Erretirorako adina atzeratzeko pausoak ugalduz doaz Europan

Frantziako Gobernuak erretreten sistema erreformatu ostean, Italian Berlusconik asmo bera azaldu du, eta Alemanian aditu talde batek egindako txostenak eztabaida bizia eragin du pentsioen sistemen geroari buruz

Erredakzioa
2003ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Euren pentsio sistemen etorkizuna ziurtatu behar dutelako argudioarekin, Europako herrialde nagusietako gobernuak erretiroa hartzeko baldintzak gogortzeko erreformekin gora eta behera dabiltza. Batzuek ekin diote erreformei, beste batzuk hastear dira moldaketak eztabaidatzen, eta beste zenbaitek, hauteskundeak direla medio, denbora baterako atzeratu nahi dute gaia. Hala ere, pentsioei buruzko eztabaida, behin abuztua igaro, bizi-bizi itzuli da.

Aste honetan, Alemaniako Gobernuak osatutako aditu talde batek gaiari buruzko txosten bat plazaratu du, eta erretiroa hartzeko baldintzak gogortzen dituen erreforma proposatu. Besteak beste, erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67 urtera atzeratzea proposatzen dute adituok, baita erretiro ordainsaria progresiboki soldata gordinaren %48tik %41,6ra jaistea ere 2030. urtean.

Gerhard Schroeder Alemaniako lehen ministroak, ziurrenez bere boto-emaileen artean dauden milaka erretiratuak gogoan, ez du egin bere gobernuak agindutako txostenaren defentsa sutsurik, baina prozedura zabaldu da jada, nahiz eta luzea izango dela aurreikusten den. Urrira bitartean Osasun ministroak proposamen oso bat egin beharko du, eta Gobernuari aurkeztu. Gero koalizio gobernuko kideengana joango da, eta hortik, lege proiektu bihurtuta, proposamen orokorrak Parlamentu Federaletik igaro beharko luke aurrena eta Lurralde Parlamentutik ondoren.

Hala ere, Schroederrek, txostenaz galdetu diotenean, giltzarria izan daitekeen gai bat ukitu du. Alemaniako lehen ministroaren ustez, erretirorako adina 67 urtera igo aurretik, beste neurri batzuk har daitezke: «Alemanian legeak dio erretirorako adina 65 urte dela, baina egiaz jendeak 60 urterekin hartzen du erretiroa. Ezinbestekoa da erretiratzeko egiazko adina, legez ezarritakoa izatea, hots, 65 urte. Baina hori ez da soilik politikoen lana; jende gazteagoa hartzeko langileak 55 urterekin erretiratzen dituzten enpresena ere bada».

Italian ere pentsioen eztabaida puri-purian jarri du Silvio Berlusconi lehen ministroak aste honetan. Behin 35 urte kotizatuta, 57 urtetik aurrera erretiratzeko aukera dute italiarrek. 2010ean adina 60 urtera atzeratzea proposatu du lehen ministroak, eta 62 urtera hortik aurrera. Lehen neurrietako bat bere lanpostuan gelditzen diren langileak saritzea litzateke, gizarte segurantzaren kotizazioa kenduta, haien soldata garbiak igoaraziz. Hala ere, sindikatuak kontra izango ditu Berlusconik erreforma hori aurrera ateratzeko borrokan.>

Frantzian, aurrera

Greba orokor bati aurre eginda, Frantziako Gobernuak, aldiz, lortu du erretreta sistemaren erreforma aurrera ateratzea, besteak beste sektore publikoko pentsioaren %100 lortzeko kotizatu beharreko urteak 37,5etik 40ra luzatuz. Legearen arabera, 2020. urtean 42 urte kotizatu beharko dituzte langileek pentsioaren %100 izateko.

Espainian ere, bilakaera demografikoaren aurreikuspenak direla eta, pentsioen sistemaren etorkizuna ziurtatu beharra dagoela esanez, ugari izan dira Gobernutik egindako adierazpenak. Gaiaz eztabaidatzeko Gobernuak, patronalak eta sindikatuek osatutako Toledoko Itunak hurrengo bilera datorren asteartean du. Mahai gainean izango da pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea zabaltzea. Pentsioa kalkulatzeko, kotizatutako azken 15 urteak soilik kontuan hartu beharrean, lan-bizitza osoa hartzea proposatu dute. Toledoko Ituneko batzordeko presidenteak, PPko Jesus Merinok, aste honetan aitortu du kalkuluaren aldaketa hori langile askoren pentsioen kalterako izan daitekeela. Baina Espainian eztabaida atzeratu egingo dela aurreikusten da, martxoko hauteskundeak igaro arte, behintzat.

ALEMANIA

Erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67ra atzeratzea proposatu du aditu talde batek

ITALIA

2010. urtetik aurrera erretiratzeko adina 62 urtekoa izatea nahi du Berlusconik

FRANTZIA

Pentsioaren %100 izateko, 2020an 42 urte kotizatu izatea beharrezko izango da

espainia

Pentsioa kalkulatzeko lan-bizitza osoko kotizazioak aintzat hartzea proposatu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.