Langileen eskubideen alde kalera irteteko eguna da gaurkoa, Maiatzaren Lehena. Aurtengo aldarrikapenetan murrizketak eta langabezia dituzte gehienek hizpide, eta Euskal Herriko hainbat hiritan manifestazioak izaten ari dira goizetik.
Lehenak Baionan eta Maulen irten dira kalera. Baionan LABek 10:00etan egin du agerraldia, eta CFDT, CGT, FSU, Solidaires eta Unsa sindikatuak 11:00etan elkartu dira. Hendaian (intersindikalak 11.00etan Herriko Etxean eta LABek Championen ordu erdi beranduago) eta Maulen ere (intersindikalak 10.30ean eta LABek 11:00etan Gurutze Gorrian) elkarretaratzeak izan dira.
Sindikatuen arabera 4.800 lagun elkartu dira Baionan. Kapitalismoak eragin duen mundu mailako krisialdi ekonomikoari ihardesteko, nazioartean langileen mobilizazioa funtsezkoa dela adierazi dute sindikatuek.
Enpleguak, zerbitzu publikoak, lan kontratuen kalitatea, erretreten bermatzea eta bertze gizarte lorpenen bermea eskatu dute sindikatuek. Aurten ere LABek ezin izan du gainerateko sindikatuekin batera parte hartu manifestazioan.
Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, beteta
ELA sindikatua Bilbon bildu da, Ezinbestez, sindikatua lelopean. 12:00ak aldera abiatu da manifestazioa. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak manifestazioaren aurretik egindako agerraldian esan du sindikatuak langileen tresna bakarra direla egungo egoerari aurre egiteko.
"Banakako irtenbiderik ez, irtenbide kolektiboak behar dira. Murrizketei aurre egiteko, antolatu beharra dago", esan du Muñozek. "Desobedientzia gaur, ez bihar", aldarrikatu du Muñozek.
UGT eta CCOO 12:00etan irten dira kalera. "Lana, duintasuna eta eskubideak" aldarrikatu dituzte. Bi sindikatuak elkarrekin atera dira kalera, eta ohartarazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela. Bilbon Unai Sordo CCOOko EAEko idazkari nagusiak salatu du murrizketak lan harremanen eta gizarte ereduaren "aurrekaririk gabeko erasoa" direla.
LABek, berriz, Lotu borrokari! leloarekin, Donostian manifestazioa egin du, 12:30ean. Euskal Herrian bizitzeko, lan egiteko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Hogei deialditik gora egin ditu sindikatuak, eskualdez eskualde.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak gaurko agerraldian esan du garaia dela argitzeko "Euskal Herriko agenda Raxoiren ostiralek erabakiko duten, edo horren ordez gizarte eragile, eragile politiko eta sindikalek" egingo duten.
"Euskal Herriak gaitasuna du, eragileak ditu eta krisiaren aurrean bere bidea egiteko nahikoa babesa du", esan du Etxaidek. Langileei "etorkizun duin bat" ziurtatuko dien irtenbide "propio eta demokratikoa" defendatu du.