Errumania izan daiteke defizit publikoa murrizteko neurrien aurpegirik gordinena erakusten duen herrialdea: aurten 150 ospitale publiko itxiko ditu, funtzionarioen soldata %25 murriztu eta pentsioak %15. Murrizketa handiak, berez txikiak diren ordainetan: funtzionarioen batez besteko soldata hilean 500 eurokoa da, eta batez besteko pentsioa 160 eurokoa.
Errumaniak 12.950 milioi euroko mailegu bat hitzartu zuen iaz Europako Batasunarekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) eta Munduko Bankuarekin. Mailegua zatika jasotzen du, defizita murrizteko neurriak hartzearen eta betetzearen truke.
NDFren ikuskatzaileak Bukaresten izan berri dira, eta Errumanian zirela Gobernuak murrizketa gogorrak iragarri ditu, maileguaren 900 milioi euroko zatia jasotzeko: 150 ospitale publiko ixtea, funtzionarioen soldatak %25 murriztea eta pentsioak %15. Neurrien helburua urte amaieran defizit publikoa %6,8koa izatea da.
Gobernuak esan du itxi nahi dituen ospitaleak ez direla eraginkorrak. 150 ospitalerik eta 9.200 oherik gabe utziko ditu osasun zerbitzu txukunen premia duten errumaniarrak. «Astakeria da», esan du Vasile Barbuk, Gaixoak Babesteko Errumaniako Elkarteko presidenteak. Errumaniako osasun zerbitzuen egoera, murrizketarik gabe, txarra baita: «Gaur egun ospitale batzuetan bi gaixo sartzen dituzte ohe berean».
Dirua aurrezteko ahaleginean beste herrialde batzuek Errumaniakoak baino neurri xelebreagoak hartu dituzte. Espainian, esaterako, Barne Ministerioak Trafikoko Guardia Zibilari eskatu dio ahalik eta gutxien patruilatu dezala errepideetan, erregaia aurrezteko. Patruilatu ordez, istripuak gertatzen diren lekuak zain ditzatela. Horrez gain, baita sakelakoaz dei gutxiago egin eta mezu gehiago bidal ditzatela ere.
625.000 auto ofizial Italian
Italian erregaia ez, ibilgailu ofizialak gutxitu nahi dituzte. Bai,behintzat, Renato Brunetta Administrazio Publikoko ministroak. Italiako Gobernuak ez daki herrialdean zenbat auto ofizial dauden, eta errolda egiten hasi da, zenbat diren, norenak diren eta zenbateko gastua eragiten duten jakiteko. Ondoren, autoen kopurua eta gastuak murriztu nahi ditu. Auto ofizialek gidariak ere bai baitituzte.
Kontaketa egina du Italiako Zerga-Ordaintzaileen Elkarteak. Haren esanetan, 625.000 auto ofizial inguru daude herrialdean, Alemanian, Erresuma Batuan eta Frantzian halako hamar. Berez, 1991ko lege baten arabera, ministroek, idazkari nagusiek eta zuzendari nagusi batzuek erabil ditzakete; praktikan, ordea, udaletako karguek ere erabiltzen dituzte.
Errumaniako ospitaleak eta Guardia Zibilaren erregaia
Errumanian 150 ospitale itxiko dituzte, eta Espainiak gutxiago patruilatzeko eskatu dio Guardia Zibilari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu