Bi hilabete luzeren ondoren, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman dio erreskate funts iraunkorrari (ESM). Europako erreskate tresna iraunkorra herrialdeko lege nagusiarekin bat datorrela ebatzi du Konstituzionalak, hala, indarrean jarri ahal izango da, eta bere kutxetako 500.000 milioi euroak baliatu ahal izango dira estatu kideen zorra zuzenean erosteko. Epaileek ez dute inkostituzionaltasun helegitea onartu, beraz, ESM urrian sartuko da indarrean, eta Europako Batasunean arazoak dituzten herrialdeei laguntzeko tresna izango da aurrera begira. Euroari egonkortasuna bueltatzeko prozesuan erabaki garrantzitsua da gaurkoa.
Beti ere, epaiak mugak jarri ditu Alemaniaren parte hartzean: gehienez 190.000 milioi euro eman ahalko ditu, eta gehiago eman nahi izanez gero, Parlamentuari baimena eskatu beharko dio. Halaber, erreskate funtseko diruaren erabileraren inguruko azalpenak uneoro eman beharko dizkie Gobernuak Parlamentuko bi ganberei.
Azken orduetan auzitegiaren erabakia atzeratzen saiatu da legebiltzarkide kontserbadore bat, EBZk zorra erosteko iragarri duen programa berria epaiaren aurretik aintzat har dezaten. Ekainaren 29an Bundestagek ontzat hartu zuen erreskate funts iraunkorra, eta Die Linke (Ezkerra) alderdiak baizik ez zuen oso-osorik bozkatu haren aurka. Die Linkek aurkeztu zuen inkonstituzionaltasun helegite bat, eta Peter Gauweiler CSUko euroeszeptikoak eta Demokrazia Gehiago herritar taldeak beste biak. Alemaniako 37.000 herritarrek sinatu zuten erreskate funtsaren kontrako helegitea, kontrol demokratikoari ihes egingo zaiola iritzita.
Bi hitzordu gehiago
Euroari egonkortasuna bueltatzeko prozesuan gaurko eguna mugarri izatea espero da. Arreta handiena Alemaniako hitzorduak izan duen arren, beste bi hitzordu garrantzitsu gaude zehaztuta gaurko. Europako Batzordeak banku batasuna lortzeko prestatu duen bide orriaren berri emango du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Gainera, Herbehereetako herritarrek gobernu berria aukeratuko dute, orain artekoa erreskate eta laguntza politikarekin oso kritiko izan eta gero.
Europako gobernuburuek hitzartu dituzten azken aldaketen harira, arazoak dituzten bankuei laguntza zuzena emateko gaitasuna izango du ESMk. Horretarako, ordea, Europako banku ikuskaritza sortu eta banku batasun baterako urratsak egin beharko dira. Horixe da, hain zuzen ere, Durao Barrosok gaur egingo duen hitzaldiaren parterik garrantzitsuena. 2014. urtetik aurrera EBko 6.000 finantza erakunderen kontrola EBZren esku egotea proposatuko du Bruselak.