Uzta bilketa sasoi oso luzea izan dute aurten Nafarroan. Abuztuaren 16an hasi zen, baina, eguraldi nahasia dela-eta, azken aleak urriaren 27an hartu ziren.
Ezohiko bilketa izan da, ezta?
Hamabost egun aurreratu zen, beroaren ondorioz. Abuztuaren amaieran Erribera Beherean hasi zen, bainairailean euria bota zuen hasierako egunetan, eta beste eskualdetan atzeratu zen. Irailaren 4tik ur asko bota duelako ezohiko bilketa izan da. Kalteak, batik-bat, azken egunetan gertatu dira, botritis gune txiki batzuk sortu direlako.
Nolako mahatsa jaso da?
Uzta bilketa ona edo oso ona izan da. Mahatsari estresa sortzen bazaio, euri faltaren ondorioz, azukre eta azido gehiago izango ditu, eta horrek ematen dizkiote ardoari gorputza eta fruta zaporea.
Upelategiek ordainduko duten salneurriari dagokionez, aurreikuspenik badago?
Errioxan ez bezala, hemen mahastizain gehienak (%60) kooperatibak dira, eta besteak upelategi handiak eta ardogile banakakoak dira. Bilketan eskaini diren salneurriak oso apalak izan direla sumatu dugu. Batez beste, 0,24 eta 0,36 euro bitartean. Ekoizpen kostuak 0,27 eta 0,30 bitartekoak direnez, errentagarritasunaren mugan gaude. eta, sarritan, azpitik. Gainera, gehiena ez da uzta bilketaren sasoian erosten.
Kooperatibek ardoa egin eta gero upelategiei saltzen diote. Zer espero duzue?
Upelategiek erosten duten ardoaren salneurria oso txikia izango dela uste dut, errentagarritasunaren azpitik. Ardo litro baten truke 0,36 euro dira. Kontuan hartu mahatsaren truke hori eskaintzen ari dela, eta produkzio kostuei mahatsa ardo bihurtzekoak gehitu behar zaizkiola. Zoritxarrez, ardoa mahatsa baino merkeago salduko da.
Egoerari aurre egiteko zer proposatzen duzue?
Irtenbide bat izan liteke kooperatibek euren ardoa merkaturatzea. Baina gehienen egoera ekonomikoak ez du halako inbertsio batean pentsatzeko betarik ematen. Beste irtenbide bat da upelategiek mahatsen kalitatea saritzea. Sektorearen egoera txarra da, baina upelategiek dirua irabazten dute ardoa eta mahatsa merke erosten dutelako.
MAHASTIZAINTZA. RUBEN OSES
«Errentagarritasunaren mugan gaude, eta, sarritan, azpitik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu