Erretreten erreformaren aurkako greba deialdiak jarraipen zabala izan du Ipar Euskal Herrian. Arlo askotan nabari izan da hori: enpresa pribatuan, postan, garraioan, eskola, hezkuntzan, ospitaleetan, lurralde kolektibitateetako langileen arloan... Esaterako, lehen eta bigarren hezkuntzako zentro gehienak itxiak izan dira -27 ikastoletatik 24 kasu-, autobusen erdia ibili da Baiona, Angelu eta Miarritzeko eremuan, eta euskaraz aritzen diren irratiek bat egin dute deialdiaren. Zerbitzuetan nabaria izan da lanuztearen eragina.
Azken batean, gaurko greba orokorra aurreko aldietan baino askoz gehiago jarraitu dute Lapurdiko, Nafarroako Behereko eta Zuberoako langileek.
10:50etatik aurrera manifestazioa egin dute milaka lagunek Baionan; 9.500 lagun bildu direla dio Frantziako Poliziak, eta antolatzaileek diote 12.200 batu direla. Han izan dira sindikatuetako ordezkariak, sektore pribatu eta publikoko langileen ordezkariak, erretretadunen elkarteetakoak... Elkartuta, lansari, enplegu eta erretretaren alde lelopean egin dute manifestazioa, eta erretreten erreformaren gaitzespena izan da mezu nagusia. Aurreneko mobilizazioa maiatzaren 27an egin zuten Baionan, eta lau mila lagun elkartu ziren orduan.
CFDT, CGT, CFTC, FSU, Solidaires eta UNSAk osatutako intersindikalak eta LABek egin dute protestarako deia. Intersindikalarentzat erreforma "ezin onartuzkoa eta bidegabea" izanki, haren "gogorki eragoztea" espero du gaurko egunarekin. LABen irudiko ere erreforma "faltsua, zentzugabea eta jasanezina" da.
Eric Woerth Frantziako Lan ministroak ekainaren 17an jakinarazi zuenez, erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62ra atzeratuko dela 2018an, eta osoki kotizatu ez arren pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatuko dela. Sindikatuek diote erreforma honekin langileriari gehiegi eskatzen zaiela. Hain zuzen, CFDTko idazkari Michel Larraldek zehazten duenez, "egin beharreko indarraren %85 langileei eskatua zatzaizkie".
Ekonomia
Erretreten erreformaren aurkako grebak erantzun zabala izan du Ipar Euskal Herrian
Langile sindikatuez gain, ezkerreko alderdi politikoek eta hainbat eragile sozialek ere deitu dute gaurko protestara. Zerbitzuetan nabaria izan da eragina. Goizean manifestazioa egin dute hamar mila lagun inguruk Baionan. Erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62ra atzeratuko da 2018an, eta osoki kotizatu ez arren pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu