Erreskatearen atea sekula baino argiago erakutsi die Europako Banku Zentralak Espainiari eta Italiari. EBZ prest legoke berriro ere arazoak dituzten herrialdeen zorra merkatuetan erosten hasteko, baina hori gertatu baino lehen, gobernuek laguntza eskatu beharko diete Europak martxan jarri dituen erreskate funtsei. Funts horiek zorra erosteko eskumena dute, baina esku hartzearen truke baldintza zorrotzak ezarriko zaizkie gobernuei. Azken batean, zeharkako erreskatea izango litzateke, eta horren truke Bruselak, NDFk eta EBZk ezarritako baldintza oro bere egin beharko luke herrialdeak, eta, hain zuzen ere, Madrilek eta Erromak kosta ahala kosta saihestu nahi dute egoera hori.
Espainia eta Italia ataka zailean utzi ditu EBZren erabakiak. Banku zentralaren laguntzarik gabe oso zaila izango zaie luze gabe arrisku sariaren presioa txikitzea. Atzo bertan, bildu egin ziren Madrilen Mariano Raxoi eta Mario Monti. Bietako batek ere ez zuen argitu erreskate funtsei zorra erosteko eskatuko dioten edo ez, baina gero eta zirrikitu gutxiago geratzen zaizkie egoera kontrolatzeko. Funtsean, krisiari irtenbidea emateko pilota Europako gobernuei itzuli die EBZk.
Euroa salbatzeko «edozer» egiteko prest zeudela ziurtatu zuen joan den astean Mario Draghi EBZko presidenteak, eta erakundeak atzo egin zuen gobernu kontseiluak sekulako ikusmina piztu zuen. Itxaropenak pot egin zuen berehala: bankuak ez du hartuko berehalako neurririk, eta diru politika sendotzeko ezohiko ekintzak onartzeko eta zorra erosteko prest dagoen arren, horiei buruzko xehetasunak beste baterako atzeratu zituen. EBZk bere horretan utzi zuen diruaren prezioa (%0,75), eta bankuei gordailuen truke interes negatiboak kobratzeko aukera ere baztertu zuen oraingoz —%0 ematen die gaur egun—.
Draghiren hitzek eta xehetasun faltak lurrikara sortu zuten finantza merkatuetan. Orain dela astebete esandako hitzen euforia errotik ezabatu zen, eta Europako burtsek galera handiak izan zituzten. Madrilgo Ibex 35 indizeak %5 baino gehiago galdu zuen—urteko bigarren beherakadarik handiena—, eta Milango burtsa %4,6 erori zen. Espainiako arrisku saria, berriz, berriro ere600 puntura igo zen, eta Italiarenak 500 puntuak gainditu zituen. Beherakadari jaramon egin gabe, Raxoik eta Montik ontzat jo zituzten Draghiren hitzak, elkarrekin egindako agerraldian. Merkatuen erreakzioa ikusita, aurten ere abuztu gorabeheratsu baterako oinarriak jarri ziren atzo.
Baldintzapeko laguntza
Zorraren krisiari aurre egiteko laguntza nahi duten herrialdeei bide orria zeinden eta lehen urratsa nork egin behar duen argi utzi zien Draghik. «EFSF funtsera jo behar dute lehenik eta behin gobernuek. EBZk ezin ditu gobernuak ordezkatu». Ohartarazi zuenez, bankuak zorra berriro erosten hasteko estrategia prest izango balu ere, ezingo zuen ezer egin herrialderen batek erreskate funtsetara jo arte. Laguntza jasotzearen truke «baldintza zorrotzak» ezarriko direla ere argi utzi zuen.
Aurretik ere, arazoak zituzten herrialdeen zorra erosi izan du EBZk bigarren mailako merkatuetan. Haatik, aspaldi du geldirik programa hori. Draghik iragarri zuen oraingo hau ezberdina izango dela; EBZren esku hartzea «helburua lortzeko adinakoa» izango dela. Bankuak erabili ohi duen mintzaera kriptikoan esan lezake ez duela inolako mugarik izango. Aurretik egindako erosketa programa mugatua zela gogorarazi izan du beti banku zentralak. Esku hartzearen neurriari buruz zalantzak dituztenei ere abisu argia igorri nahi izan zien: «Euroak ez du atzera bueltarik izango. Ez du inolako zentzurik euroaren aurkako apustuak egiteak».
Luze gabeko bonuen prezioa kontrolatu nahi dute bereziki, eta programaren bilakaeraren inguruan gardentasun «osoa» agindu zuen Draghik. Era berean, kobratzeko lehentasunak sor ditzakeen arazoak argituko direla ziurtatu zuen, nola egingo den zehazki esan gabe. Zorra kitatzerakoan, EBZk lehentasuna izan ohi du, eta galera gehiago euren gain hartzeko arriskuak kezkatuta, inbertitzaile batzuek bonuak erosteari bizkarra eman diote azken garaietan. Bestalde, azken egunetan sarri aipatu den beste aukera bat errefusatu du bankuak: uste du ez dela legezkoa ESM erreskate funts iraunkorrari banku lizentzia eman eta horren bidez likidezia handitzea.
Bundesbank, aurka
EBZk urrats ausartak eta erabakigarriak ez egiteko arrazoi nagusietako bat hau da: barnean orekari eusteko duen zailtasuna. Jakina da Bundesbank Alemaniako banku zentral boteretsua ezohiko edozein neurriren aurka egon dela, eta EBZk finantza ortodoxia estuenari jarraitzea gustatzen zaiola. Atzo ez zen bestela izan, eta onartutako estrategiarekin ados ez dagoela adierazi zuen Bundesbankeko ordezkariak, Jens Weidmannek. Draghi eta EBZ Alemaniaren babesik gabe zenbateko tartea duten ikusi beharko da.
Kontseiluak adostutako erabakien berri eman ondoren, galdera saio luze bati erantzun behar izan zion Mario Draghik. Galdera ugari Londresen astebete lehenago egindako adierazpenei buruzkoak izan ziren. Euroa salbatzeko edozer egin zuela esaterakoan egin diren interpretazioekin harritu samar agertu zen. «Bakoitzak nahi zuena entzun zuen. Ez nuen behin ere ez esan zorra berriro erosten hasiko ginenik».
Krisia eurogunean. EBZren erantzuna
Erreskatearen atea ireki die
EBZk ez du Espainiako eta Italiako zor publikorik erosiko gobernuek erreskate funtsei laguntza eskatu arteDraghiren hitzek eta neurri zehatzen faltak galera handiak eragin dituzte burtsetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu