Krisia eurogunean. Espainia

Erreskatea oso gertu dago

Hainbat albiste agentziak esan dute Espainiak erreskatea gaur bertan eskatuko duela, Finantza ministroen bilera bateanGobernuak ez du gezurtatu albistea, eta NDFren txostenaren zain dagoela dio

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Egunetik egunera Espainiaren erreskate premiak koska bat egiten du gora. Jada ez dago zalantzarik, Europari erreskatea eskatu beharko dio finantza erakundeei dirua emateko. Noiz egingo duen da orain eztabaidagaia. Reuters eta Bloomberg agentziek, meteorologoen zehaztasunarekin, gaur bertan egingo duela esan dute; Espainiako Gobernuak ez du argi eta garbi gezurtatu.

1. Erreskatea eskatuko al du?

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak maiatzaren 29an esan zuen Espainiako bankuek ez zutela erreskaterik behar. Geroztik, gobernuko ordezkari nagusiak ez dira ausartu erreskatearen premia hain garbi ukatzera, eta erreskatea aipatu gabe ere bankuek Europaren laguntza behar dutela aitortu dute; Cristobal Montoro Ogasun ministroak, esaterako.

Marta Fernandez Curras Aurrekontu Estatu idazkariak atzo esan zuen erreskatearen albistea gezurra dela. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea ez zen ausartuhainbeste esatera ostiraleroko agerraldian. Albistea ez zuen gezurtatu. Raxoik eta Saenz de Santamariak nabarmendu dute ezer egin aurretik —erreskatea eskatu aurretik— prozedurak errespetatu behar dituztela eta finantza erakundeen egoerari buruzko informazioa behar dutela.

Espainiako Gobernuak erreskatea eskatuko duela ukatuko balu ere, horrek ez luke esan nahi eskatuko ez lukeenik. Mariano Raxoiren gobernuak ezaugarri bat badu, esandakoaren kontrakoa egiten duela da.

2. Asteburu honetan egingo al du?

Litekeena da eskaera formala asteburu honetan egitea. Horrek ez du esan nahi erreskatea jasotzeko modua eta kopurua asteburu honetan zehaztu behar direnik. Denbora beharko dute zehaztasunetako deabruak argitzeko.

Aurrekariek diote erreskateak asteburuetan eskatzen direla, finantza merkatuak itxita dauden bitartean. Gaur, gainera, Reutersen eta Bloombergen arabera, euroguneko Finantza ministerioetako ordezkariek elkarrekin hitz egingo dute bideo konferentzia bidez. Ministroen taldeak atzo erantzun zuen ezetz, «ordura arte» ez zutela bilera antolatu gaurko.

Espainiako Gobernuak dio finantza erakundeen egoerari buruzko txostenen zain dagoela, NDFrena eta kontratatutako aholkularitza enpresena —Roland Berger eta Oliver Wyman—. NDFren azterketaren emaitzak publikoki etzi jakingo dira, baina NDFk azterketa amaituta dauka eta zenbakiak Espainiako Gobernuaren eskuetan daude. Saenz de Santamariak atzo onartu zuen «gutxigorabeherako kopurua» jakindakoan erabakiko dutela.

3. Zenbatekoa izango da?

Zenbaki dantza izugarria izan da, hasi 40.000 milioi eurotik eta 100.000 milioi euro baino gehiagoraino. NDFren txostenak dio ekonomiaren egoera okertzen badafinantza erakundeek 40.000 milioi euro inguru beharko dituztela. Berez, premia 90.000 milioi eurokoa dela dio, baina finantza erakundeek jar ditzaketela 50.000 milioi euro.

Espainiako ekonomia ez da hobetuko: aurreikuspenen arabera, barne produktu gordina %1,7 inguru jaitsiko da aurten, eta langabezia ez da %25etik jaitsiko.

4. Nolakoa izango da?

Berez, finantzaerakundeek ezin dute euroguneko erreskate funtsen —EFSF eta ESM—laguntza zuzenean jaso. Baina Espainiak bestela nahi du, erreskatea berak eskatu behar ez izateko eta erreskateak eragiten dituen mendekotasunak eta esku hartzeak saihesteko. Baina Alemania ez dago prest finantza erakundeei laguntza zuzenean emateko. Hala ere, aste honetan Financial Times-ek eta El País-ek kaleratu dute Alemania prest dagoela Espainiako finantza erakundeentzat erdibideko erreskate bat onartzeko: laguntza Espainiako Gobernuak eskatuko du, finantza erakundeak berregituratzeko FROB funtsak jasoko du eta FROBek emango die bankuei.

5. Zertarako behar du erreskatea?

Espainiako Gobernuak nabarmen handitu du finantza erakundeen kapital premia. Funts hornidura handiak egitera behartu ditu, etxegintzako maileguen arriskuei eta aktiboen balioaren galerari aurre egiteko. Mailegu osasuntsuak babesteko ere dirua gordetzera behartu ditu. Erakunde gehienek baliabide propioekin egin dituzte funts hornidurak, baina batzuek ezin izan dute, eta laguntza eskatu behar izan dute.

Gainera, Ekonomia Ministerioak atzo iragarri zuen finantza erakundeei kapital gehiago eta funts hornidura handiagoak eskatuko dizkiela, aholkularitza enpresek azterketak amaitutakoan, uztail amaieran. Hirugarren eskaera izango da. Bankiari ezarritako irizpideak gainerako guztiei ere ezarriko dizkie, eta funts hornidurak egitera behartuko ditu etxegintzatik kanpoko maileguengatik. Ondorioz, finantza erakundeek diru gehiago beharko dute, eta askok ez daukate hainbeste diru. Espainiak ere ez, eta horregatik jo behar du Europara laguntza eske.

Kutxabankek, kapitala eta funts hornidurak handitzeko bigarren saioan, 855 milioi euro gordin baliatu zituen eskaera berriak betetzeko. Orduan esan zuen aise aurre egin ziela eskaera berriei.

6. Zeren truke?

Erreskateak, funtsean, onak dira erreskatea ematen dutenentzat, dirua irabazten baitute interesen bidez eta beren finantza erakundeen interesak babesten baitituzte. Erreskatea jaso duten herrialdeek —Grezia, Irlanda eta Portugal— besteek baino murrizketa gogorragoak egin behar izan dituzte diruaren truke.

Espainiaren kasuan dirua finantza erakundeentzat izango da. Horrek ez du esan nahi baldintzak haientzat bakarrik izango direnik. Aintzat hartu behar da dirua Espainiako Gobernuak eskatuko duela, eta dirua bueltatu ere berak bueltatu behar duela. Beraz, Europak bermatu egin nahi du dirua bueltan jasoko duela. Hala diote EFSF behin-behineko funtsaren baldintzek.

Onenean, finantza sistema berriro berregituratzera behartuko dute eta Europako Batasuneko erakundeen kontrola jasan beharko du.

Okerragoan jarrita, beste neurri batzuk hartzera behartuko dute, Europako Batzordeak egindako gomendioak, esaterako: BEZ balio erantsiaren gaineko zerga igotzea, erretiro adina atzeratzeko prozesua azkartzea, autonomia erkidegoak kate motzean lotzea...

7. Nork ordainduko du?

Erreskatea, Europak, herrialdeek jarritako diru publikoarekin. Erreskatea espainiarrek bueltatu beharko dute, ezin baita bermatu finantza erakundeek jasotako dirua bueltatuko dutenik.

Bankia, Catalunyacaixa, Novagalicia eta Banco de Valencia Nazionalizatuek behar dute diru gehien. Bankiaren kasuan, Jose Ignacio Goirigolzarri presidenteak esan du ez dauzkala bueltatu beharrik oraingoz jasoko dituen 19.000 milioi euroak, «balioa sortu» eta diru hori errentagarri bihurtu baizik. Teorian, Bankiaren egoera hobetutakoan, estatuak Bankiako akzioak salduko lituzke eta dirua berreskuratuko luke. Catalunyacaixa eta Novagalicia enkantean saldu nahi ditu. Oraindik ez ditu saldu.

Erreskateak Espainiaren zor publikoa handituko du, eta argi dago gobernua zorra ordaintzeko dirua nola lortzen ari den: gehiago zorpetuta, zergak igota eta gastu publikoa murriztuta.

8. Eragina al dute Greziako bozek?

Bihar zortzi izango dira Greziako hauteskundeak. Erreskatea hauteskundeen aurretikeskatzea eta zehazten hastea abantaila izan daiteke Espainiarentzat, Greziako hauteskundeen emaitzen ondorioetatik babesteko. Hala ere, Siriza ezkerreko koalizioak irabazten badu eta horrek eurogunean lurrikara eragiten badu, Espainia ere astinduko du, erreskatea eskatuta edo eskatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.