Erronkariko gaztaren Jatorri Izenaren Batzorde arautzaileak araudia aldatzea baimendu zuen atzo, eta espedientea Europako Batzordera igorri du. Arau aldaketak onartu egiten du gazta egiteko esnearen %35 Israeldik datorren assaf ardi arrazarena izatea. Batzorde arautzailearen egoitzaren aurrean moldaketa hori gogor gaitzetsi zuten EHNE sindikatuko artzainek, atzo. «Araudi aldaketa onartezina da, jatorri izenaren izaera bera apurtu egin nahi dutelako», salatu zuen Mikel Altzuart EHNEko zuzendaritzako kideak.
EHNEk «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu die batzorde arautzailearen barruan aldaketa babestu duten hiru eragileei; hots, industriari, UAGN sindikatuari eta Nafarroako Gobernuari. Ignacio Gil EHNEko zuzendaritzako ordezkariaren arabera, industriak berak bultzatu du assaf arrazako ardien esnearen %35 erabili ahal izatea gazta egiteko. Hark azaldu duenez, industriak horretarako erabilitako arrazoia izan da esne gabezia zegoela. «Hori ez da horrela izan, ardi latxa erabiltzen duten ustiategietako ehunka mila litro biltzeari utzi diotelako».
Erronkariko Jatorri Izenarekin lan egiten duten hamar artzainetatik bederatzi ordezkatzen ditu EHNEk, eta UAGN beste sindikatuaren jarrera gaitzetsi egin du Gilek. «Ez dio sektorearen interesei begiratu, abeltzain gutxi batzuen interesei baizik».
Hala ere, batez ere Nafarroako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du Gilek, gobernuak egiaztatu egin beharko lukeelako espedienteak dioena egia den. Haren ustez, batzorde arautzaileak Bruselara igorri duen dokumentua «irregulartasunez eta gezurrez beteta» dago. «Adibidez, esaten dute assaf arrazaren elikaduraren oinarria larreko bazka dela, eta ez da horrela. Ustiapen intentsiboa da, ukuiluan egoten dira urte osoan, eta ez dute inongo zerikusirik ardi latxarekin».
Izan ere, Mikel Altzuartek gogorarazi duenez, jatorri izenaren funtsa da lurrari lotutako artzaintza eredua babestea; hain justu ere, araudi aldaketak kalte egin nahi dio eredu horri. «Hori ikusirik, ezin gara isilik egon, eta segituko dugu defendatzen artzaintza eredu hori».
Lau urteko prozesua
Ignacio Gilek ohartarazi du lau urte iraun duela prozesuak, gehienez bi urte soilik irauten dutenean. «Ulertzen dugu bai Nafarroako Gobernuak bai Espainiako Nekazaritza Ministerioak Bruselan egindako presio politikoarengatik iraun duela prozedurak lau urte».
Oraindik ez da amaitu, ordea. Behin espedientea igorrita, Europako Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta hortik aurrera sei hilabete ditu Europako Batzordeak espedientea aztertzeko. Atzera botatzeko eskaera, berriz, beste estatukide batek egin dezake. EHNEk jakinarazi du araudi aldaketak zuzenean eragiten dien beste herrialdeekin bat egingo duela. «Nahiko aurreratua dugu. Europan, hango arrazen aldeko beste elkarteekin, beste jatorri izenekin, eta beste nekazaritza elkarteekin harremanetan gaude. Uste dugu estatukide batek baino gehiagok aurkeztu dituela atzera botatzeko eskaerak».
Erronkariko gazta lantzeko, assaf arrazako ardien esnea onartu dute
Batzorde arautzaileak onartutako araudi aldaketa gaitzetsi du EHNEk, eta Bruselak atzera botatzea nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu