ERRETRETEN ERREFORMA. GREBA. Eta orain zer?

Iker Aranburu.
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Opor osteko enegarren mobilizazio egunaren ondoren galdera nagusi bat sortzen da: jarraituko al dute protestek Frantziako Senatuak erretiro sistemaren erreformaren legegaia behin betikoz onartzen duenean?

Galdera horien erantzunaren lehen arrastoak bihar hasiko dira argitzen, intersindikalaren bileraren ondoren. Sindikatuek erabaki behar dute mobilizazioekin jarraitzeak merezi ote duen, ikusita ez dutela, oraingoz, erretiroaren adina ez atzeratzeko helburua lortu. Eta horrekin batera, langileen ordezkariek neurtu behar dute protestekin jarraitzeko gai ote diren, greba berriztagarriek sektore gehienetan izan duten erantzun apala kontuan hartuta.

Espero denez, biharko bileran desadostasunak azalduko dira moderatuenen (CFDT eta Unsa) eta erradikalenen artean (Solidaires, FO). Onartutako lege baten aurka borroka egitea alferrik dela argudiatuko dute lehenek, sindikalismoak dagoeneko erakutsi duelako bere iritzia; mobilizazioen indarra ikusita, protestak gogortzeko unea dela esangodute bigarrenek, eta gogoraraziko dute hamar frantziarretatik zazpi erreformaren aurka daudela. Bien erdian, ez dago hain garbi zein bidetik joko duen CGTk, Frantziako sindikatuen artean indartsuenak.

Edonola ere, sindikatuek ez dute protesten monopolioa, eta badaude haien kontrolpetik at dauden taldeak; ikasleak, esaterako. Gazteek beren kasa erabaki dute mobilizazioei batzea, eta neurri berean erabaki dezakete protestekin jarraitzea.

Alde horretatik, ordea, Gobernuak badu aliatu estimagarri bat: Domu Santuko oporrak hasten dituzte etzi lizeoetako ikasleek, eta ez dira klasera itzuliko pare bat astez. Denbora nahikoa izan daiteke erreforma ahazteko, batik bat erretiroa urrun duen sektore batentzat.

Eta Gobernuak zer egingo du bihar? Arnasa hartu eta erreformekin aurrera jarraitu. Protestek estu hartu dute, batik bat findegiak blokeatu zituztenetik, baina Nicolas Sarkozyk espero du oraingo jarrera tinkoak epe erdira haren alde egingo duela. Bere burua presidente erreformatzailetzat aurkeztu zuen Sarkozyk 2007ko hauteskundeetan, eta urte eta erdi dauka hala dela frogatzeko, orain arteko balantzea nahiko pobrea delako alde horretatik.

Frantziarrek erretiroaren adina atzeratzea maite ez dutela egia da, baina Sarkozyk saldu nahi duen irudia da erabaki zailak hartzen dakien presidentea dela, gai serioei heltzeko gai den agintaria. Eta serioa da erretiro kutxaren defizitaren arazoa. Oparotasun ekonomikoaren garaietan ere defizita izan du Gizarte Segurantzaren Erretiroaren Kutxak, eta 32.000 milioi eurokoa izango da aurten. Oraingo erreformarekin 2018an defizita desagertuko dela kalkulatu du Gobernuak, baina zenbaki beltzek bi urte bakarrik iraungo dute, eta 2020rako berriro galerak izango ditu. Horrek esan nahi du, ustekaberik ezean, urte gutxi barru gaiari berriro heldu beharko diotela, gastuaren murrizketaren aldetik edo diru sarreren handitzearen aldetik.

2020 beharrean 2012 du buruan Sarkozyk, bigarren agintaldia jokoan baitu urte horretan. Irabazteko aukera bakarra erasora jotzea iritzita, erreformatzailearen jaka jantzi nahi du ordura bitartean. Azaroan, gobernua aldatu bezain pronto, beste proiektu batzuri helduko die: besteak beste, gazteen langabezia, zerga sistema eta justizia ditu jomugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.