Esne ekoizleek «udazkenera arte» soilik iraun ahalko dute

Hego Euskal Herrian EHNEk eta Enbak deituak dituzten mobilizazioekin bat egin du UAGNk

joxerra senar
Iruñea
2009ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Larunbatean ezohiko argazkia ikusi zen Donostian Enba eta EHNEren artean eta atzo beste agerraldi historikoa egin zuten Iruñean EHNEk eta UAGNk. Fermin Irigarai EHNEko presidenteak eta Joaquin Iriarte UAGNko presidenteak esnegintzaren egungo egoera «larriak eta eutsiezinak» eraman ditu bi buruzagiok eskutik helduta mobilizazioak batera egitera. Irigaraik ohartarazi du sektorearen prezioen politikan aldaketarik ez bada, esne ekoizleekgehienez «udazkenera arte» iraungo dutela.

Gaur egun, Nafarroako baserritarrei litro bat esne ekoizteak 0,38 euroko kostua eragiten die batez beste; aldiz, esne industriak 0,27 euro ematen dizkie litro baten truke : «Egoera honen aurrean ez dago epitetorik jartzerik; ez dago egoera honi eutsi ahal dion norbanakorik, ezta ekimen publikorik ere», laburbildu du Irigaraik. Sindikatuen arabera, iragan urteko prezioekin alderatuz gero, abeltzainei %27 gutxiago ordaintzen zaie oro har.

Industriaz gain, egoeraren errudun egin dituzte saltoki handiak. Irigarairen aburuz, banatzaile handiek «inolako ardurarik gabe» jokatzen dute, bezeroak erakartzeko «arma gisa» erabiltzen dutelako esnea.

Iriarteren aburuz, berriz, administrazioak krisia konpontzeko esku hartu beharra du: «Egoera honetan administrazioa epaile eta alderdi da, eta krisi honen konponbidean funtzio oso garrantzitsua du».

Urnietan Iparlaten egoitzanEHNEk eta Enbak deituta duten elkarretaratzean parte hartzeko asmoa du UAGNk ere. Uztailaren 28an Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzaren aurrean elkarretaratuko dira, 12:00etan eta hilaren 30ean,berriz, Corte Ingles aurrean.

Iragan asteartean, Espainiako Nekazaritza Ministerioak, esne industriak, banatzaile handiek eta sindikatuek bederatzi puntuko akordio bat lortu zuten, besteak beste, esne ekoizle eta industriaren arteko kontratu homologatuak babesten dituena eta prezioen kalkulurako batez ere Frantziako urteko prezioa kontuan hartzen duena.

Atzo zen berrestekoa akordio hori. UAGNk ohartarazi zuen elkarrizketa horiek «berretsi eta bide onera ailegatu arte» mobilizazioekin jarraituko dutela. EHNEk, berriz, berretsi du abeltzainaren iraupena bermatuko duen gutxieneko prezio bat jaso beharra duela akordio orok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.