Espainiaren arrisku sariak behera egin du azken egunetan; 600 puntutik gora egon ondoren, 430ean itxi zuen atzo —igotzeko joeran berriro, 400ean ere egon baita—. EBZk zorra erosteko prest dela esan ondoren jaitsi zen modu nabarmenean. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak, berriz, oniritzia eman dio erreskate funts iraunkorrari (ESM); hala, Espainiaren bigarren erreskateari bidea zabaldu diote.
Baina Mariano Raxoi presidenteak ez du eskatu orain arte. Eta Europako Batasunean urduri jartzen hasiak dira Joaquin Almunia Ekonomia komisarioaren hitzei erreparatuta: «Zalantzarekin jarraitzeak tentsioak areagotzea ekar dezake berriro zor merkatuan». Mezu argia bidali dio Almuniak Espainiari: «Egingo denaren edo ez denaren inguruko informazioa ez igortzeak ez du laguntzen; badakigu zeinen azkar aldatzen den merkatuaren jarrera».
Erreskatea orain edo gero eskatu behar ote duen zalantza dauka Raxoik; arrisku sariari begira ei dago, ez Galiziako zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeei. Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak, berriz, erantzun du «egoki» deritzotenean hartuko dutela erabakia.
Erreskatearen erabakia argitzeko eskatu dio Almuniak Raxoiri
«Zalantzak arriskua dakar», dio Almuniak; Espainiak EBri informazioa ez ematea leporatu dio, halaber
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu