Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du "atsekabe handia" sortu diola Argentinak Repsol petrolio konpainiaren YPF adarraren akzioen %51 hartzea, eta uste du erabaki horrek "justifikaziorik eta arrazoi ekonomikorik" ez duela. "Argentinarekin beti izandako harreman onak hautsi egin dira erabaki honen ondorioz", esan du Raxoik, Mexikon. Bere gobernuak Repsolen interesak defendituko dituela azaldu du.
Cristina Fernandez Argentinako presidenteak atzo iragarri zuen YPF petrolio enpresa nazionalizatuko duela. Gaur Senatuan hasiko dira nazionalizazioaren inguruko proposamena eztabaidatzen.
Repsoli Espainiako petrolio konpainiak salatu du erabaki hori "legez kontrakoa eta larriki baztertzailea" dela, eta iragarri du neurriak hartuko dituela. Antonio Brufau Repsoleko presidenteak gaur emandako prentsaurrekoan esan du desjabetzea "Argentinak gizartean duen krisia eta krisi ekonomikoa estaltzeko" modua dela. Auzitara eramango dute Argentinako Gobernua, eta Brufauk gogorarazi du YPFk 18.300 milioi dolarreko balioa duela.
CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari atzo igorritako ohar batean Repsolek azaltzen du erabaki horrekin "Argentinako Estatuak pribatizazioaren inguruan hartutako konpromisoak ez dituela betetzen", eta "segurtasun juridikoaren oinarrizko printzipioak eta nazioarteko diru ezarleen konfiantza urratu" egiten dituela. Hala ere, ohartarazi du desjabetzeak ez duela garapenerako bere planetan eraginik izango.
Akzioen jaitsiera
Repsol enpresako akzioak %7,04 jaitsi dira gaur goizean, 16,30 eurotara. Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroa Argentinako enbaxadore Carlos Bettinirekin bilduko da gaur, desjabetzeaz hitz egiteko.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak desjabetzearen gaineko "ardura" agertu du gaur, eta bi aldeen onespena duten akordioen aldeko apustuaren alde egin du. "Lehentasunezko gai" gisa hartuko duela gaineratu du. Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko bozeramaileak berretsi du desjabetzea "legez kanpokoa" dela, eta iragarri du apirilaren 19an eta 20an Europako Batasunaren eta Argentinaren artean egitekoa zuten bilera bertan behera utzi duela.
Jose Maria Vazquez Eguskiza Cebek Bizkaiko patronaleko presidenteak gaur Cope irratian emandako elkarrizketan ohartarazi du Repsolen gertatzen denak eragina izan dezakeela Petronorrengan, eta "arduratzeko modukoa" dela esan du. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur esan du Jaurlaritzatik Repsoleko ordezkariekin hitz egin dutela, babesa eskaintzeko eta haien iritzia jakiteko.
Tasazio Auzitegiaren zain
Fernandezek agerraldia egin eta minutu gutxira gauzatu zen nazionalizazioa. Plangintza Ministerioko funtzionarioak YPFren bulegoetara heldu ziren. Tasazio Auzitegiak erabaki beharko du orain Argentinak zenbat pagatu behar dion Repsoli bere gain hartuko duen zatiaren truke.
Argentinako presidenteak atzo azaldu zuenez, Repsoli 16.450 milioi dolarren irabaziak eman dizkio YPFk 1999. eta 2011. urteen artean, eta horietatik 13.246 milioi banatu zituen akziodunen artean. Tarte horretan 8.813 milioiren inbertsioak egin ditu YPFk.