Asperturik baina ez amore ematekotan. Nahiz bezperan Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak berretsi erreforma «egin egingo» dela, milaka lagunek bat egin zuten, CFDT, CFTC, CGT, FO, FSU, Solidaires eta Unsa sindikatuen deialdiarekin. Nahiz antolatzaileek baztertu, LAB sindikatua ere egon zen, jendetsu, aldi oro bezala. 19.000 lagun, antolatzaileen arabera; 8.300, poliziaren ustez ; dena den, orain arte izandakoetarik jendetsuena.
Ondoko egunetan bozkatu beharra dute erreforma senatariek, eta atzokoa izan zen bozketa aitzineko azken mobilizazio egun handia. Herritarrak «deliberatuak» direla dio Isabelle Soule FSU sindikatuko idazkari nagusiak, eta amore emateko gogorik ez dutela.
Greban jarraitu edo ez
Herritarrek ez badute amore eman nahi, parean, Gobernuak ere ez. Orduan, zer-nolako jarraipena eman? Hori da askoren galdera. Greban jarraitu? SNCFko ala Seaskako lizeoko langileak horretan badira, mugimendua zabalki erantzuna dela ezin daiteke erran. Ordu batzuetako lanuztearen hautua egin dute batzuek, «ekonomikoki irauteko errazagoa delako». Hala nola Cantau lizeoko langileek eta Hendaiako herriko etxekoek.
Hots, orokorki protesta egun handietan da mobilizatzen. Castorama dendako langile den Christophe Punzanok greba mugimendua gogortzeko prest izan arren, aitortzen du oro har jendea atzokoa bezalako egun masiboak egiteko prest dagoela soilik.
Anartean, ekonomiaren blokeoa dakarten ekintzen egiten dabiltza bi kolektibo: erretreten aldekoa eta Oldartu, grebalariak dituztela lagun. Atzo, adibidez, Baionako portua trabatu zuten, bide erdian jarri eta lanean zebiltzan kamioiak geldiaraziz. Eta A63 autopistan hamabost kilometroko auto ilara sortu zuen kamioi karabana batek.
Aste bukaeran hasten diren oporretan du Frantziako Gobernuak esperantza, mugimendua ahulduko dela uste baitu. Egia da ikasleak azkar mobilizaturik direla. Milaka ziren atzo «Sarko lekuak huts» oihukatzen zutela. Lapurdiko lizeokoak izan ezik, Nafarroa Beherekoak ere ikusi dira multzoan. Seaskaren Etxepare lizeoan den Amaiak kezka anitz ditu erreforma horri begira. Batetik, gaur egun 62 urtera atzeratuz «berantago 65 ala 69 urte arte lan egin beharko» dutelako. Bestetik, erretiro adinaren atzerapenak langabezia dakarrelako. Protesta «azkartzen» dutela diote sindikatuek, eta erretreten sisteman zein gizartean beharrezko den belaunaldien artekoelkartasunaren «isla» dela. Hainbat lizeo blokeaturik dira gaur ere, segur aski oporrak arte, eta biltzar nagusiz eta ekintzaz beteko dute astea.
Barnealdean ere antolatzen
Baionako manifestazioan agertu dira aldi oro bezala Nafarroa Behereko zein Zuberoko biztanleak. Aldiz, lehen aldikoz ikusgai agertu dira zenbait, Donibane Garazi eta Baigorriko irakasleak banderolaren gibeletik zirenak adibidez. «Aldarrikapen berdin baten barnean federatzeko hautua egin dugulako», Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Zitadela kolegioko Sandra irakasleak azaldu duenez. Donibane Garaziko Nafarroako lizeoko ikasleak ere bi autobusetan etorri dira.
Lapurdiko hiriburuan egiten diren protestez gain, haien herrietan ere hasiak dira antolatzen. Atzo egin zuten LABek deiturik Donapaleun (Nafarroa Beherea) elkarretaratzea eta Izpuran (Nafarroa Beherea) antolatu zuten sektore publikoko zein pribatuko langileen arteko biltzar nagusia. Bihar egingo dute baita manifestazioa Donibane Garazin ere.
69
Sarkozyiri buruzko iritzia. Herritarren %69k ez dute begi onez ikusten Sarkozyk orain artean egindako lana. 2007tik izandako mailarik apalena da hori. François Fillonen lanari buruzko iritziak ere gero eta okerragoak dira, inkesta baten arabera.1.000
Astebetean atxilotuak. Frantziako Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, astebetean mila lagun atxilotu dituzte herritarren segurtasuna arriskuan jartzea eta kale istiluak eragitea leporatuta; herenegun bertan 250etik gora. Atzo, aurreko protesta egunetan baino polizia gehiago atera ziren kalera. Parisko manifestazioa hasi aurretik, dozenaka gazte miatu zituzten «objektu arriskutsuen» bila. Baina, kale istiluak izan, izan ziren. Hiriburuan bertan, handik ipar-mendebaldera dagoen Nanterre herrian eta Lyonen, esate baterako, hainbat auto eta edukiontzi erre zituzten. Zaurituak ere izan ziren istiluengatik, zenbat zehaztu ez duten arren.«Eskandalurik handienaerretiro pentsioen finantzaketa ez aurreikustea litzateke»
NICOLAS SARKOZY
Frantziako presidentea