Esne kuotak jaisteko eskatu dio Europako Parlamentuak Bruselari

Europako Batzordeak gaur aurkeztuko du sektorea berregituratzeko proposamena

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Esne sektorearen krisiak aurrez aurre jarri ditu Europako instituzioak. Europako Parlamentuko talde guzti-guztiek esne ekoizpenaren kuotak ez desagertzeko eta ekoizpena murrizteko eskatu zioten atzo Europako Batzordeari. Azken horrek, ordea, kuotak orain igotzeko eta urte batzuk barru ezabatzeko asmoei eusteko asmoa du, gaur ofizial egingo duen proposamenean. EHNE eta ENBA deituta, ekoizleek prezio duinak eskatu zituzten atzo, Gasteizen.

Europako abeltzainen ordezkariak Europako Legebiltzarreko Nekazaritza batzordean azaldu ziren atzo, sektoreak bizi duen egoera kezkagarriaren berri emateko. Via Campesina, European Milk Board eta kooperatibetako ordezkariek bat-egin zuten esatean esne ekoizleak kinka larrian daudela, eta premiazko neurriak hartzen ez badira abeltzain askok hondoa joko dutela. Arazoa da, haien esanetan, industriak produkzio kostutik behera pagatzen diela esnea eta, gainera, kontsumitzaileek ez dute onurarik ateratzen. Irtenbide gisa dirulaguntza zuzenak eskatu zituzten batzuek eta ekoizpena mugatzea besteek, hartara industriak pagatzen dien prezioak igoko liratekeelakoan.

Azken eskaera horri heldu zioten eurodiputatuek, aho batez gainera. «Prezioak pixkat igotzen ez badira, gauzak oso itsusi jarriko dira. Kuotak ezinbestekoak dira», ziurtatu zuen Esther Herranz eskuineko europarlamentari espainiarrak. Talde guztien eskaera aintzat hartzeko eskatu zion Jose Bove eurodiputatu ekologista frantziarrak, hala egin ezean, arazo latzak izango direlako: «Hurrengo egunotan Batzordeak iritzia aldatzen ez badu, arazoa handiagoa izango da, esne ekoizleak kalera aterako direlako eta Europa osoan greba egitearekin mehatxu egin dutelako».

Gaur du aukera Bruselak jarreraz aldatzeko, baina joan den astean Efe agentziak aurreratutakoaren arabera, ez du hartarako asmorik. Esne merkatuaren liberalizazioaren alde egingo du Mariann Fischer Boel Nekazaritza komisarioak eta uko egingo dio esnearen prezioak finkatzeko edozein mekanismo ezartzeari. Kuoten inguruan ere ez du atzera egin nahi: behin-behinean igo egin nahi ditu eta 2015ean desagertarazi.

Mobilizazio bateratuak

Esne kuoten desagertzeak eta prezioen jaitsierak batu egin ditu Hego Euskal Herriko abeltzainak. Atzo egin zuten lehen protestaldi bateratua EHNEk eta Enbak: ehunka abeltzain -500 antolatzaileen arabera- manifes- tazioa egin zuten Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkariaren egoitzaraino. Han, beraien bost eskaera nagusiak -ondoko taulan-biltzen dituen idatzia utzi zuten.

Bihar, berriz, traktorada egingo dute Hernaniko Galarretatik eta Tolosatik Iparlatek Urnietan duen lantegira arte. EHNEri eta Enbari batuko zaizkio Nafarroako UAGNko ordezkariak ere.



Bost eskaera

Kanpoko esnea kontrolatzea. Industriak eta banatzaileek esnea ekoizpen kostutik behera inportatzen jarraitzea eragotzi nahi dute EHNEk eta Enbak.

Prezioen begiratokia. Denen mesederako ezartzea prezioak: produkzio, ontziratze eta banaketa kostuak eta eragile bakoitzaren irabazia kontuan hartuta.

Labelak aldatzea. Esnearen «benetako» osaera, jatorria, ontziratze lekua eta ekoizleari pagatutakoa zehazten duten etiketak nahi dituzte.

Ekoizpen kuotei eustea. Europako Batasuneko kuota sistema bertan behera ez uztea, eta herrialde bakoitzaren kontsumora egokitzea.

Bertako esnearen kontsumoa bultzatzea. Ekoizleek, industriak, banatzaileek eta administrazioek lan bateratua egitea esne «autoktonoaren» kontsumoa sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.