Nahiz intersindikalak baztertu, LAB ere bertan egon zen, Erretreta sistema justu eta elkartasunezko baten alde. Inposaketarik ez banderolaren gibelean, greba orokorraren mezua zabaltzen.
Argi da erretreten erreformaren aurkako ahotsa ez dela isiltzen. Baina Frantziako Gobernuak elkor segitzen du, eta asteazkenean dute senatariek erreforma bozkatuko. Bezperan, bosgarren greba eguna izango da asteartean. Sektore publikoko zein pribatuko langilerian, langabetuetan zein gazte ala erretretadunetan mugimendua azkartzeko nahia sendi da. Baina urrats hori egiten dutenak orain arte gutxi dira. Ipar Euskal Herriari doakionez, gutxi dira greba jarraikian, SNCFko tren gidariak direlarik gehien mobilizaturik. Beste sektoreetan hainbat biltzar nagusi burutu edo burutuko dituzte etziko protestari emango den segidaz erabakitzeko.
Anartean, findegietan eramaten ari diren protestari begira dira asko. Hain zuzen, nahiz Frantziako Gobernuak segurtatu «ez dela ezantza eskasiarik» hainbat keinuk erakusten dute findegietan eta petrolio biltegietan diren greba eta blokeoek ezantzaren gabezia dakartela.
Arazoak aireportuetan
Frantziako hainbat hiritako aireportuetan kerosenoa faltako da aste hasieran. Gasolina zerbitzuguneetan ere eskasten hasia da. Grebak «arazoak» sortzen dituela aitortu du Total taldeko zuzendari den Christophe de Margeriek, gehituz oraindik aste bateko banaketa segurta dezaketela.
Hori ikusiz, bi erabaki hartu ditu gobernuak. Poliziaren laguntzaz hainbat petrolio biltegi desblokeatzen ari dira ostiralaz geroztik. Bestalde, erreserbak erabiltzen eta erregai inportatzen hasi dira.
Baina, aterabide hori ez da hain segurra, kamioilariak ere protestan sartzekoak direlako. Horren alde agertu dira besteak beste Solidaires eta CFDT. «Garraioaren bidez langileak sostenga ditzakegu; beraz, protestan sartuko gara gobernua makurtzeko», sektoreko CFDTko idazkari nagusia den Maxime Dumonten erranetan.
Aukerak
BOZKATUA IZAN AITZINErreforma den bezala utzi. Lege proposamenari inolako aldaketarik ekarri gabe bozka dezake Senatuak.
Erreforma aldatu. Nahiz Legebiltzarrak erreforma irailaren 15ean bozkatu, aldaketak ekartzen ahal zaizkio. Hala nola gehien kritikatuak diren 5. eta 6. artikuluak moldatzeko aukera dauka Frantziako Gobernuak.
Zati batzuk berriz bozkatu. Artikulu batzuk berriro bozkatzea erabaki dezake gobernuak.
BOZKATU ONDOREN
Batzorde Misto Paritarioa. Gobernuak erreformaren irakurketa bakar bat egitea erabaki duenez, zazpi diputatu eta senatariz osatu Batzorde Misto Paritariora jo daiteke, baldin eta artikulu batzuetan bozketa ezberdina bada Asanblea Nazionalean eta Senatuan. Kasu horretan, batzordeak artikuluak moldatuko ditu, baten hautua lehenetsiz edo bien arteko akordioa finkatzen duen proposamena eginez. Hori berriro bozkatu behar da.
Batzar Konstituzionala. Gutxienez 60 parlamentarik Batzar Konstituzionalera jo dezakete konstituzionaltasuna ikertzeko. Oposizioak egingo du.
Erreforma kentzea. Nahiz erreforma bozkatua izan eta honen zilegitasuna baieztatua izan, gerta daiteke horren kentzeko erabakia hartzea gobernuak. Adibidez, 2006an CPE edo Lehen Lan Kontratuarekin protestak jarraiturik, atzera egitea behartuak izan ziren.