Makroekonomia

Eskulangintzak segitzen du ekonomiatik tiraka

EAEko administrazio publikoen kontsumoak eta hazkundeari egindako ekarpenak gora egin dute urte hasieran.

Zerbitzuek jarraitzen dute enplegua sortzeko sektore nagusia izaten. Irudian, Eroskik Elorrion (Bizkaia) duen plataforma logistikoa. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko maiatzaren 25a
20:49
Entzun

Hazkundeak ez du abiadurarik galdu, eta urte arteko tasan %3,3 handitu da EAEko ekonomia 2016ko lehen hiruhilekoan. Eustatek orain dela hilabete bat argitaratu zuen aurrerapenean baino hamarren bat gehiago da. Bederatzi hilabete daramatza ekonomiak %3ko tasa baten gainetik gora egiten. Hiruhileko batetik besterako kalkulua ez du aldatu estatistika erakundeak; %0,8 izan da, aurreko hiruhilekoan baino %0,1 gehiago.

Kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratu ditu gaur goizean Eustatek. Industriaren ekarpenak indartsu segitzen duela islatzen dute datu eguneratuek. Urte batetik bestera %4,8 igo da bigarren sektorearen ekarpena, energia ere kontuan hartuta. Eskulangintzak urte hasieran izan duen gorakada ere oso adierazgarria da: %1,5 handitu da hiruhileko batetik bestera. Joan den urteko bigarren erdian izandako ahultzeari buelta eman dio eskulangintzari lotutako industriak.

Txanponaren ifrentzua eraikuntza da. Hiruhileko batetik bestera %2,5 egin du behera, eta urte arteko tasan ere negatiboan segitzen du. 2015. urteko hasieran bueltatu zen eraikuntza tasa positiboak izatera, baina azken bederatzi hilabeteetan berriro ere erortzeari ekin dio.

Industriarekin batera, zerbitzuak dira ekonomiaren sostengua. Kasu horretan aipagarria da sektore publikoari lotutako zerbitzuen bultzada. Hezkuntzak, osasunak, gizarte zerbitzuek eta administrazioak BPG barne produktu gordinari egindako ekarpena %2,4 handitu da urte hasieran, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Kontsumoan ere igartzen da administrazioaren gastu hori. Urte arteko tasan erakunde publikoen kontsumoa %2,4 handitu da, eta %7 hiruhileko arteko tasan.

Enplegu sorrera

Kontu makroekonomikoek enplegu sorrera neurtzen dute, lanaldi osoko lanpostu parekidetan. Enplegu sorrera arinak jarraitu du urteko lehen hilabeteetan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, lanpostu kopurua %0,3 egin du gora. 2.300 lanpostu garbi gehiago dira, eta sektore guztietan banatu dira, eraikuntzan izan ezik. Urte batetik bestera lanpostu kopurua %1,9 handitu da. Hau da, 16.800 lanpostu gehiago. Zerbitzuetan %2,3 igo dira, eta industrian %1,2.

Herrialdeei dagokionez, Arabak du BPGaren hazkunde tasarik indartsuena: %3,6, eta %0,9 hiruhilabete batetik bestera. Hazkundea apur bat arinagoa da Bizkaian (%3,3) eta Gipuzkoan (%3,1).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.