Datorren urtetik aurrera aplikatu nahi duen zerga erreforma aurkeztu du Helena Franco Ogasun diputatuak Batzar Nagusietan. 93 milioi euro gehiago lortu nahi ditu: 54,2 milioi errenta zergan aldaketak eginda, 27,5 milioi ondare zerga berreskuratuta eta 11,3 milioi ondorengotza zergarekin. Iragarritakoak «neurri partzialak» direla azaldu du, eta gaineratu datorren urtean «erreforma sakonagoak» egin beharko direla. 2012an, sozietate zerga aldatzea izango da diputazioaren lehentasuna.
Errenta zerga
Batez beste, 135 euro gehiago ordainduko ditu gipuzkoar bakoitzak errenta zergaren aldaketarekin. Zatirik txikienetan apenas igarriko den aldaketa; errenta handienetan eragin handia izango du. 10.000 euro arteko irabaziak aitortzen dituztenek euro bat gutxiago ordaindu beharko dute; 10.000 eta 20.000 euro aitortzen dituztenek lau euro gutxiago; eta 20.000 eta 30.000 euro artean ordaintzen dituztenek 44 euro gehiago. Hiru gipuzkoarretik bik 30.000 eurotik beherako errentak aitortzen dituzte; ondorioz, gehienei gutxi eragingo die aldaketak.
«Errenta altuenetan izango du eragina», esan du Francok. Bi tarte berri ezartzea izango da aldaketetako bat: 120.000 eurotik gora %47ko zerga tasa aplikatuko da, eta 175.000 eurotik gora %50ekoa. 6.812 euro gehiago ordaindu beharko dituzte azken horiek. Orain arte, 62.000 eurotik gorako guztiek %45eko tasa zuten.
Aurrezpenaren oinarrian tasa berri bat jarriko da: 1.500 euroraino %20koa, hortik aurrera, %24koa. Orain arte guztiei %20koa aplikatzen zitzaien. Etxebizitza erosteagatik egiten diren kenkariak ere murriztu nahi ditu Ogasun Sailak. Orain artean %18ko murrizketa egiten zen; aurrerantzean, %15ekoa.Gehienezko kopurua 2.160 eurotik 1.500 eurora jaitsiko da. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetara egiten diren ekarpenek ere izango dute muga. 5.000 euro jarri ahal izango dira gehienez ere; lehen, 8.000 euro. Neurri horren bidez 35,7 milioi euro aurreztuko ditu Ogasunak. Izan ere,entitate horietarako egindako ekarpenek zerga oinarria murrizten dute, eta, ondorioz, baita errenta aitorpenean ordaindu beharrekoa ere.
Ondare zerga
Ondare zerga berreskuratu egin nahi du Gipuzkoako Diputazioak, «2008an indarrean zegoen moduan, baina aldaketa batzuekin». 600.000 eurotik beherako ondareak salbuetsita egongo dira ordainketatik. Kopuru horri beste 300.000 euro gehitu beharko zaizkio ohiko etxebizitzagatik. 5.218 zerga ordaintzaileri eragingo die aldaketak, eta 27,5 milioi euro lortuko ditu Ogasunak.
Ondorengotza zerga
Ondorengotza zergarako tasa finko bat jartzea proposatu du Francok: %1,5ekoa. 220.000 eurotik beherako herentzietan ez da aplikatuko, eta senide zuzen artean egondako herentzien salbuespena kendu egingo da. 11,3 milioi euro lortu nahi dira ondorengotza zergarekin.
Harmonizazioa
Francok esan du Gipuzkoako Diputazioa hasieratik saiatu dela Araba eta Bizkaiarekin «ahalik eta harmonizaziorik handiena lortzen». Mugimendurik ez zegoela ikusita, Gipuzkoak erreformei bere kasa ekin dien arren, zergen koordinaziorako organoan akordioak lortzen saiatuko direla gaineratu du. «Baina puntu batzuetan Gipuzkoak ez du atzera egingo», zehaztu du.
Aurrerantzean ere harmonizazioari eusteko itxaropena agertu du Juan Maria Aburto Bizkaiko Diputazioko bozeramaileak ere. «Gutxienekoetan ados jartzeko lanean ari gara, eta uste dut lortuko dugula», azaldu du. Datozen egunetan izango da zerga koordinaziorako organoaren hurrengo bilera.
Errenta zergaren igoerak gutxi eragingo die gipuzkoarren hirutik biri
Errenta, ondare eta ondorengotza zergak aldatuta, 93 milioi euro gehiago lortu nahi ditu diputazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu