ESPAINIA

Erreskatearen eskaera ofiziala egin dio Espainiak Eurotaldeari

Gobernuaren arabera, eskaera horretan ez dute zehaztuko maileguaren zenbatekoa. De Guindosek uztailaren 9rako negoziatu nahi ditu erreskatearen baldintzak Eurotaldearekin.

2012ko ekainaren 25a
19:42
Entzun

Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak ostiralean iragarri zuen bezala, bankuak erreskatatzeko eskatu dio gaur ofizialki Eurotaldeari, baina ez du zehaztu dirua milioi horiek nola banatuko dituzten. Erreskatearen baldintzak uztailaren 9rako negoziatu nahi ditu De Guindosek Eurotaldearekin.

Erreskatearen zenbateko zehatza negoziazio horren ostean erabakiko dute. De Guindosek espero du mailegua epe luzerako izango dela, 15 urtetik gorakoa, eta interes tasak %3 edo %4 inguruan egongo direla.

Ekonomia Ministerioak kontratatutako Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza zerbitzuek iragan astean ondorioztatu zuten Espainiako bankuak erreskatatzeko asko jota 62.000 milioi euro beharko direla

Orain arte De Guindosek ez du argitu nahi izan BEZ zerga igotzeko asmoa ote duen, nahiz eta Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batzordeak hori eskatu. 

Bankuen kapitalizazio zuzena

Ekonomia ministroaren arabera, finantza erakundeak zuzenean kapitalizatzea, estatuaren eskuetatik pasa gabe, "erabat irekita dagoen aukera da". Aukera hori datorren asteetan edo hilabeteetan Europako agintariekin adostuko duela uste du Ekonomia ministroak.

Merkel eta Hollande, asteazkenean

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta François Hollande Frantziako presidentearekin bilduko da asteazken arratsaldean De Guindos. Bileraren xede nagusia ekainaren 28 eta 29ko goi bilera prestatzea da.

Horren aurretik, gaur Hollandek elkarrizketa izango du Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearekin eta Christian Noyer Frantziako Bankukoarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.