Lehen sektorea

Esne ekoizleek hamar zentimoko igoera eskatu diete banaketa enpresei

Baserritarrek traktore eta autoen karabana luzea eginzuten, atzo,EHNE eta ENBA sindikatuek deituta, Lasarteko Urbil merkataritza gunetik Hernaniko Galarretara. Salatu dute kostuen igoera sektorea jaten ari dela, eta esne litroa gutxienez 0,70 zentimotan saltzeko exijitu dute.

xabier martin
2021eko abuztuaren 25a
13:49
Entzun

«Pentsuak jaten gaitu», «Esneak itotzen gaitu», «Banaketa kateek kateatuta gauzkate». Esne ekoizleak garbi eta ozen esan zuten, atzo, negozioari eutsiko badiote zenbait aldaketa behar dituztela sektorean, lehenbailehen; izan ere, erregaien, pentsuen eta, oro har, kostu guztien igoerak irabazi tarte guztia jan die, eta banaketa taldeak ez dira «ondo jokatzen ari» egoera horri aurre egiteko.

Hogeitik gora traktorek eta auto askok parte hartu zuten Esnearen martxan egitasmoan, Lasarteko Urbil merkataritza gunean hasi eta Hernaniko Galarretan bukatu. EHNEko kide Garikoitz Nazabalek hartu zuen hitza han, familia osoen aurrean: «Hau da aurrera begira egin behar dugun lan moldea», esan zien,mobilizazioaren ikusgarritasuna dela-eta denak zorionduz. «Elkar babestu behar dugu, urte askoan prezioak izozturik ditugulako, bai esnean eta bai haragian eta beste produktu batzuetan ere. Kostuak gora eta gora ari diren honetan, zenbait banaketa enpresen aurrean igaro gara, salatzeko asmoz kate horiek salmenta bolumen handia pilatu dutela eta zuzeneko erantzukizuna dutela gure salneurriekin gertatzen ari denarekin».

Nazabalek esplikatu zuen esne ekoizle txikiak «galtzaile» bihurtzen dituztela balio katean, baina banaketa talde handiek «irabazi handiak» dituztela. Katebegirik «ahulena» baserritarra da, EHNE sindikatuaren ustez, eta, egoera horri aurre egiteko, zenbait mobilizazio eta agerraldi egin dituzte EHNEk eta ENBAk; ENBA sindikatuko kide Iñaki Goenagak azaldu zuen solastatu direla banaketa enpresa batzuekin, baina «batak besteari botatzen dio errua». Bost enpresarekin aritu dira kostuen garestitzeak eragin duen egoeraren inguruan: «Badakite gaizki jokatzen ari direla, baina ahal duten guztia egiten ari direla diote, eta bizilagunaren bizkar jartzen dute ardura».

Bostek esan ei diete batek igoz gero denek igo behar dituztela prezioak bezeroentzat. Kontua da ekoizleei ez dietela gehiago pagatzen, eta baserritarrak ari direla beren bizkar hartzen kostuen garestitzea. «Horren ondoren, elkarlana eta batasuna behar dugu gertatzen ari dena ozen salatzeko. Badakigu haiek ere urduri daudela, bai baitakite gaizki ari direla. Oso ondo dakite gure egoera zein den, eta soka tenkatuta daukagu, hortxe. Oraindik ere sokatiran jarraitu beharko dugula ematen du».

Hamar zentimoko igoera

Goenagak esanzuen soka ez dela eten behar, banaketa enpresa handiek ere ez dutela nahi eten, baina baserritarrek sendo eutsi behar diotela, bestela ez baitute lortuko esnearen truke ordaintzen dietena handitzea. Espainiako Ministerioak egindako azterketa bati ere erreparatu dio ENBAko kideak. Erakunde horrek ondorioztatu du esne ekoizleek hamar zentimoko igoera lortu behar dutela beren negozioak bideragarri izan daitezen, eta hori da EHNEren eta ENBAren lehen erreibindikazioa: hamar zentimoko igoera, kostuen garestitzea orekatzeko, «alegia, egungo itolarri hau pasatzeko». Horrek esan nahi du banaketa enpresa handiek ez luketela saldu beharko esne litroa 0,70 zentimotik behera.

Izan ere, kontsumitzaileengana iristen den esnearen %92 industria banaketaren bidez iristen da, eta merkaturatutako esnearen %45 0,60 zentimotik behera saltzen dute. Hau da, hamar zentimo merkeago Espainiako Esnearen Behatokiak zehaztutako gutxieneko prezioaren aldean. Salneurri merke horiek ekoizleak «itotzen ari dira», sindikatuen esanetan. Horregatik, EHNEk eta ENBAk nahi dute katebegi bakoitzak bere ardurari erantzutea, bere mailan, eta esnea gutxieneko salneurri batean sal dezaten, alegia, 0,70 zentimotik gora.

Baina erreibindikazio jakin horretatik harago, nekazariek eta abeltzainek arreta handiagoa nahi dute lehen sektorearentzat, esneaz gain, haragiak eta beste zenbait produktuk kostuen garestitze handia izan baitute, eta «egiturazko» arazo bati buruz ari baitira. Horrela azaldu du Garikoitz Nazabalek. «Xehetasun desberdinekin, baina arazo berberaz ari gara, finean: baserriak bideragarri izan behar duela bidezko prezioekin». Hori dela eta, EHNE eta ENBA sindikatuek eskatu dute EAEko Elikagai Katearen Legea behin betiko onartzeko, «gardentasunez eta orekaz» katebegi guztiei errentagarritasuna emateko eta «gehiegizko jardunbideak galarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.