Krisia eurogunean

Erreskatearen erabakia lehenbailehen argitzeko esan dio Almuniak Raxoiri

"Zalantzak arriskua dakar. Batzuetan, oso zaila da erabakia hartzea, eta hau egoera konplexua da", esan du Joaquin Almunia Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. "Zalantzarekin jarraitzeak zor merkatuak edo beste edozein aldagaik tentsioak areagotzea ekar dezake berriro". 

Berria.info
2012ko irailaren 17a
18:46
Entzun

Argia da Europatik Espainiako presidenteari igorritako mezua: "Egingo denaren inguruko informazioa ez igortzeak ere ez du laguntzen; badakigu merkatuaren jarrera zein azkar aldatzen den".

Espainiarentzat bigarren erreskatea orain edo geroago eskatu behar ote duen zalantza dauka gobernuak. Arrisku sariak behera egin du nabarmen azken egunotan, eta horri begira dagoela esan du Mariano Raxoik. Galizian zein Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak daude urrian, baina Espainiako presidenteak dio erreskatearen erabakia hartzean ez duela kontuan hartuko faktore hori.

Era batera edo bestera, Espainiak ez du argitu oraindik bigarren erreskatea eskatuko ote duen, nahiz eta Europako Batasuneko erakundeek bide hori zabaltzeko urratsak egin dituzten; azkena, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman izana erreskate funts iraunkorrari (ESM). Berri hori eta Europako Banku Zentrala Espainiako zorra erosteko prest dagoela gogorarazi dio Raxoiri Almunia komisarioak, betiere erreskatearen inguruan erabakia har dezan behingoz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.