Zapaterok zalantza guztiak uxatu zituen atzo. Espainiako Gobernuko presidenteak erretiro adin ofiziala 67 urtera atzeratuko duela esan zuen, eta noiz egingo duen ere esan du: 2027an. Hortik aurrera 67 urtekoa izango da erretiro adina. Bitartean, 2013tik hasita, urtero hilabete eta erdi baino gehiago atzeratuko da, indarrean dauden 65 urteetatik hasi eta 2027an 67 urtera iristeko. Beraz, behin-behineko kalkuluen arabera, 1948an jaiotakoei hasiko zaie erretiro adina luzatzen eta 1960an jaiotakoetatik aurrera aplikatuko da 67 urteko erretiro adina.
Toledoko Itunak herenegun onartu zituen gobernuari egin beharreko gomendioak pentsioen sistema aldatzeko. Bertan, onartu zuten ez zutela akordiorik lortu erretiro adina luzatzeari buruz. Akordio falta hori Espainiako Gobernuaren asmoentzat oztopoa izango zela interpretatu zuten batzuek. Jose Luis Rodriguez Zapaterok oztopo guztiak gainditu zituen, hurrengo egunean, berez 2010ari buruzko balantzea egiteko zen prentsaurreko batean. Zehaztasunak ematera derrigortuta ez zegoen agerraldi batean. Gomendioak «interes handikoak» direla esan zuen. Ez dira lotesleak, eta, praktikan, nahi duena egiteko aukera eskaintzen diote, oso orokorrak baitira.
Espainiako presidentea konbentzituta dago, baina bere proposamena onartzeko EAJren edo CiUren babesa beharko du, ez baitu gehiengo nahikorik bere aldeko botoekin bakarrik onartzeko.
Legeak salbuespenak izango ditu. 67 urte bete aurretik erretiratu ahal izango dute urte askoan kotizatu dutenek (36 urtetik aurrera hasita) eta lan gogorrak eta arriskutsuak egiten dituztenek.
Bai UGTk bai CCOOk esan dute Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko zain daudela, langileak greba orokorrera deitu edo ez erabakitzeko. Argi utzi dute, erretiro adina atzeratzen bada, grebaren alde egingo dutela. Atzokoak entzunda, garbi geratu zaie Espainiako Gobernuak ez duela jarrera aldatuko, eta ez dutela aukerarik erreformaren mamian nabarmen eragiteko, Candido Mendez UGTko idazkariak erretiro adina atzeratzea bertan behera uzteko «itxaropen izpi bat» ikusten duen arren.
Zapatero «prest» dago «gainerako proposamenak entzuteko», baina pentsioen erreforma urtarrilaren 28an onartuko dela nabarmendu du, bai ala bai.
Gutxieneko soldata: 641 euro
Espainiako Gobernuak atzo onartu zuen %1,3ko igoera pentsio guztientzat. Igoera hori aurten pentsioen igoerak (%1) eta inflazioak (%2,3) izan duten aldearen arteko ondorioa da. Prezioak pentsioak baino gehiago igo dira.
Ondorioz, pentsioek igoera hori barneratuko dute. Dena den, Toledoko Itunaren gomendioek halako kasuetako igoerak aintzat ez hartzeko aukera planteatzen du: hau da, aldea dirutan konpentsatu bai, baina gero igoera hori automatikoki ez aplikatzea hurrengo urterako pentsioa kalkulatzeko. Gutxieneko pentsioak %2,3 igoko dira; pentsio guztien %1,3ko igoeraz gain, puntu bat gehiago.
Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera %1,3koa izango da, eta hileko 633,3 eurotik 641,4 eurora pasako da (14 ordainketa urtean). Zapaterok nabarmendu zuen horrek Espainiako Gobernuak gutxien dutenekin duen «sentiberatasuna» erakusten duela. IUk uste du igoera «barregarria» eta herritarrak mobilizatzera deitzeko modukoa dela.
Erretiroa hartzeko adin ofiziala 67 urtekoa izango da 2027tik aurrera
65 urtetik 67ra pasatzeko prozesua 2013an hasiko da, eta hamalau urte iraungo ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu