Espainia erreskatatuko duen EBren funtsa doan finantzatzen ari da

EBZren eskaerari muzin egin diote euroguneko buruek, eta aldaketarik gabe onartuko dute bankuen erreskatea, etzi

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Aurretik Alemaniak, Frantziak edo Europa iparraldeko beste herrialde batzuek egin bezala, EFSF euroguneko behin-behineko funtsak ere interesa jasoko du dirua eskatzeagatik. Atzo, 1.488 milioi euro bildu zituen merkatuan, eta interesa berak pagatu beharrean, dirua utzi diotenek %0,0113 gehiago ordainduko diote sei hilabete barru. Funtsean, horrek esan nahi du inbertsiogileek nahiago dutela diru pixka bat galdu Espainiaren edo Italiaren zorrarekin, arrisku bat hartu baino.

Dirua egin nahi dutenek, berez, negozio ona egin dezakete Italiaren eta Espainiaren zorra erosita, oso interes handiak pagatzen jarraitzen dutelako. Atzo, Espainiako Altxorrak 3.560 milioi euro jaso zituen merkatuetatik, hamabi eta hemezortzi hilabete barru itzuli beharreko letren bidez. Aurreko enkantea baino nabarmen hobeto atera zitzaion: %3,99ko interesa pagatuko du urtebete barru itzuli beharreko 2.599 milioiren truke —%5,2 ekainean—, eta %4,35ekoa, berriz, urte eta erdi barru itzuliko dituen 961 milioiren truke —%4,35 ekainean—, hau da, hilabete eskasean %20 inguru jaitsi ditu finantzaketaren kostuak.

Espainiak erronka handiagoa du bihar, epe luzeagoko zorra jaulki behar baitu. Zehazki, gutxienez 2.000 milioi eta gutxienez 3.000 milioi bildu nahi ditu, eta diru horren gehientsuena 2017an eta 2019an itzuli beharrekoa. Aurreko enkanteetan interes handiagoa eskaini behar izan du erosleak erakartzeko.

Lortzen duen dirua bere burua finantzatzeko erabiliko du Espainiak, bankuak salbatzeko funtsak euroaren eremuak jarriko dituelako. Etzi onartuko dute erreskate hori euroguneko minis- troek, bizkor eta telekonferentzia baten bidez. Formalismo hutsa izango dela iragarri du Europako Batzordeak, joan den astean erabakitakoa hitzez hitz berretsiko dutelako. Parlamentu batzuek jada has dute erreskatea onartzeko prozedura eta, hortaz, ezerezean geratu dira EBZ Europako Banku Zentralaren proposamenak. EBZk nahi zuen bankuen kalitate handiko zorra zuten inbertsiogileek beren inbertsioaren zati baten galera onartzea. Ministroek, ordea, ez dute gaia eztabaidatu nahi izan, Greziari onartutako zorraren barkamena kasu bakana izan zela azaldu nahi izan dute horrela.

Akordioa Finlandiarekin

Erreskate horrek baldintza gogorrak ezarriko dizkio Espainiako finantza sistemari. Kapital eskaria handituko diete, eta berregituraketa planak aurkeztu beharko dizkiete Europako gainbegiratzaileei. Hark erabakiko du zein bankuk egiten duen aurrera eta zeinek ez. Zeharka izan bada ere, azken egunotan hartutako neurriak ere —BEZa igotzea, funtzionarioei sariak kentzea, langabezia saria murriztea...—erreskatearen ondorio dira.

Finlandiak, gainera, baldintza gehigarriak jarri dizkio Espainiari, hari utzitako dirua bueltan jasoko duela ziurtatze aldera. Atzo lortutako akordioaren arabera, Espainiak Gordailuen Bermerako Funtseko 770 milioi eurorekin bermatuko du Finlandiaren mailegu zatia. Diru horrek Finlandiaren aportazioaren %40 estaliko du. Haren maileguak iritsi ahala sartuko du Madrilek bermea Finlandiaren kontu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.