Ekainaren 24ko greba barne, erretreten erreformaren aurkako laugarren protesta eguna izanen da gaurkoa, hainbat sindikatuk deiturik. Baionari dagokionez, 10:30ean finkatua du manifestaldiaren hasiera, aitzineko aldietan bezala, Lan Burtsan; LABek berriz, Reduit plazan.
Berritasunen artean, protestako aktoreen artean, ikasleen parte-hartzea dago. Zenbait lizeoetako ikasleek lizeoen blokatzeko nahia erakutsia dute. Baionako fakultateko ikasleek ez dute dei berezirik egin. Batzuek eskola orduak aldatu dituzte manifestaldira joan ahal izateko, besterik gabe.
Aldaketa nagusia aitzineko grebei begira, haatik, greba deialdian datza. Aitzinekoetan ez bezala, aldi honetan greba berriztagarrien deialdiak zabaldu dira, SNCF tren konpainian, adibidez.Ondorioz, hiru AHTetatik bat baizik ez da partituko. Eskualdeko trenetan, zirkulazioaren %61 segurtatuko dutela iragarri du konpainiak. Autobusen aldetik, Baiona eta ingurukoetan dabiltzanen erdiak ibiliko dira. Baionan berean ari direnetan, bat bera ere ez. Miarritzeko aireportuan, EasyJet eta Ryanair konpainiek beren hegaldiak eten dituzte, Air Francek Parisera doazen lau hegaldi atxikiak ditu. Postan ere greba egitera deitu dute.
Horiek guztiak gaurko dira jakinak. Kontua da sindikatu guztiek ez dukatela diskurtso bera greba berriztagarriari begira. Intersindikalak, hau da, CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek osatu kolektiboak, kolektibo gisa, beste manifestaldi bat pentsatua du larunbat honetarako; gaurko, grebara deitu du, baina ez greba orokorrera. Hainbat sektoretako langileak biltzar nagusiak antolatzera deitu dituzte, biltzar bakoitzak erabaki dezan zer segida eman. LABek greba orokorrera deitu du.
Horiek horrela, oraindik ez da argi zein heineko arrakasta izanen duen greba berriztagarriak. Erretreten erreformaren aurka sortu Euskal Herriko kolektibitateak, hasteko, bihar 14:30ean biltzera deitzen du Baionako Lan Burtsan, grebalarien artean ikusteko zer segida eman mugimenduari.
Bien bitartean, senatariek erretreten erreformaren bozaldia segitzen ari dira. Ostiralean onetsi zuten bosgarren artikulua, zeinak erretretaren adina 60tik 62ra gibelatzen baitu. Orain, seigarren artikulua ari dira aztertzen. Nahiz eta ez 40 urtez lan egin, pentsioa osorik jaso ahal izateko, gaur egun 65 urte bete behar badira, artikulu hori onartuz gero, 67 urte arte lan egitea beharrezkoa izanen da. Bozaldia atzeratzeko, oposizioak ehunka zuzenketa proposamen iragarriak ditu. Eztabaida horiek luzatzekoak dituzte. Gaur eztabaidak segitzekoa du eta aste bukaera arte.
Erretren erreformaren kontra, laugarrenez
Tren eta autobus zerbitzuak murriztuko dituzte gaur, eta ikasleek ere erretreten erreforma salatzekoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu