Krisia Europan. Erretiroaren erreforma Espainian

Erretiroa 67 urterekin, bai ala bai

Toledoko Itunaren onespena ez izan arren, erretiroa hartzeko adina luzatzeko asmoan ez duela atzera egingo esan du ZapaterokMalgutasuna agindu du, langileen baldintza partikularrak kontuan hartu ahal izateko

Iker Aranburu.
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Erretiroa hartzeko adina 67 urtera arte atzeratzearen kostu politikoa bere bizkar jarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok atzo. «Pentsioen erreforma egin behar dugu, eta egingo dugu, ondorioak zernahi izanda ere», esan zuen Espainiako gobernuburuak. Erretiroa atzeratzeak ekarriko duen haserrea biguntzeko —eta CiUren edo EAJren botoak erakartzeko—, Zapaterok argitu du «malgutasun faktoreak» ezarriko direla erretiro adinean, «langileen egoerak desberdinak baitira». Horrekin iradoki du lan bizitza luzea izandakoak edo oso lan gogorretan aritutakoek ez dutela itxaron beharko 67 urte bete arte jubilatu ahal izateko.

Zapaterok oso leku esanguratsua hautatu zuen 67 urteko erretiro adinari eutsiko diola iragartzeko. Bruselan egin zuen, Europako Batasuneko agintarien goi-bileraren amaierako prentsaurrean. Gogortasun mezua bere agintepekoei ez ezik, finantza merkatuei eta EBko bazkideei helarazi nahi zien horrela. Keinua eskertu zion Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak, atzo esan baitzuen «txundituta» zegoela Espainiak —eta Portugalek— kontuak orekatzeko hartutako neurriekin.

Erantzukizuna, Gobernuarena

Toledoko Ituneko eztabaidetan sozialistak 67 urteko erretiroaren alde bakarrik geratu arren, puntu horretan amore emateko asmorik ez duela argi eta garbi utzi du Zapaterok. «Aldaketak egin behar ditugu, eta lan bizitza luzatu behar dugu. Toledoko Itunak txostena landu du, baina testua osatzeko ardura eta epe erdira eta luzera gure pentsio sistema aldatzeko erantzukizuna gobernuari dagozkio». Urtarrilaren 28an aurkeztuko du legegaia, erretiroaren adina atzeratzeko proposamena egin eta urtebetera.

PSOEk gehiengo osorik ez duenez, eta PPk eta ezkerreko taldeek lagunduko ez diotenez, Zapaterori ezinbestekoa zaio CiUren edo EAJren botoa erakartzea. Toledoko Ituneko bileretan ez batek ezta besteak ere ez dute 67 urteko erretiroaren alde egin, baina biak azaldu dira erreforma negoziatzeko prest. Jeltzaleek, gainera, nabarmendu dute Europako herrialde batzuetan erretiroa noiz hartzeko erabakitzeko garaianmalgutasuna dutela langileek.

Talde guztiei hauteskundeak alde batera utzi eta «erantzukizuna, etorkizuna aurreikusteko gogoa eta konpromisorako gaitasuna» eskatu die Espainiako presidenteak. Oroitarazi die beste herrialde askotan ere erretiroaren adina atzeratzen ari direla, eta Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Suedia eta Danimarka aipatu ditu.

Gaur egun erretiroaren batez besteko adina 62,6 urtekoa dela ziurtatu du; adin hori, epe luzera,«ez da jasangarria». Kritikei aurre eginda, Zapaterok onartu du gaur egun Gizarte Segurantzak superabita duela eta arazoak ez direla «hamabost edo hogei urte barru» arte etorriko. Egoera horrekin, «erosoena ezer ez egitea izango litzatekeen arren», Espainiako Gobernuak neurriak orain hartuko dituela nabarmendu du, «beranduagora arte uzten badira, neurri gogorragoak hartu beharko dira eta».

Datorren udaberriko udal hauteskundeetan kostu handia izan dezaketela aitortuta ere, eginbeharraren tesiari heldu dio Zapaterok: «Une historikoan gaude. Egiten ari garen aldaketa guztiak, errazak izan ez arren, ahaleginak eta sakrifizioak ekarriko dituzte gaur, baina konfiantza, oparotasuna eta enplegua bihar». Zapaterok uste du espainiarrek erreforma ulertuko dutela, «eztabaida argigarri bat egiten bada».

Erreforma progresiboki indarrean jartzeko asmoa duela azaldu du Espainiako gobernuburuak, eta ez diela erretiroa gertu daudenei eragingo. 50 urte edogutxiago dutenei agindu die pentsioa izan izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.