ERREPIDEAK. N-1 eta A-15 autobiek bidesaria izan dezakete datorren urtetik aurrera

Gipuzkoako Batzar Nagusiek lehen mailako errepide sarearen finantzaketa modu berria aztertuko duen batzordea jarri dute abian

IÑAKI PETXARROMAN - AINARA ARRATIBEL - MIKEL PERUARENA
2009ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Egun doan diren Gipuzkoako errepide nagusietan baliteke bidesaria ordaindu behar izatea 2010etik aurrera. Atzo bildu zen, lehenengoz, errepideen finantzaketa berriaren inguruan proposamen bat egin behar duen Batzar Nagusietako batzorde txostengilea. Batzorde horretan Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzen dute, eta, gauzak asko aldatzen ez badira behintzat, bidesariak jartzearen aldekoek gehiengoa osatzen dute. Beste kontu bat izango da bidesariak non eta nola jarri. Baina, baliteke 2010. urtetik aurrera N-1 errepidean eta A-15 autobian erabiltzaileek bidesariren bat ordaindu behar izatea.

Batzordeko lehendakari Felix Asensio PSE-EEko ordezkariak adierazi duenez, hainbat gai hartu beharko dira kontuan, baina haren ustez, lurralde kohesioak dauka garrantzi handia: «Onartezina da gaur egungo lurralde desoreka. Badira Donostiara joateagatik batere ordaindu behar izan ez duten eskualdeetako herritarrak; eta, beste batzuek, ordea, izugarri ordaindu dute. Oinarrizkoa da hau: herritar guztiek gastu bera izatea mugitzeagatik».

Batzar Nagusietako EAJko taldearen ustez, egungo sistema ez da «bidezkoa» eta ezta «eraginkorra» ere. «Guztiok barneratu behar dugu errepideak erabiltzeak kostu bat izan behar duela. Horrez gain, Gipuzkoako biribilgunea deritzan hori modu eraginkorrean funtzionatzea nahi badugu, ezinbestekoa da ahalmen handiko sare guztia sistema beraren pean jartzea. Adibidez, nola lortuko dugu N-1eko amaitzear den Ap-1era desbideratzea hainbat zirkulazio, are gehiago batak bidesaria duenean eta bestea doan denean? Ezer egiten ez badugu, Ap-1en kostua urteetan ordainduko dugu, eta N-1n egungo arazoak sufritzen jarraituko dugu».

EAJren ustez, orain arte azpiegitura «sare egokia» izateko apustua egin da. «Orain,azpiegitura horien kudeaketa izango da benetako erronka, eta tarifikazioa izango da sistema horren giltzarrietako bat». Errepideek kostu handia izan dute, eta dute, eta hori ordaintzeko tarifikazio sistema berriaren beharra ikusten du EAJk. «Erabiltzen duenak eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela erabat barneratua dago Europan. Austrian eta Alemanian martxan dute sistema hori. Beste leku batzuetan ezartzeko bidean dira, Frantzian edo Herbeheretan. Europako sareko zati garenez, Europak izan behar du gure erreferentea, eta nazioarteko zirkulazioaren eragozpenak jasaten ditugun heinean guretzat premiazkoa da horri heltzea».

Nazioarteko zirkulazio astun hori arautzeari buruz, Asensiok ohartarazi du zaila dela, Europako legea eskuetan, kanpotik datozenekin bereizkeriarik egitea. «Edonola ere, gure helburua da bertakoek ahalik eta gutxien ordaintzea, eta nazioartekoek ahalik eta gehien».

Asensioren ustez, Aldundiak sekulako inbertsioa egin du, eta horri aurre egin behar zaio: «Aztertu beharko ditugu mantenu eta finantzaketa gastuak, sail honetako zamak ez ditzan ito beste arlo batzuetako inbertsioak, gizarte gastuak, esaterako. Guztia aztertu beharko da, eta sistema egokiena aukeratu, baina ez goaz aldez aurretik erabakitako formula batekin».

Izan ere, Foru Aldundiaren arabera, eztabaidaren muina ez da bidesaria bai edo bidesaria ez, baizik eta errepide sistema berria kudeatzeko eta finantzaketa gastu handiei aurre egiteko eredu bat aurkitzea. Ze, esaterako, N-1 errepidean bidesaria jartzeaz asko hitz egiten bada ere, jartzea posible den ere ez dago garbi.

Garraio publikoaren alde

Ezker Batua, Aralar eta ezker abertzalea bat datoz kontu batean: orain arteko garraio politikak porrot egin du, eta eredua birplanteatu behar da, garraio publikoari benetako lehentasuna emanez. Hortik aurrera, ordea, errepideetan bidesaria jartzeari buruz, bakoitzak bere iritzia du. Ezker Batua, esaterako, bidesariak jartzearen alde dago: «Errepideek autofinantzaketa lortu beharko lukete. Sistema horren alde gaude, diru publikoa errepideak baino garrantzitsuagoak diren beste eremu batzuetan inbertitzeko, garraio publikoa eta gizarte zerbitzuetan, adibidez».

Ezker abertzalea ez dator bat: «Guk garraio publikoa defendatzen dugu, beraz, baten batek esan lezake: errepideetan bidesariak jartzen badira (eta gure kasuetan oso garestiak dira), bidaiariek garraio publikoak erabiliko dituzte. Kontua da, garraio publikoa sustatu beharrean (adibidez Eusko Trenbideak),nahiago dute autoentzako azpiegitura erraldoiak eraikitzea. Hala ere, bidesariak ez ditugu begi onez ikusten. Are gehiago A-8 autobidea doan izatearen aldekoak gara».

Aralar ere ez dago bidesaria jartzearen alde. «Uste dugu interesgarria izan daitekeela zirkulazio zerga merke bat ezartzea, Austrian dagoen bezala (urtean 72 euro); modu horretan, kobratzea erraztuko litzateke, erabiltzaileek lagunduko lukete finantzaketan, baina mugikortasun beharrak gehiegi zigortu gabe».

Hiru alderdiek azpimarratu dute garraio politiken lehentasuna errepideetatik trenbidera igaro beharra dagoela. Aralarrek eta ezker abertzaleak, ordea, abiadura handiko trenaren aldeko apustua gaitzetsi dute. Ezker abertzalearen ustez, «tren gehiago eta hobeak» behar dira. «Euskotrenen eta Renferen azpiegiturak hobetu behar dira, baina inbertsio ekonomikoak hor egin beharrean, AHT egitasmo elitista eta txikitzailea bultzatzea nahiago dute. Zirkulazioa murritz daiteke: garraio publikoa erabiltzea sustatuz, autoak partekatzeko kanpainak eginez... Mugikortasun politikak ingurumen, gizarte eta herrialdearen antolaketaren mesedetan jarri behar dira».

Aralarren ustez, «azkenurteetan tren sare sendoa eraiki izan balitz beste egoera batean geundeke, baina ez da borondate politikorik egon. Soilik sustatu dute hiriburuak lotuko dituen AHT, herritarren mugikortasun beharrak beste batzuk direnean».

Aralarrek, urteko kuotaren sistemaren proposamena ez ezik, autobideak enpresa pribatuen esku uztearen aurka egingo du. «Bidesarien politika ezin da gutxi batzuen negozio bihurtu». Gainera, ardatz transeuroparra erabiltzen duten kamioei ere kanon bat ezartzea proposatuko du.

Ezker Batuak garraio publikoarentzako inbertsio handiagoak eskatuko ditu. «Errepideetarako diru gutxiago eta garraio publikorako gehiago. Trenbide sarea hobetu eta berritzearen alde egingo dugu». Begi onez ikusten dituzte Suitzako hainbat esperientzia: «Han lortu dute trafikoen eta salgaien zati garrantzitsu bat trenbidera pasatzea, errepideetako zirkulazioa murriztuz. Horrelako ereduetan oinarritu behar gara».



Errepide berriak, krisiariaurre egiteko bide gisa

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du 1.300 milioi euroko inbertsioa egingo duela errepide berriak eraikitzen, eta ekimen hori krisi ekonomikoari aurre egiteko neurria izango dela. Besteak beste, eskualde batzuk A-8arekin lotzeko bideak izango dira: Lea-Artibai, Urdaibai eta Arratia, besteak beste.

60

Errepide berrien kilometroak Gipuzkoan. Ahalmen handiko 60 kilometro errepide berri ari da eraikitzenForu Aldundia une honetan: Donostiakobigarren saihesbidea, Ap-1 autobidea eta Beasain-Bergara ardatza dirahorietako batzuk.





Inbertsio handia egiten ari dira bide berrietan Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundia inbertsio handia egiten ari da errepide berriak egiten, eta zaharrak moldatzen. Esaterako, A-8an 600 milioi euro inbertitu ditu, eta 650 inbertitu beharko ditu heldu diren urteetan. Ap-1en 412 milioi inbertitu behar ditu, eta Beasain-Bergara korridorean 220 milioi. Guztira, 1.900 milioi.

%4,46

Hego Euskal Herrian bidesariak garestitu diren ehunekoa. Urtarrilaren 1ean errepideetako bidesariak garestitu ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Igoerak leku guztietan eragin ezberdina izan badu ere, batez beste %4,46 garestitu dira bidesariak.





Zer da Eurobiñetako Zuzentaraua?

Europako Batasunak iazko uztailean onartu zuen direktiba da. Haren helburua da Europako Batasunekoherrialdeek kobratzea errepideak erabiltzen dituztenei, erabiltzen duenak ordain dezala filosofiaren barruan. Direktiba martxan dago hainbat herrialdetan, baina Espainiak ez du martxan jarri.

%3,1

Bidesariak Ipar Euskal Herrian garestitu diren ehunekoa. Herenegun igo zituzten Lapurdiko bidesarien prezioak. Ibilgailuek orain arte baino %3,1 gehiago ordaindu beharko dute; kamioientzat, aldiz, %3,7 garestitu da A-63 autobideko bidesaria.





«Eztabaida zabala dago Donostian N-1en bidesaria jartzeari buruz, eta errespetuz hartzen dugu»

Nuria Lopez de Gereñu
Eusko Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburua




Errepide sare nagusia, osatzen

'Supersur'-a, AP-1autobidea eta Pirinioetako autobia dira martxan dauden proiektu nagusietakoak
Ainara Arratibel - Mikel Peruarena

Donostiako bigarren saihesbidea eta Eibar-Gasteiz autobidea(Ap-1). Horiexek izango dira, atzerapenik ezean, errepide sare nagusian aurten sartuko diren proiektu berriak. Aste Santurako zabalduko da Ap-1, eta urte amaierarako bigarren saihesbidea. Pirinioetako autobideko eta Bilboko hegoaldeko saihesbideko -Supersur-hainbat zatitan ere lanetan ari dira.

Arlabango tunelean aurkitutako 16 anhidrita zainek, urte erdi atzeratu dituzteEibar-Gasteiz autobideko lanak. Aste Santurako lanak amaituta izatea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Arabako Foru Aldundiak iazko ekainean inauguratu zuen Etxabarri eta Dibina arteko 6,2 kilometroko zatia, ordainsaririk gabe, oraingoz. Gipuzkoako lanak amaitzean Arabatik igarotzen diren beste zatiak zabalduko ditu. Guztira, 46,2 kilometro ditu ibilbideak. Obren hasierako aurrekontua 632 milioi eurokoa izan zen. Ondoren, 670 milioi eurora igo zuten. Atzerapenek, ordea, gainkostua handitu dute.

Urte amaieran inauguratuko dute, printzipioz, Donostiako bigarren saihesbidea. 16,7 kilometro izango dituen errepideak Donostia zeharkatuko du hegoaldetik, eta lotura izango du Urumeako autobidearekin etaN-1arekin. A-8ko zati izango denez, ordaindu egin beharko da handik igarotzeagatik. Oso proiektu konplexua da Errenteria eta Astigarraga artean hiru lerro izango baititu, bi norabideetan. Gainera, 1.000 metroko zubibidea eraikiko dute Urumeako ibarrean. 317 milioi euroko aurrekontua izango du. Errepide horrek egun Donostiako Saihesbidetik igarotzen diren 40.000 ibilgailu hartzea espero du Foru Aldundiak.

Gidariek zertxobait gehiago itxaron beharko dute Supersur-a erabiltzen hasteko, 2011 arte, hain zuzen. Muskiz eta Erletxe (Zornotza) lotuko dituen errepide berriak 36 kilometro izango ditu, eta Bilbo inguruan A-8 autobideko zirkulazioa murriztea du helburu. Proiektuak 1.500 eta 2.000 milioi euro arteko aurrekontua du, eta hiru zatitan egingo da. Egun Santurtzi eta Arrigorriaga arteko hainbat zatitan ari dira lanak egiten. Zati horrek hartzen dituen15,8 kilometroen erdia tunelen bidez izango dira. 2011n inauguratu nahi du zati hori Bizkaiko Foru Aldundiak. 2015erako bukatu nahi dituzte proiektuaren beste bi zatiak, Arrigorriaga-Zornotza eta Abanto-Muskiz artekoak, hain zuzen.

Lanetan ari dira, halaber, A-21 edo Pirinioetako autobian. Iruñea eta Jaca (Aragoi, Espainia) lotzen dituen Nafarroako zatia 2012rako amaituta izatea aurreikusten du Nafarroako Gobernuak. Aurtengo udan Izko eta Irunberri arteko zatia zabaltzea espero da. Zati horrek 7,8 kilometro inguru ditu. Aragoira bitarteko beste 18,5 kilometroen ingurumen azterketa egiten ari dira orain, eta litekeena da hurrengo urtean lanak hastea. Asmo hori du, behintzat, Nafarroako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.