•Zenbat diru izango da? Aurki esango dute, Espainiako Gobernuak kontratatutako enpresek bankuen kontuei buruzko beren azterketen berri ematen dutenean. Gehienez 100.000 milioi izango direla hitzartu du eurotaldeak; Fitchek dio 60.000 milioi izango direla.
•Zeinek jarriko du dirua? Oraindik ez dago garbi eurogunearen zein erreskate funtsek jarriko duen: EFSF behin-behinekoak ala EMS behin betikoak. Baten eta bestearen artean, ordea, bada alde garrantzitsu bat: EFSFren diruarekin ez bezala, ESMk emandako maileguek lehentasuna dute beste ezein maileguren aldean. Horrek esan nahi du Espainiak zorra berregituratu behar izango balu lehenik ESMk jasoko lukeela dirua bueltan eta gero izango litzatekeela inbertsiogile pribatuen txanda. Hori da arrisku sariaren igoeraren arrazoietako bat: merkatuek diru gehiago eskatzen dute, Espainiaren zorrak arrisku handiagoa izan dezakeelako. Irlandan, Portugalen eta Grezian pareko estatusa dute zorrek, herrialde horiek ahal bezain pronto itzul daitezen merkatuetara.
•Zenbateko interesa ordaindu beharko dute? %3 eta %4 artekoa aipatu du Bruselak. EFSFren bidez egiten bada, paradoxa bat gertatuko da: Espainiak bere buruari ematen dion dirua bermatu beharko du, %12,5 alegia. Eta berak epe laburreko zorrean baizik ez du lortzen %3-4 inguruko interesa.
•Espainiak benetako erreskatea beharko al du? Hori egin behar ez izatea da bankuak erreskatatzeko arrazoi nagusia. Baina bere zorraren truke pagatu behar dituen interesek igotzen jarraitzen badute, ezin da guztiz baztertu. Batez ere, Espainiak atzeraldian jarraitzen badu.
•Zer baldintza bete beharko ditu Espainiak erreskatearen truke? Madrilek dio baldintza guztiak bankuentzat izango direla eta berari ez diotela ezer eskatuko, nahiko ahalegin egiten ari delako bere kabuz defizita murrizteko. Eurotaldearen agiriak, berriz, nabarmendu du «erregulartasunez» aztertuko dituztela Espainiaren kontuak, defizita txikitzeko helburua betetzen duela ziurtatzeko.
•Zer egin beharko dute bankuek? Troikako adituek eskatzen dietena: bulegoak itxi, buruzagiak eta langileak kaleratu, atalak saldu...
•Espainiaren zorra eta defizita handituko al du erreskateak? Zorrari buruz ez dago zalantzarik: 10 edo 11 puntu batuko dizkio zorrari, eta %90ra hurbilduko da. Bankuek estatuari eta estatuak Europari dirua itzuli ahala jaitsiko da. Baina kostua izango du, batez ere Itun Fiskalaren ondorioz %60ko zorraren muga zorrotzago bete behar bada: urte gehiagotan superabita izan beharko du Espainiak muga horretara iristeko. Defizitarena, berriz, ez dago hain garbi. Berez hala izan beharko luke, eta haren interesak (urtean 3.000-4.000 milioi) ere batu behar zaizkie, baina baliteke Europak horiek kontuan ez hartzea Espainiaren defizita kalkulatzean. Egingo balute, murrizketa gehiago etorriko lirateke.
Erreskateari buruz argitu beharrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu