Amildegien artean aukeratu behar zuten greziarrek, eta eskuinekoa hautatu dute. Siriza ezkerreko koalizioaren garaipenak euroa uzteko atea irekiko zuen beldurrez, greziarrek nahiago izan dute gehiengoa ematea erreskatearen aldeko NDri (Demokrazia Berria) eta Pasoki, nahiz eta bi alderdi horiek diren Greziaren oraingo egoeraren erantzule nagusiak. Botoak arnasa eman dio Europako Batasunari, Grezia eurotik atera behar izateak sortzen duen izua urrundu duelako. Gobernua osatzea lortzen badu erreskatearen baldintzak berriro negoziatzen saiatuko dela agindu du Andonis Samaras NDko buruzagiak, «langabeziaren hondamendia eta zailtasun handiak arintzeko».
Atzo bertan hasi zuen Samarasek gobernua eratzeko lana. Maiatzean huts egin zuen, baina orain aukera handiagoa du, orduan baino 21 aulki gehiago (129) eskuratu dituelako. Nahikoa zaio Pasok (33) aurkari historikoarekin batzea 151 diputaturen gehiengo osoa gainditzeko. Evangelos Venizelos sozialdemokraten buruak esan dio Samarasi prest dagoela gobernuan sartzeko, eta iragarri du litekeena dela koalizio gobernua gaur bertan osatzea. Hori bai, Venizelosek nahi du beste alderdi batzuk ere gobernuan sartzea, hartu beharko dituzten neurri gogorren desgastea banatzeko. Deialdia entzuteko prest dagoen bakarra Dimar ezkerreko alderdi txikia (17) da, baina agian bete ezin dituen baldintzak jarri dizkio Samarasi: erreskate planak ekarriko lukeen soldaten eta pentsioen jaitsiera bertan behera geratzea eta defizita txikitzeko denbora gehiago izatea.
Gobernuan egoteari uko egin dio, berriz, Siriza ezkerreko koalizioak. «NDk eta biok estrategia erabat aurkakoak ditugu. Gu oposizioa izango gara», azaldu du Alexis Tsipras Sirizako buruak. Tsipras, ordea, prest azaldu da NDrekin «harreman jarraia» izateko, baldin eta erreskatearen baldintzak samurtzea lortzen badu.
Hauteskundeak irabazteko faborito zen arren, bigarren geratzea ez da emaitza txarra Sirizarentzat. Batetik, murrizketen aurkako mezuari esker, talde txikia izateari utzi eta oposizioko indar nagusia bihurtu da: botoen %5 zituen 2009an, eta %27 orain. Bestetik, erreskatea negoziatuta ere, hurrengo gobernuak oso erabaki gogorrak hartu beharko ditu. Grezia atzeraldi sakonean dago —azken hiru urteotan %16 uzkurtu da ekonomia, eta aurten beste %5 egitea espero du Greziako banku zentralak—, langabezia %22,6ra iritsi da, eta finantzaketa jasotzen jarraitu nahi badu gerrikoa gehiago estutu beharko du. «Ezkerra aurki izango da boterean», esan zien Tsiprasek bere aldekoei hauteskunde gauean. Orain osa daitekeen gobernuak hilabete gutxi batzuk soilik iraungo duela uste du.
Neurri gogorrak aurki
Erabakiak hartzeko denbora gutxi izango du gobernu berriak. Jarduneko gobernuak ohartarazi du kutxak hutsik egongo direla uztailaren erdialderako eta ezingo direla abuztuan soldata eta pentsio publikoak pagatu Europak diru gehiago uzten ez badie. Hori egiteko, beste 11.500 milioi euroko koska jaitsi beharko du defizita, jada bilketa handitzen ez duten zerga gehiagoren bitartez edo ekonomia are gehiago hondoratzen duen gastuaren murrizketaren bidez.
Greziarrek Europak nahi zuenaren alde bozkatu dutenez, ez da baztertu behar Europak esker ona erakustea. Efe agentziaren iturrien arabera, etzi euroguneko finantza ministroek beste bi urte emango dizkiote Atenasi zenbait erreforma eta gastu murrizketa egiteko eta defizitaren muga betetzeko.
Greziak ez ezik, litekeena da Irlandak ere arnasa hartzea. RTE Irlandako telebista publikoaren arabera, troika aztertzen ari da erreskatea itzultzeko epea hamabost urtetik 30era handitzeko aukera. Irlandak zintzo-zintzo bete ditu troikak diruaren truke eskatutako erreformak eta gastu murrizketak, eta maiatzaren 31ko erreferendumean baiezko zabala eman zion Europako Itun Fiskalari.
Krisia eurogunean. Hauteskundeak Grezian
Erreskatearen baldintzak negoziatzen saiatuko da Greziako gobernu berria
Pasoken baiezkoa jaso ondoren, koalizio gobernua osatzea eskura du Samaras kontserbadoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu