A7 autobidea moztu dute Jaka Horiek gauerdian, Avignon parean. Ordea, ezbeharra gertatu da kamio9i batek protestan ari zirenen aurka talka egin eta 23 urteko gazte bat hil duenean. Segurtasun indarrek atxilo eraman dute kamioi gidaria.
Ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia. Azaroaren 17an Pont-de-Beauvoisin herrian, Frantzia ekialdean, auto gidari batek kontrola galdu eta manifestari bat harrapatu zuen. Handik bi egunera motorzale bat hil zen furgoneta batek harrapatuta. Abenduaren 2an, beriz, pertsona bat hil zen auto baten eta kamioi baten arteko talkan, Arlesen, ekialdean.
Joan den astelehenean auto baten eta kamioi baten arteko istripua izan zen eta hogei urte inguruko gazte bat hil zen. Azkenik, 80 urteko emakume bat hil zen Marseillan, negar gasen ondorioz. Horretaz gain, Baionako 26 urteko gazte batek, Antoine izenekoak, esku bat galdu du Jaka Horien protesta batean.
Asteburu honetarako ere protestak deituak dituzte Frantzia osoan. Emmanuel Macron presidentearen azken iragarpenak ez ditu asebete manifestariak. Gutxieneko soldatak 100 euro igotzeko prest agertu da Macron aste honetan, bere agintaldian izan duen krisi larriena baretu asmoz.