Mahastizaintza

Errioxa banatu nahi dutenei mesede egitea leporatu dio sor-markaren kontseiluak Artadiri

Kexu da upategiak ez dizkiolako sor-marka utzi izanaren "benetako arrazoiak" zuzenean azaldu.

Juan Carlos Lopez de la Calle Artadi upategiko jabea upategiaren lehen etiketari begira (1985ekoa). RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko urtarrilaren 4a
08:12
Entzun

Urtea amaitu baino lehen iragarri zuen Arabako Artadi upategiak Errioxako ardoaren sor-marka uzteko erabakia. Erabaki "zaila eta ondo pentsatua" zela argudiatu zuen upategiko jabeak, Juan Carlos Lopez de Lacallek. Sor-marka kontrolatzen duen egiturarekin kexu da Lacalle, arabako ekoizleei ez dizkielako aukera uzten euren ardoak behar bezala bereizteko. "Homogeneizatu egin gara sor-markan, baina beherantz"", haren aburuz.

Errioxako sor-markaren kontseilu araujartzaileak gaur erantzun dio Artadiri, agiri ofizial baten bidez. Upategiko ardoak sor-markatik ezabatzeko tramitea hasi du kontseiluak, eta aurrerantzean Artadikoek ez dute Errioxa izenik eramango, eta kontseiluak ez ditu kontrolatuko edo egiaztatuko. Erabaki "harrigarria" iruditzen zaio kontseiluari, Errioxaren barruan egoteak Artadiren proiektuari "ospea" izaten lagundu ondoren, orain "bat-batean" upategiaren intereserako ez izatea bertan segitzeak.

Kontseiluak ziurtatu du ez dituela erabakiaren "benetako arrazoiak" ezagutzen, Lopez de Lacallek ez dizkiolako zuzenean jakinarazi. Jendaurrean egindako adierazpenak, gainera, ez direla inoiz sor-markari egindak proposamen zehatzetan islatu argudiatu du.

Aukera sor-markari kritika "zorrotzak" egiteko baliatu izanarekin kexu da kontseilua. "Ukaezina da, akatsak akats, sor-markak arrakasta izan duela". Erabaki "pentsatua" dela esateak ez dio balio kontseiluari, ondoren sor-markaren jarduna "laidotzen" denean. "Sor-markaren banaketa posibleak sustatu edo kritika demagogikoak egin nahi dituzten ahots interesatuei" lekua egitea egotzi dio Artadiri, horren haritik.

Kontseilua beti interes ezberdinak bateratzen saiatu dela ziurtatu du, eta "aitzindaria" izan zela sor-markaren eskualdeak adierazteko aukera eskaintzen. "Dena aldatzea posible da, batez ere hobetzeko baldin bada", ziurtatu du oharrean. Hala, adierazi du uneotan ardo bereziak jatorriaren arabera ezberdintzeko proposamenak ari direla ematen kontseiluan. "Harritzekoa da Artadiko arduradunek eztabaida horietan parte-hartu nahi ez izana, edo, gutxienez, emaitzei itxarotea, bere interesa beste helburu batzuk lortzea ez bada, behintzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.