragile eta adituekin kontsultatu eta, azkenik, parlamentutik iragan ostean, gaur onartu da errenta bermatuaren legea.

Egun Nafarroan jasotzen den gizarteratzeko errentarekin alderatuta, errenta bermatua jasotzeko baldintzak leundu egingo dira, eta, besteak beste, haurrak bere gain dituzten familiei kopuruak handituko zaizkie 1.200 eurora arte. Dena den, norbanakoek egun jasotzen duten 655 euroekin alderatuta, 600 eurora murriztu da.

Horregatik, gaur goizean oinarrizko errenta denontzat lelopean protesta egin dute parlamentu aurrean. Besteak beste, errenta bermatua ez dela nahikoa eta krisiaren erantzulea kapitala dela oihukatu dute.

"Ez da amaiera, zerbaiten hasiera baizik"

Osoko bilkuraren eztabaidan, laukoak azpimarratu du legeak pobrezian erortzeko pertsonei erantzungo diela eta orain arteko errentarekin alderatuta estaldura hobetu dela.

EH Bilduko Asun Fernandez Garaialdek azpimarratu du inoren egoera administratiboa aintzat hartu gabe pertsona orori erantzungo diola. "Egun hitzartu dezakegun legerik onena da. Ez da ezeren amaiera, zerbaiten hasieran baizik". Haren hitzetan, behin onartuta, orain giza eta finantza baliabideak jarri behar dira legea garatzeko.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek nabarmendu du bere taldea pozik dagoela eta bere egiten duela, "nahiz eta itzalak izan". Builek azpimarratu du aurreko legealdian errenta unibertsala aldarrikatzen zutela kalean. Haren hitzetan, egungo legea "orain arteko sistema burokratikoaren eta errenta unibertsalaren arteko zerbait da". Haren ustez, burokrazia murriztuko du, eta pertsona askoren egoera hobetu.

UPNko Isabel Garcia Maloren arabera, ordea, "eredu txarra" da laguntzetan jartzen duelako azpimarra. Haren esanetan, urrats bat atzera egin da legeak eskubideen garapena plan estrategiko baten eskuetan uzten duelako eta herritarrek ezingo dute auzitegietan eskubiderik aldarrikatu. Garcia Malok kritikatu du legeak ez duela aurreikusi bere kostu ekonomikoa.

Geroa Baiko Isabel Aranburuk nabarmendu du legeak ez duela bereizketarik egiten, eta pertsonak berdin tratatzen dituela. Azaldu duenez, errenta jasotzeko eskubideaz gain gizarteratzeko eskubidea ere jasoko du, baina eskubide bikoitz hori ez da aldi berean emango. Lan merkatuan egongaiztasuna nagusitu bada ere, pobreziatik ateratzeko ardatz nagusia enplegua da:  "Gizarteratze behartuak inoiz ez du funtzionatu". Aranbururen arabera, onuradunek bere eskuetan dagoen guztia egin beharko dute gizarteratzeko betebehar gisa.

PSNk, berriz, esan du onartu den ereduak laguntza ekonomikoari bakarrik jarriko diola arreta. PSNko Nuria Medinaren arabera, "legeak ez du anbiziorik".

Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, desberdintasun sozialen aurkako borrokan "hitzetik ekintzetara" pasatu da laukoa.

PPko Ana Beltranen arabera, beste lurraldeetan bizi diren herritarrak Nafarroara erakarri ditzake, eta era berean, onuradun batzuen "iruzurraz" ohartarazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.