Esku hartzeko mehatxua autonomia erkidegoei

Betebeharrei aurre egin ezin dien erkidegoen finantzetan gobernuak esku hartzea logikoa dela uste du Mirandak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak defizitari jarritako muga errespetatu egingo du. Kosta ahala kosta. Baita horretarako autonomia erkidegoak esku hartu behar baditu ere. «Hartutako konpromisoa bete egingo dugu, egoera oso zaila eta murriztu beharreko kopurua handia izanda ere. Inork ez dezala izan dudarik. Besteek gugan konfiantza izatea nahi badugu, emandako hitza betetzeko gai garela erakutsi behar diegu», adierazi zuen atzo Antonio Beteta Administrazio Publikoetako estatu idazkariak.

Jakinarazi zuen hainbat erkidegori bueltan bidali dizkietela beren murrizketa planak, Finantza eta Zerga Politikako Batzordearen maiatzeko bileraren aurretik berrikusteko, «funtsik eta sendotasunik gabeak zirelako». Ez zuen argitu, ordea, zeintzuk diren autonomia erkidego horiek.

Murrizketa plan horiekin erkidegoek 10.000 milioi euro murriztu beharko dute gastu publikoa. Horrez gain, hezkuntzan eta osasunean beste 10.000 milioiko murrizketa egingo du Raxoiren gobernuak.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak herenegun Espainiarako egindako aurreikuspenei indarra kentzen saiatu ziren gobernuko arduradunak. Defizitari jarritako mugak errespetatzeko zailtasunak nabarmendu, eta desbideratzeak iragarri zituen erakunde horrek. Baina emandako hitza betetzeko konpromiso argia helarazten saiatu zen gobernua, aurten BPG barne produktu gordinaren %5,3ko muga eta datorren urtean %3koa errespetatuko dituela berretsita.

Fernando Jimenez Ekonomiako estatu idazkariaren arabera, aurreikuspenak egiterakoan NDFk ez zituen kontuan hartu Espainiako Gobernuak hartutako azken murrizketa neurriak, ezta aurtengo aurrekontuak ere. Hezkuntzako eta osasuneko erreformen garrantzia ere azpimarratu zuen Jimenezek, bi sail horiek direlako autonomia erkidegoen aurrekontuaren zatirik handiena jaten dutenak. Hala eta guztiz ere,erkidegoren batek bere finantza betebeharrei aurre egiteko arazoak balitu, gobernuak haren finantzetan esku hartuko lukeela adierazi zuen. Betetaren hitzetan, «ez diogu kolore politikoari begiratuko, legea betetzeko beharrari baizik, hori dela benetan axola duena».

Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria ez du harritu Espainiako Gobernuaren iragarpenak. Logikoa iruditu zaio betebeharrei aurre egin ezinik dabiltzan erkidegoen kontuak esku hartzeari. «Ezin da onartu Espainia Europaren zaintzapean dagoen bitartean, haren baitako autonomia erkidegoek beren betebeharrak ez betetzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.