Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrak ere hasi dira beren etxeetan jasotzen 2011ko errenta kanpainako aitorpenak. Aurten, ondare zerga ere pagatu beharko dute milaka lagunek.
Berritasun pare batekin dator aurten kanpaina Gipuzkoan. Helena Franco Ogasun diputatuak eta Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak atzo Donostian azaldu zutenez, aitorpenarekin batera Kontuak Garbi informazio kanpaina egingo dute, herritarrei «modu grafikoan» azaltzeko jasotako dirua non eta zertan gastatu duten. Gainera, Aldundiak errentaren kanpaina erabiliko du herritarrei galdetzeko datuen errolda batean parte hartu nahi ote duten. Esku hartzera deitu ditu Francok herritarrak, erroldari esker administrazioaren jarduna hobetuko eta tramiteak erraztuko direlakoan, baina «borondatezkoa» dela nabarmendu du.
Gipuzkoako Aldundiak iaz baino 6.000 aitorpen proposamen bidali edo bidaliko ditu, 230.000 guztira. Horietatik %85 inguru onartuko dituztela espero du Olanok, 195.000 alegia. Beste 110.000 lagunek aitorpen mekanizatua egingo dute Ogasunaren 11 bulegoetan, eta Internet bidez beste 83.000 espero ditu. Bost aitorpenetik lautan Aldundiak dirua itzuli beharko duela kalkulatu du, 1.126 euro batez beste.
Hilaren 11tik maiatzaren 14ra arteko epea izango dute gipuzkoarrek autolikidazio proposamenak onartzeko. Hilaren 16tik ekainaren 8ra arte izango dute hitzordua eskatzeko aukera mekanizatua hautatzen dutenek edo horretara behartuta daudenek.
Errenta zergaren kanpainarekin batera, aurten ere ondare zergarena ere hasiko da hilaren 17an. Aldundiak espero du 29 milioi euro bildu ahal izango dituela zerga horrekin, zerga hori indarrean izan zen azken urtean (2008) 45 milioi izan zirela. 5.200 lagunek pagatzea espero du.
Nafarroan, lehen itzulketak
Nafarroako Gobernua ere hasi da autolikidazioak etxeetara bidaltzen. Errenta zerga pagatu behar duten 260.000 lagunetik 193.000k jasoko dute proposamena, horietako 30.000 elektronikoki. Hamarretik ia zazpik dirua bueltan jasoko dute, horietako batzuk aste honetan bertan. Errenta aitorpena egiteko sei bulego izango dira aurten. Aldaketa izan da Iruñekoan, Monjardin kaletik Ezkirotz kalera eraman baitute. 29.000 lagun espero dituzte bulegoetan apirilaren 18tik ekainaren 22ra bitarte, eta ordua Internet bidez eskatu beharko dute.
Nafarroan ere ondare zerga berreskuratuko dute. Gipuzkoan bezala, 300.000 euro arteko ohiko etxebizitzak eta 700.000 arteko ondareak salbuetsita daude.
Errentaren kanpaina hasi da Gipuzkoan eta Nafarroan
Ondare zerga berreskuratu dute biek, baina milioi batetik gorako ondasunak dituztenentzat soilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu