Pentsio sistemaren erreformarako negoziazioa abiatu du Frantziako Gobernuak, eta lehen egunetik argi geratu zaio ezinezkoa edo oso zaila izango zaiola gizarte eragile guztien onespena lortzea. Laurence Parisot Medef patronaleko buruak erretiroaren adina 62 urtetik 65era atzeratzeko proposatu du 2040rako. Halaber eskatu du pentsioa osorik jaso ahal izateko kotizatu beharreko urteak 41,5 urtetik 43ra igotzea. Proposamen horiek onartezinak direla erantzun dute sindikatuek.
Negoziazio formala ekainaren 20an eta 21ean hasiko da, pentsioak ez ezik erosteko ahalmena eta enplegua ere jorratu behar dituen «gizarte konferentzia» batekin. Iaz ere formula hori baliatu zuen François Hollande presidenteak, eta urtarrilean eman zuen fruitua, lan merkatuaren erreforma hitzartuarekin —CGTk eta FOk ez zuten sinatu)—. Oraingoan ere antzeko epeak izango dira. Gobernuak ekainaren hasieran jaso behar ditu aditu talde baten proposamenak, horien gainean negoziatuko dute uztailean eta udazkenean heldu beharko luke legegaiak parlamentura, urtea amaitu aurretik onartua izan dadin.
Bi arrazoik bultzatzen dute Hollande pentsioak erreformatzea: Gizarte Segurantzaren defizitak eta Bruselaren presioak. Europako Batzordeak beste bi urte eman dizkio Parisi defizita %3tik behera jaisteko, baina baldintzen artean dago «erreforma sakonak» egitea. Horien artean, pentsioena.
Nicolas Sarkozyren 2010eko erreformak 60 urtetik 62ra gibeleratu zuen erretiroa hartzeko adina, eta 65tik 67ra pentsioa osorik jasotzekoa. Erreforma horrek azken urteotako protesta bizienak sortu zituen Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, 2010eko udazkenean.