ESNEAREN GREBA. HIRUGARREN ASTEAREN HASIERA. Esnea merke, laborariak mindurik

Behi-esne ekoizleen greba hirugarren astean sartuko da gaur; sektorea hil edo biziko egoeran dago, laborariek ez dutelako lortzen ekoizpen gastuak estaltzea salmentekin

ENEKO BIDEGAIN
Baiona
2009ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hirugarren astea hasiko dute gaur esne grebarekin. Baionako suprefetura aitzinean bildu ziren atzo Ipar Euskal Herriko behi-esne ekoizleak. Esnea doan banatu zuten, eta gainerakoa karrikara bota. Milaka litro. Laborariak 2.500na litroko lau kamioirekin agertu ziren, horietarik bat greban direnen esnearekin betea. Beste hirurak greban ez zirenen esnearekin beteak ziren. ELBko kideek bidea itxi zieten, eta Baionara ekarrarazi.

Horrelako elkarretaratzeen beharra sentitzen dute greban dauden behi-esne ekoizleek, aitzina jarraitzeko kemena ukan dezaten. «Beti motibatuak gara; anitz segitzeko prest dira, eta anitz akituak, jendea aspertzen hasten da», ohartarazi du Mizel Etxeberri ELBko kide eta Aiherrako (Baxenabarre) behi-esne ekoizleak. «Ez badute zerbait egiten, jendea kexatzen hasiko da, eta egoera ez da kontrolagarria izanen. Ez dakigu nola erreakzionatuko duten, baina ez badute ezer lortzen, ez dute beste aukerarik ikusiko».

Behi-esne ekoizleak etsituak dira. Bi astez, diru anitz galdu dute. «Hautu bat da, eta gure buruan argi zen edozein gisaz orain arte bezala segitu izan bagenu ere urte bukaeran alimaleko zorrekin geldituko ginela». Behi-esne ekoizleak erreka jotzeko heinean dira, azken hilabeteetako prezioak direla eta. 26 zentimo ordaintzen diete esne litroko. Horrekin ez dira heltzen gastuei aurre egitera. «Gure behiak bazkatzen ditugularik, dirua galtzen dugu».

Olivier Doihenart Arbonako (Lapurdi) laboraria ahal bezain inbertsio gutxi egiten ahalegintzen da. «Ez dut dirurik galtzen, baina SMICa baino gutxiago irabazten dugu». Beste laborari batzuek behi batzuk saltzen dituzte, diru galerei aurre egiteko. «Baina egoera hori sobera luzatzen bada, hilabete guziz bospasei behi saldu behar badira burua uretik ateratzeko, ez du luzaz iraunen», dio Etxeberrik. Behien ondotik, lur batzuk saltzea gertatuko dela ere beldur da Etxeberri. «Borrokatzen gara hori ez dadin horrela gerta. Laborarien helburua ez da bere lurrak saltzea. Baina, bankua egun guziz gainean delarik, ezin da bertzerik egin».

Hil edo biziko egoeran daude laborariak. Doihenartek berak azken urteetan bere herriko bederatzi behi-esne ekoizleetatik lau desagertzen ikusi ditu. Sektore oso bat desager daiteke. «Tematzen baldin badira, desagertuko gara», ohartarazi du Etxeberrik. Jarraituko duten esne ekoizleak ere ez dira luzaz egonen. Ekoizleen erdiak desagertzen badira, industriek esne ekoizpena deslokalizatuko dute, eta gelditzen diren esne ekoizleek leher eginen dute. Denen interesa da borroka hori irabaztea».

Baita kontsumitzaileena ere, Etxeberriren ustez. «Kontsumitzaileek kalitatea nahi dute, gero eta gehiago. Frantziako ekoizpenekin, kalitatea ukanen dute, arau zorrotzak errespetatu behar baitira. Baina produkzio osoa desagertzen bada, eta esnea bertze herrialde batetik ekartzen badute, ez dute kalitatearen berme bera ukanen».

Kontsumitzaileen sostengua jasotzen ari dira. Esnearen banatzera joaten direnean, kontsumitzaileekin mintzatzen dira. «Gure kezkak ongi ulertzen dituzte». Batzuek dirua ere ematen dute, elkartasunez. «Zinez plazer egiten du». Duela zenbait egun Baionako ZUP auzoan izan ziren. «Bi mila litro eraman genituen. Gogotik hartu zuten esnea; ezin ziguten dirurik eman, haien egoera gurea baino anitzez txarragoa baita».

Esnea botatzearen pena

Nahiago lukete azken egunetan ekoizten duten esne guztia herritarrei emanen baliete. Baina orain arte ez da nahiko hartzaile hurbildu, egunero milaka litro ekoizten baitituzte. Mizel Etxeberrik berak egunean 700 litro biltzen ditu. Ematen ez dutena botatzen dute. «Laborari batzuek erranen dute ez dutela fitsik sentitzen esnea botaz, egoera zertan den ikusiz. Baina gehienentzat sufrimendu handi bat da esnea botatzea». Gauza bera dio Doihenartek ere. «Bihotzean ximiko bat egiten du».

«Biziki zaila da egun guztian behiekin egin duzun lanaren emaitza hola botatzea», gehitu du Etxeberrik. «Memento batez, botere publikoek zure burua lurra baino apalago ezartzen dutela iruditzen zaizu. Kaka batentzat hartzen gaituzte».

Hori sentitzen dute esne litroa 26 zentimotan erosten dietenean eta saltegietan euroa baino garestiago saltzen dutela ikustean. «Jakinez esnegaina kentzen dutela, eta esnegain hori erabiltzen dutela jogurtak edo gurina ekoizteko, sekulako etekinak ateratzen dituzte». Laborariek ez dute eskatzen saltegiko prezioen igotzea, baizik eta industriek eta esnetegiek diru gutxiago hartzea.

«Esnetegiek diote supermerkatuek egiten dituztela marjin handiak. Gezurra da», argitu du Doihenartek. Egunero ekoizten dituen 500 litroetatik zati bat supermerkatuetan saltzen du, 75 edo 80 zentimotan. «Supermerkatuek ez dute mozkinen tarte handirik egiten, euroaren azpitik saltzen dute litro hori».

Esnetegiek esnea prezio «zuzenean» ordaindu arte ez dute amore eman nahi laborariek. «Sobera esne bota dugu, orain deus gabe gelditzeko», adierazi zuen atzo Mixel Berhokoirigoin laborari eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakariak. Nahiz eta diru laguntza batzuk iragarri, «epe motzerako laguntza ona izanik ere, luzerako ez diote gure eskaerari erantzuten», abisatu zuen

Azken egunetan gauzak mugitzen ari direla uste du, hala ere. «Ministerioetan, Europako Batzordean eta industrietan egunero badira bilkurak. Ez dugu gabeko ilusiorik sortu behar, baina konfiantza eman behar dugu. Mugimendua azkar da».

Produkzioa mugatu arte eta kuotei eustea lortu arte jarraitu nahi dute horrela. «Dagoen eskaeraren arabera produzitu behar da», dio Etxeberrik. Hori lortu ezean, esnea baino lehen minduko dira laborariak.



Fischer Boel laborantza komisarioak kargua utziko du

Mariann Fischer Boel Europako Batzordeko laborantza arduradunak kargua utziko du. Hala ere, ez du espero bere ondotik etorriko denak norabidea aldatuko duenik. 2015ean kuotak desagertu behar direla berretsi zuen atzo, «kuotak ez direlako uste dugun bezain lagun onak ekoizleentzat».





150

FDSEA utzi dutenak. Esne greba hasi denetik, Ipar Euskal Herriko FDSEAko hainbat kidek beren sindikatuko kide izateari uko egiten diotela jakinarazi dute, FDSEAk ez duelako grebarekin bat egin. Beren sindikatuko txartela jendaurrean urratu dute.





%80

Jarraipena. Ipar Euskal Herriko behi-esne ekoizleen %80 greban daudela dio ELBk. Orotara 450 bat ekoizle daude, duela bi urte baino 30 bat gutxiago. Azken egunetan, gero eta gehiago dira esne grebarekin bat egin duten behi-esne ekoizleak.





Esnea nola erabili?

Esne gordina hozkailuan atxikiz, esne gaina ateratzen da, eta hori esne gain gisa erabil daiteke edo gurina egin daiteke. Esne horrek saltegietan saltzen den esne esterilizatuak galdu dituen bitamina guztiak dauzka. Bestetik, aholkatzen dute laborariek ematen duten esne gordina egostea edan aitzin edo horrekin jogurtak egin aitzin.





Europako Batasunean 134 milioi tona behi esne bildu zituzten 2008an. Urte guziez, gero eta gehiago.

Milaka milioi dolarreko etekinak

E. Bidegain. Baiona

Herritar edo kontsumitzaile gehienek egunero daukate begien aurrean behi esnearen ekonomia. Supermerkatutik hasi eta etxeko hozkailuraino. Edateko esnea, gasnak, jogurtak, gurina, esne gaina, esne kontzentratua eta abar. Behi esnearen industriak ikaragarriko eragina eta hedadura du, kopuru astronomikoak mugitzen ditu, bai litrotan, bai dolarretan edo eurotan. Europan, laborariei litroa 0,26 eurotan erosten badiete eta saltegian 125 gramoko jogurt poto bat 0,5 eurotan erosten bada edo esne litro bat euro bat edo gehiagotan, horren erdian dauden industriek etekin handiak ateratzen dituztela ondoriozta daiteke.

Eta kopuruak ez dira txikiak. Gutxi gorabehera, mundu osoan 544 milioi tona esne ekoizten da urtean azkenaldian. Horien laurdenak Europako Batasunean ekoizten dira.

Esne industria handienek milaka milioi euroren salmentak egiten dituzte urtean. Nestle enpresa da handiena, eta 2006an 18.600 milioi dolarren salmentak egin zituen, Lactalisek 10.400 milioi dolarrenak, eta Danonek 10.000 milioi dolarrenak. Munduko hamabi enpresa nagusien artean, 103.000 milioi dolarren esnea saldu zuten.

Esportazio gutxi

Baina salmentak, gehienetan, estatuen edo estatu multzoen artean egiten dira, Europako Batasunaren artean adibidez. «Horren arrazoia da esne freskoa nekez kontserbatzen dela distantzia handiak egin ahal izateko, eta garraio gastuak garestiegiak direla. Beraz, eskualde mailako trukaketak izaten dira gehienetan», Vincent Chatellier ekonomialariaren arabera.

Esne mozkinen %7 baizik ez da erabiltzen munduko merkatuko trukaketetarako. Gasnak, esne hautsa eta gurina dira esportatzen direnak. Ozeania da gehien esportatzen duena (%40), eta horren baitan Zeelanda Berria bereziki. Nazioarteko joan-jinen %28 Zeelanda Berritik abiatzen baitira, Vincent Chatellierrek azaldu duenez. Europako Batasuna da bigarren, trukaketa guztien %33rekin.

Europako Batasuna da munduko behi-esne ekoizlerik handiena, urtean 135 milioi bat litrorekin. Urtero bizpahiru milioi litro gehiago ekoizten ditu Europak. Baina, behi esnearen ekoizpenak gora egiten badu ere, Europan ekoizle kopurua anitz apaldu da. Ekoizpena urtean %2 igotzen da, baina ekoizle kopurua %6 apaltzen da.

Hala ere, ez da Europa esne ekoizpena gehien igotzen duen eremua. 2001 eta 2006 artean, mundu osoan 64 milioi tona igo da produkzioa, horietatik 22 milioi Ekialde Urrunean eta 17 milioi Asia hegoaldean. Nahiz eta esne gehiago ekoizten ari diren gune horietan kontsumoa ere goratzen ari dela dio Chatellierrek, populazioa goiti ari baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.