Elequi enpresan lan egindako Amardo Pardo langilea atzo hil zen amiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz. Asbestosisa eta biriketako beste gaixotasun batzuk zituen, eta horien ondorioz hil zela argitu du CCOO sindikatuak. Erretiratuta zegoen, eta Bizkaiko Gizarte Segurantzak lanaren ondorioz sortutako gaixotasuna izan zela ebatzita behin betiko ezintasun osoa eman zion.
Lan egiten zuen Elequi enpresan amiantoa erabili zela egiaztatu ahal izan zela adierazi du sindikatuak ohar bidez. Era berean, material horren eragina apaltzeko neurririk hartu ez izana leporatu dio CCOOk enpresari. “Arnaserako babesgarriak ziren neurriak ez zituen hartu bere garaian”, dio oharrak. Horrez gain, garbitasun neurriak egin ez izana ere salatu du.
Behargin ohia sindikatuko militantea zen, eta batzorde eragileko kide ere izan zen, Industria federazioan parte hartuz.