ERREPIDEEN KUDEAKETA. Gipuzkoarrei bidesariak merkeago jartzeko eskatuko dute alderdiek

Gipuzkoako Batzar Nagusietan lanean ari den ponentziak hilabete barru prest izango du bidesarien inguruko proposamena

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Donostia
2010eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Errepideak modurik egokienean kudeatzea edozein administrazio publikoren buruhauste garrantzitsuenetako bat da. Gipuzkoarentzat, arazo bihurtu da, nazioarteko garraioaren pasabide baitira Gipuzkoako errepideak eta, zehazki, N-1 errepidea. N-1a mantentzeak 13 milioi euroko kostua du urtean, eta foru agintariak kexu dira beste administrazioen laguntzarik ez dutelako gastu horri aurre egiteko. Egoera horren harira, Diputazioak honako galdera hau plazaratu du: Gipuzkoako errepide sarea gipuzkoarren zergen bidez bakarrik finantzatu behar al den, edota erabiltzaile guztiek finantzatu behar ote duten.

Galdera horri erantzuteko, Batzar Nagusietan ponentzia bat eratu zuten irailean, eta egun bidesaririk ez duten errepide batzuetan bidesaria ezartzeko aukera ari da aztertzen. Hilabete barru egingo du proposamena. Martxoaren hasieran Batzar Nagusien osoko bilkurari igorriko dio, hark erabaki dezan.

Erabiltzen duenak ordain dezala. Xehetasunak xehetasun, oinarri horrekin ados daude ia alderdi gehienak. N-1 errepidea gainezka dagoela nabarmendu dute, etahori konpontzea behar-beharrezkoa dela. Konponbidean, ordea, ez datoz bat, ezta tarifikazio sisteman ere; hau da, erabiltzaile guztiek ordaindu behar ote duten ala ez. Eztabaida hori ez dela iritsi diote, goizegi dela xehetasunak emateko; dena dela, ados daude erabiltzaile gipuzkoarrei merkeago jarri behar zaizkiela.

Europako direktiba

Eztabaida honetan bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat: Europako Batasunak 2006an onartutako direktiba. Direktiba horrek Europa barneko errepide sarean txertatu ditu N-1 errepidea, A-8 autobidea, AP-1 autobidea eta A-15 autobia, eta horietan kamioientzat kanon bat ezartzeko agintzen du. Kanpoko eta bertako kamioien artean bereizketarik egiten ez du uzten; hau da, guztiek bidesari bera ordaindu behar dute. Hain zuzen, horixe nabarmendu du Aintzane Oiarbidek, EAJko batzarkide eta ponentziako kideak: «Eskuak nahiko lotuak ditugu, ezin baitugu ezberdintasunik egin». EAJk proposatuko du kamioilariei bakarrik kobratzea, baina Oiarbidek zehaztu du Gipuzkoako garraiolariei merkeago jartzeko prest daudela. Bidesari hori Etxegaraten jarri nahi dute, zirkulazioa A-8 eta AP-1 errepideetara bideratzea lortuko luketelakoan.

PSE-EE ados dago proposamen horrekin. «Hainbat kontzeptu bateratu behar ditugu. Abiapuntua da erabiltzaileek ordaindu behar dutela, N-1aren erabilera gutxitu behar dugula eta zirkulazioaAP-1era desbideratu behar dugula. Bidesariren bat jarriz, N-1a arin dezakegu. Hala ere, garbi dugu gipuzkoarrek askoz merkeago izan behar dutela, jada zergak ordaintzen ari direlako. Hori guztia aintzat hartuz, ondorio egokiena topatu behar dugu», esan du Jose Morcillok, Azpiegituren Batzordeko PSE-EEren bozeramaileak. «Aukera guztiak aztertzeko prest gaude. Akordioa lortzeko prest gaude, erabat, eta akordioa egotea espero dut».

Alkarbideren abiapuntua ere bera da: bidesariak ibilgailu guztiei jartzea. Hala dio Joxean Rekondo batzarkideak: «Horrek ez du esan nahi Gipuzkoako garraiolariek tratu bera jaso beharko luketenik. Beraz, bi aldiz ordain ez dezaten, aztertu beharko genuke zein den biderik egokiena kaltetuak izan ez daitezen».

Alderdi batzuek azaldu dute kamioilari gipuzkoarrei konpentsazio fiskalen bat ezartzeko aukera egon badagoela, arlo horretan Aldundiak eskuduntza osoa duelako. Aukera hori aztertzeko eskatuko dute Aralarrek, EBk eta Alternatibak.

PPren iritzia ere antzekoa da. Gipuzkoarrak ezin direla gehiago zigortu nabarmendu du Iñigo Manrique PPko batzarkideak: «Gauden tokian egoteagatik zigortuta gaude, eta orain zigor bikoitza ezarri nahi zaigu, EAJren kudeaketa txarraren ondorioz». Manriqueren esanetan, EAJ ez da saiatu beste administrazioen finantzaketa lortzen, eta orain horren ordaina ari da jasotzen. «1990eko hamarkadatik dator gai hau. Orduan ez zen ezer eskatu oparoaldi ekonomikoko garaiak zirelako, eta egoera politikoan Lizarrako garaiak ziren».

Bidesari soziala

Ezker abertzalearen, Aralarren, EBren eta Alternatibaren irudiko, Foru Aldundiak erabat aldatu beharko luke garraio politika. Ezker abertzaleak eztabaida bulegoetatik ateratzeko eskatu du, eta eragile guztien artekoa bultzatzeko. «EAJri ez zaio axola garraio ereduari buruzko eztabaida, herritarren kontura diru gehiago nola lortu baizik». Egungo ordainketa sistema aldatzeko ere eskatu du. Aralarrek proposamen zehatza egingo du. «Gure proposamena da A-8an eta AP-1ean bidesaria kentzea eta bidesari soziala jartzea. Besteetan ezer ez», azaldu du Rebeka Ubeda batzarkideak.

Alternatibak antzeko proposamena egingo du: «Ibilgailu pribatuen erabiltzaileek parte hartu behar dute autobideen finantzaketan, baina modu arrazoizkoan eta abusurik gabe. Horregatik, gipuzkoarrontzat urteroko bineta merke bat ezartzea proposatzen dugu, tarifa finko moduko bat. Europako beste herrialde batzuk erreferentzia gisa harturik, erabiltzaile bakoitzari bere egoera ekonomikoaren arabera ezarriko litzaioke prezioa».

EBk mugikortasun politika berriz planteatzea proposatuko du, garraio publikoa bultzatzeko. «Mugikortasunaren oinarrian garraio publikoa kokatu nahi dugu. Eztabaidari ez badiogu osotasunean heltzen, hanka-motz geratuko da. Debate horren falta sumatzen dugu», azaldu du Mikel Izagirrek. Dena dela, tarifikazioaren inguruan proposamen zehatza egingo du: ibilgailua duten guztiek kuota minimo bat ordaintzea. Diru hori mantentze lanetarako bideratuko litzateke, eta ez inbertsioak egiteko. Hori bertakoei ezarriko litzaieke. Kanpokoei, mantentze lanetarako kuotaz gain, inbertsioetarako kuota ezartzea proposatuko du.

Nafarroako Gobernua, berriz, ez dago ados Etxegaraten ordainlekuren bat jartzeko asmoarekin: «Ezin dira alde bakarreko erabakiak hartu. Krisi garaian bidesariak jartzea neurri okerrena da».

«Lan egiteagatik kobratu nahi diete garraiolariei»

Garraio ereduak eragiten dituen kostu ekonomiko eta sozialak garraiolariei leporatzeko nahia salatu du Hiruk
A. Solaberrieta. Donostia

«Ez dugu onartuko sistema ekonomiko ero honetan inork asumitu nahi ez duen kostua garraiolari autonomoei leporatzea eta ordainaraztea». Horrela mintzatu da Hiru garraiolari autonomoen sindikatua. Gipuzkoako Diputazioaren egitasmoa «hipokrita eta bidegabea» dela uste du. «Ukrainatik Alemaniara adreiluak eramateak kostu sozial eta ekologiko handia du, berdin Normandiatik Arabara patatak eramateak edo Bretainiako esnea Granadara eramateak». Egunero errepideetan milaka tona merkantzia ibiltzen da, baina hori sistema ekonomikoaren eta sozialaren arazoa dela nabarmendu du, ez soilik garraiolariena. Haatik, Gipuzkoako Diputazioa «errudunak» bilatzen ari dela uste du, «sistema ekonomiko eta sozialaren orekarik eza norbaiti leporatu nahian». Gogorarazi du Garraiolariak ezinbestez erabili behar dituela errepideak. «Lanean ari da garraiolaria, eta lan egiteagatik kobratu nahi die Diputazioak». Horrelakorik ez dute onartuko, ordea.

Kamioilarien zergak

Hiruk nabarmendu du garraiolariek ez dituztela dohainik erabiltzen errepideak: «Kontsumitzen dugun gasolio litro bakoitzaren prezioaren zati handi bat zergak dira. Garraiolari autonomoek eragiten dugun kostua egunero ordaintzen ari gara». Halaber, sindikatuak gogorarazi du Hego Euskal Herriko barne produktu gordinari %4 ematen diola garraioaren sektoreak.

Hiruren esanetan, N-1a merkantzien pasabide naturala da, eta garraiolariek behar dituzten zerbitzuak ditu. Zerbitzuen arloan Eibar-Gasteiz autobidea «basamortua» dela iritzi dio. «Bidesariak egonda ere, gehienak N-1etik joango lirateke». Diputazioak helburu bakarra duela uste du: dirua biltzea.

Koldo Nabaskues.Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako lehendakaria

«Bidesariek ez dituzte kamioiak errepidetik aterako; hori tranpa da»

A. S. Donostia

Koldo Nabaskues Batzar Nagusietako ponentzian izan zen kontsumitzaileen elkarteko iritzia ematen. Batzarkideei eskatu zien sakoneko arazoari heltzeko.

Gipuzkoako errepideetan bidesariren bat ezartzeko erabakia hartuko dute laster. Zein da zuen iritzia?

Ez da bidesaririk ordaindu behar. Ponentzia horretan izan ginen gure iritzia azaltzen, eta han esan genuen onartezinak direla bidesariak, bai N-1ean, bai A-8an.A-8an kontzesioa aspaldi amaitu zen. Errepide horren gastuak ordainduta daude, eta oraindik kobratzen jarraitzen dute. Legez, bidesarien dirua mantentze lanetarako bideratu behar da, eta ez beste azpiegiturak egiteko. Haatik, guztiok dakigu diru hori beste azpiegituretarako erabiltzen dutela. Ez diote sakoneko arazoari heldu nahi: errepide bidezko garraioari konponbidea eman behar zaio, eta, hala egin ezean, errepideek gainezka jarraituko dute. Bidesariek ez dituzte errepidetik kamioiak aterako, ezta zirkulazioa eskaintza erregulatuko. Hori tranpa da. Trenbidea da errepidearen alternatiba, hori bultzatu behar da; baina, noski, ez AHTa.

Alderdi guztiak, ordea, ados daude: erabiltzen duenak ordain dezala.

Erabiltzaileak jada ordaintzen ari dira, zergen bidez. Bidesaria jarri nahi badute, jar dezatela guztietan, eta guztiok ordaintzea, diskriminaziorik ez sortzeko. Eztabaida honetan tranpa ugari egiten dituzte politikariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.