Erresuma Batuak 500.000 funtzionario kenduko ditu, horietako asko kaleratuta

Defizit publikoa ezabatzeko planarekin, pentsioa jasotzeko adina 65 urtetik 66ra igoko dute 2020rako

Iker Aranburu.
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Grezia, Irlanda, Portugal, Errumania, Espainia... Gastu publikoa errotik moztea erabaki duten herrialdeei beste bat gehitu zaie: Erresuma Batua. Datozen lau urteotan 94 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu zuen atzo George Osborne Ekonomia ministroak. Horretarako ia 500.000 funtzionario kenduko ditu, erretiroaren adina 66 urtetan jarriko du 2020an, ministerioen aurrekontua batez beste %19 gutxituko du, eta hainbat gizarte laguntza kenduko ditu.

Mozketak «derrigorrezkoak» direla ziurtatu du Osbornek. Egin ezean Erresuma Batua «bankarrotaren ertzera» doa, gastu publikoa nork finantzatuko dion aurkituko ez duelakoan. Neurrien erantzukizuna aurreko gobernu laboristari leporatu dio Osbornek: «Erresuma Batua zulotik atzera egin duen eguna da gaur, hamarkada bateko zorraren fakturei aurre egiten diegun eguna. Bide gogorra da, baina etorkizun hobera garamatza».

Erresuma Batuak 180.000 milioi euroko defizita pilatu zuen iaz -BPGaren %11,5-, EBko beste ezein herrialdek baino gehiago; 145.000 milioikoa izan zuen Frantziak eta 117.000 milioikoa Espainiak. Defizita pagatu ahal izateko zor publikoa bikoiztera doa: BPGaren %43koa zen 2006an eta %86ra hel daiteke datorren urtean, Europako Batasunaren arabera.

Pentsioa, beranduago

Pentsio publikoa jasotzeko adina 65 urtetik 66 urtera atzeratzeko asmoak lau urtez aurreratu dituzte. Horren bidez, urtean 5.700 milioi libera aurreztu nahi ditu Londresko gobernuak. Ondorioz, 2018an hasiko dira erretiroa progresiboki atzeratzen eta 2020rako 66 urtean utziko da. Gaur egun, gizonezkoak 65 urterekin jasotzen dute pentsio publikoa, eta 60 urterekin emakumeek. Azken horiei 65 urtera handitzeko urratsak hasi dituzte aurten, 1950ean jaiotakoetatik hasita. Atzora arte, asmoa zen 2024eta 2046 artean erretiroaren adina gradualki igotzea, 68 urtetan utzi arte.

490.000 funtzionario gutxiago

Dirua aurrezteko modu bat izango da funtzionario kopurua gutxitzea. Osbornek aitortu du 490.000 lanpostu publiko desagertuko direla datozen lau urteotan. Erretiroa hartzen duten asko ez dituzte ordezkatuko, baina kaleratzeak ere izango dira. «Saihestezinak dira herrialdea dirurik gabe geratu denean». Gainera, funtzionario gehienen soldatak izoztuta izango dira bi urtez, eta gehiago kotizatu beharko dute beren pentsioetarako. Gastuaren murrizketak kalte egingo dio enplegu pribatuari ere, batik bat inbertsio publikoak atzeratuko edo bertan behera geratuko direlako. PricewaterhouseCoopersek egin berri duen txosten batek dio beste milioi erdi lanpostu gal daitezkeela sektore pribatuan.

Zergak ez dira igoko

Defizita murrizteko bi moduetako bat baztertu du Londresko gobernuak: zergak igotzearena. Arlo horretan kontserbadoreek beren tesiak inposatu dizkiete liberaldemokratei. Salbuespena badago, ordea: bankuei zerga berezia ezarriko diete. Gaur dute azaltzekoa, baina jakina da bankuen balantzeen gainekoa izango dela. Laboristek bankarien gainsarien gainean iaz ezarritako zerga bereziak baino diru gehiago jasoko dutela agindu du Osbornek -ia 4.000 milioi libera eman zituen hark-.

Diru gutxiago ministerioentzat

Batez beste %19 murriztuko dituzte ministerioen gastuak, laboristek aurreikusitakoa baino puntu bat gutxiago. Udalek sufrituko dute gehien, ia %30 gutxiago jasoko dutelako lau urte barru. Barne, Atzerri eta Justizia ministerioei %24 jaitsiko diete aurrekontua, %20 Energiakoari eta %7,1 Enpresetakoari. Kulturak %41 gutxitu beharko ditu administrazio gastuak, eta %15 gutxiago inbertitu ahal izango du museotan, artean eta kiroletan. Murrizketatik libratuko dira Zientzia Ministerioa, Osasuna (2.200 milioi gehiago urtean) eta atzerriko garapenerako gastua-BPGaren %0,7ra helduko da 2013rako-.

Guraizea gizarte gastuari

Gizarte gastuetan, oraintsu iragarritako 11.000 milioi euroko aurrezkiari beste 7.000 milioi batuko zaizkie datozen lau urteotan. Familientzako laguntzei gehienezko kopurua ezarriko zaie, seme-alabentzako laguntzak kenduko dizkiete errenta handikoei, ezintasun pentsioa jasotzea zailduko dute, langabezia sariak eta etxeko errenta pagatzeko laguntzak mugatuko dituzte eta etxebizitza sozialen prezioak igoko. Eutsi egingo diete 75 urtetik gorakoek neguan erregaia erosteko laguntzari, eta autobus eta telebista lizentzia doakoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.