Banan-banan, Euskal Herriko industriaren atalak beren egoeraren balorazioa ari dira egiten. Atzo, Hegan aeronautikaren klusterrak ohartarazi zuen luzarorako kalteak izan ditzakeela, hegazkin trafikoa ia guztiz geratu delako eta ez duelako asko suspertzeko itxurarik. Gaur, berriz, AFM elkarteari egokitu zaio onartzea makina-erreminta oso egoera zailean dagoela.
Agiri baten bidez, AFMk azaldu du bere sektoreko atalen artean badela aldea. Egoera okerrena makina-erreminta soilarena da, eta hori da haren bazkideen egiteko nagusia. Fabrikazio epe luzeko produktuak egiten dituenez, «nolabaiteko lan kargari eusteko aukera izan dute» makinak egiten dituzten enpresek. Baina iturri hori agortzen ari zaie; enpresetako komertzialek bidaiatzeko aukera ez dutenez, «ia-ia eskari guztia bertan behera geratzen ari da». Kontuan hartu behar da kostu handia dutela makinek, eta bezeroarekin aurrez aurreko bilerak eginez lotu ohi direla kontratuak.
Beste arazo bat da zerbitzu teknikoetako langileak ezin direla atzerrira joan makinak konpontzera, eta horrek diru iturri bat itxi diela makina erremintako enpresei.
Ondorioz, orain egiten ari diren lanak amaitzean egoera asko okertuko dela uste du AFMk. Gainera, «garrantzitsua da ulertzea industria jarduera txikiko eta ziurgabetasun handiko jokalekuak ez direla inbertsioetarako egokiak».
Urteko lehen hiruhilekoan %20 txikitu zaizkie eskariak, eta jaitsiera bizkorragoa izan da martxoan. Apirileko daturik ez dute eman, baina pentsatzekoa da nabarmen okerragoa izango dela.
Beste azpisektoreetan, ez hain gaizki
Egoera ez da hain txarra esku erremintak, ebaketa erremintak eta mekanizatuak egiten dituztenentzat. Fabrikazio aldi motzagoak dituzte makinen aldean, beste salmenta kanal batzuk eta errotazio handiagoak. «Nabarmen txikiagoa da egungo beherakada, eta, orokorrean kaltea larria izan arren, berriz aktibatzean ekipo ondasunek baino apur bat hobeto erantzungo dutela espero da, eta bizkorrago jarraituko diotela industriaren jarduerari».
AFMko kide dira fabrikazio gehigarriak eta 3D inprimatzeak egiten dituzten hainbat enpresa ere. Krisiaren hasieran «eginkizun garrantzitsua bete dute norbera babesteko ekipamenduz hornitu behar izan denean». Baina AFMk azaldu du industrien eskariak «beherakada handia» izan duela azken asteetan.
Klusterrak azaldutakoaren arabera, orain arte sektoreko enpresek eutsi egin diote enpleguari. «Ia-ia langile guztiak mantendu ditugu, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko oso espediente gutxi egin dira —sektoreko langileen %10i baino gutxiagori egin zaie oraingoz, eta ekoizpenarekin lotutako arrazoiengatik, oro har—, eta oraingoz ez da inola ere aurreikusten kaleratzerik egongo denik. Gure langileak zaintzen ditugu, berriz aurrera atera ahal izateko gure aktibo nagusia baitira».
Finantzaketa, guztientzat
Baina AFMk ohartarazi du sektoreak hainbat zailtasun izango dituela hurrengo hilabeteetan, bere gastuen egitura ez delako batere malgua —lan kostuez gain, inbertsio kostu handiak ditu sektoreak—, eta diru sarrerak lortzeko gaitasuna kaltetuta dagoelako. Horregatik, «askotariko laguntzen premia» duela ziurtatu du. Premiazkoena «finantzaketa arina eta nahikoa izatea da, zubi lanak egin ditzan». Gainera, administrazioei eta finantza erakundeei dei egin die finantzaketa enpresa guztietara hel dadin, «eta ez lehenengo deitzen duenera soilik».