2020. urtean langileak baino lanpostu gehiago egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, joera demografikoak jarraitzen badu. Hamar urtean aldaketa nabarmena gertatuko da: gaur egun 940.000 pertsona ari dira lanean, baina 2020an 920.000 egongo dira lan egiteko moduan, Orkestra EAEko Lehiakortasunerako Institutuaren arabera. Langabeziarik ez, beraz. Baina langileak falta badira, daudenek lan gehiago edo hobeto egin beharko dute. Erretiro adina atzeratu egin beharko dela eta langileen produktibitatea handitu beharko dela uste du.
Orkestrak arrazoia eman die erretiro adina atzeratzearen alde daudenei, 2011ko lehiakortasun txostenean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «krisi demografikoak» eragingo dituen «ondorio dramatikoei» eman beharreko erantzunetako bat, «interes berezikoa», urte gehiagotan lan egitea dela dio. Aukera hori aipatu du langile faltari, jaiotza tasa apalari eta bizi itxaropena luzatzeari aurre egiteko.
Deustu Fundazioaren Orkestra Institutuak txostena atzo aurreratu zien komunikabideei, Bilbon, eta gaur aurkeztuko du Donostian, jardunaldi batean. Orkestrak bi urtetik behin egiten du txostena. Konplexutasun berrian lideratzeaizena du aurtengoak.
Zahartze prozesua oso azkarra da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hamarkada batean %25 jaitsi da 25 eta 44 urte arteko populazioa. Orkestrak nabarmendu du adin tarte horretako populazioa «kritikoa» dela, adin horretakoak baitira produktibitatearen, berritzeko gaitasunaren eta ekintzailetzaren aldekoenak.
Eustaten datuen arabera, 2020 bitartean lan egiteko adina duen populazioa, 16-64 urte artekoa %4 gutxituko da; 65 urtetik gorakoa, aldiz, %22,7 handitu. Politikak aldatu ezean, populazio aktiboa %20 txikiagoa izan daiteke 20150ean.
Erretiro adina atzeratzeaz gain, Orkestrak beste irtenbide batzuk ere proposatu ditu, jarduera tasa handitzeko: lanaldi laburreko enplegua sustatzea eta erretiro aurreratuak mugatzea.
«Lan merkatuaren ikuspegitik albiste ona izan daiteke langabezia nahikoa erraz gutxituko dela», esan zuen Jose Luis Corbelo Orkestrako zuzendari nagusiak, atzo.
Ifrentzua
Baina egoera horrek ifrentzua ere izango duela ohartarazi zuen: «tentsio handiko» lan merkatua; merkatuen eskaerak asetzeko zailtasunak; lehiakortasunaren galera, «soldatak handituko liratekeelako»; zenbait lanpostutarako prestakuntza egokia duten langileen falta; langileen mugikortasun txikiagoa; eta «aniztasun profesional mugatua».
Nola geratu joera hori? Orkestrak zenbait proposamen egin ditu aurtengo lehiakortasun txostenean: lan bizitza luzatzea; batez besteko produktibitatea handitzea; etorkinak balio erantsi handiagoa duten jardueretan aritzea; prestakuntza handiko langileen mugikortasuna sustatzea; eta atzerriko talentua eta inbertsioak erakartzea.
Orkestraren txostenaren ondorioak ez dira berriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) apirilean kaleratu zuen populazioaren zahartzeak eragingo dituen ondorio ekonomikoei eta sozialei buruzko azterketa. KESek «luzera begirako estrategia osoa» eskatu zuen zahartzearen ondorioei aurre egiteko eta gizarte zerbitzuei eusteko.
KESek, besteak beste, proposatu zuen lana eta familia uztartzeko baldintzak hobetu egin behar direla,gazteek lehenago hasi behar dutela lanean, eta emakumeen eta 55 urtetik gorakoen laneratze tasak handitu behar direla.
@Informazio gehiago nahi izanez gero, hona hemen Orkestraren webgunea:
www.orkestra.deusto.es/
Erretiroa. Hego Euskal Herria
Erretiroa atzeratu, krisi demografikoari aurre egiteko
Erretiroa atzeratzea eta produktibitatea handitzea proposatu du Orkestrak, EAEko zahartzea konpontzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu